Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Andres de Regil hitzordua eguraldi gaiztoak baldintzatuta

Etapa bat jokatu zen soilik, hilaren 10ekoa. Lide Leibar-Igone Campos gailendu ziren nesketan, eta Manuel Merillas-Wilfrid Jumere, mutiletan. Euskal Herriko Taldekako Txapelketarako baliagarria izan zen. Irabazleak: Leibar-Campos eta Igor Alzelai-Iñigo Lariz.

Andres de Regil Zeharkaldiak ez zuen batere zorte onik izan. Eguraldi gaiztoak (batez ere haizete bortitzek) mendiko eskiko proba beteranoena erabat baldintzatu zuen. Ohi den legez, Europako Mendietan jokatzen da, eta, beste ekitaldi batzuetan ez bezala, etapa bat soilik antolatu zuten. Joan den martxoaren 10ean izan zen.

Eta lehia horretan sasoikoenak honako taldeak izan ziren: Igone Campos-Lide Leibar, nesketan, eta Manuel Merillas-Wildrid Jumere, mutiletan.

Bestalde, aurreratu behar dugu Euskal Herriko Taldekako Txapelketarako baliagarria izan zela (Euskadiko Koparen azken proba ere izan zen). Txapela Campos-Leibar eta Igor Alzelai-Iñigo Lariz bikoek jantzi zuten.

Jokatutako lehia bakarrari dagokionez, esan behar dugu antolatzaileak, eskiatzaileen segurtasunagatik, ibilbidea aldatzera behartuta egon zirela. Haizete indartsuen ondorioz, Fuente De teleferikoa itxita egon zen.

Horren ondorioz, ingurumari hartako alderdi babestuenetan aritu ziren nor baino nor. Hain zuzen ere, Alivara eta Las Nieves ermitara igo eta Horcadinara iritsi ziren. Ibilbide hori bitan egin zuten.

Emakumezkoen mailan, bost taldek parte hartu zuten soilik. Horietako bat euskal ordezkariez osatuta zegoen: Campos eta Leibar. Eta hain zuzen ere, hauek izan ziren irabazleak 2:18:05 denborarekin.

Gizonezkoetan, bestalde, lehen bi sailkatuen artean zazpi segundoko aldea baino ez zen egon. Azkenean, Merillas eta Jumere izan ziren garaileak. Bosgarren postuan, irabazlearengandik bost minutura, lehen euskal taldea helmugaratu zen: Alzelai-Lariz.

Hitzordu honi dagokionez, azkenik, aipatu behar dugu Merillasek Andres de Regil Kopa irabazi zuela. Antolatzaileek sari hori probak dituen balioak hobekien islatzen dituen eskiatzaileari ematen diote.

Aipatu dugu, halaber, hitzordu hau Euskal Herriko Taldekako Txapelketarako baliagarria izan zela. Aurreratu dugu, seniorretan, Campos-Leibar eta Alzelai-Lariz nagusitu zirela. Beteranoetan, Mikel Nabarrok eta Juanjo Goikoetxeak txapela jantzi zuten. Eta juniorretan, Aitor Ajuriak eta Ibai Otaegik.

Era berean, Euskal Herriko Kopa bukatu da, eta onenak honakoa izan dira: Janire Agirre eta Iñaki Mendizabal (promesak), Nerea Garcia eta Ajuria (juniorrak), Campos eta Lariz (seniorrak), eta Izaskun Zubizarreta eta Alzelai (beteranoak).

Espainiako Kopa

Euskal Herriko Kopa bezala, Espainiakoa ere amaitu da. Denera, lau proba izan ditu: bi banakako eta beste bi bertikal.

Lehiaketa indibidualari dagokionez, euskal ordezkari gutxik hartu dute parte. Sailkapenetan bi aipamen egin behar ditugu soilik; biak ala biak kadeteen mailakoak gainera. Lucal Olivarrek hirugarren postua sinatu du azkenean, eta Rita Jimenezek laugarrena.

Bertikaletan, berriz, seniorretan, Maite Maiorak proba bakar batean hartu zuen parte, baita hura irabazi ere; laugarrena izan da. Juniorretan, Diego Mina bederatzigarren postuan sailkatu da.

Kadeteetan, Jimenezek argi eta garbi utzi du indartsuena izan dela; izan ere, bi lehiak irabazi ditu. Horrenbestez, Espainiako Kopa berak irabazi du. Ane Urrutia bigarren sailkatua izan da. Eta Olivarrek brontzea eskuratu du.

Overall izeneko sailkapena ere egin da. Banakako zein bertikaletako proben puntu guztiak batu ondoren, aipaturiko sailkapen hori honela geratu da: seniorretan, Maiora (proba batekin soilik) zazpigarren postuan sailkatu da. Eta juniorretan, Mina hamahirugarrenean.

Kadeteetan, azkenik, Jimenezek berriro ere lehen postua lortu du, eta Urrutiak zein Olivarrek laugarrenak. Jimenezek, beraz, bi urre lortu ditu.