Jon ORMAZABAL
EMAKUME MASTER CUP

Katedralak merezi du halako ahaleginik: 1.051 pilotakada finalean sartu ahal izateko

Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek euren txapela defendatuko dute Astelenan Patri Espinarren eta Nerea Arrietaren aurka datorren igandean.

Igandekoa zita handia izango da. Pilotaren tenpluetako batean jokatuko da lehen aldiz Emakume Master Cup txapelketaren finala eta parte-hartzaileek atzo, Oñatin, euren esku zegoen guztia jarri zuten, Astelenan egon ahal izateko. Promozioko bi finalerdiak tanto bakarraren aldeaz erabaki ziren eta iazko txapeldunek, euren txapelaren defentsa egin ahal izateko, erruz egin behar izan zuten lan, Larrarteren eta Maider Mendizabalen aurkako partidan 1.051 pilotakada gurutzatu behar izan baitzituzten 18ra heltzeko.

Jakina zen partida luzatu eta, batez ere, Maider Mendizabal nekatu eta aspertzea zela Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek erabiliko zuten taktika eta halaxe egin zuten, baina inork gutxik espero zuen partidak horren luze joko zuenik. Are gutxiago Miren Larrarte gazteak eskuinean arazoren bat bazuela nabaritu zenean, baina emakumezkoen esku pilota horren bizkor hazten ari den honetan, errekorrerako bidea ere eman zuen atzoko elite mailako bigarren finalerdiak, inoiz ez baitzen halako partida luzerik ikusi. Garai batean, gizonezkoen binakako lehiatan ez zen hain harritzekoa mila pilotakadak gainditzea, baina 22rako partidetan eta ez, atzo bezala, 18rakoetan.

Gauza da, Astelenan egon nahi horrekin, Maider Mendizabalek eutsi egin ziola tantoa azkar bukatzeko izaten duen irrika horri eta ez ziola muzin egin bizkaitarrek aurkeztutako partidaren gidoiari. Gainera, planteamendu horrek lehia hasieran alde murritz batzuk ere eman zizkien gipuzkoarrei, 4-6 eta 7-9 ere hurreratu zirelarik.

Hala ere, eustea ez zen nahikoa izan. Partida azken aldiz bederatzina berdindu ostean, lehia gogortu ahala, Anoetako pilotaria nekatuz joan zen eta gogoz kontra izan bazen ere, amore ematen amaitu zuten, historiarako partida bat utziz.

Patri Espinar, indartsu

Iazko finalean izan zuten Arrizabalaga-Etxanizek Maider Mendizabal aurkari, eta aurten emakumezkoen pilotan erreferente den beste emakume bat izango dute parean, Patri Espinar, usansolotarra, hain zuzen ere. Eskuko mina gaindituta, grina bereziz irten zen egun Hernanin bizi den pilotaria eta bera izan zen elite mailako beste finalerdiaren protagonista nagusia. Eneritz Arrietaren, azken Promozioko txapelketako txapeldunaren, laguntzaz, bikoak 18-6 irabazi zien Amaia Araiztegiri eta Maddi Mendizabali.

Espinarrek ere oso argi zituen pilotalekuan praktikan jarri beharreko ideiak. Bazekien Kolonbiako One Wall-eko Mundialean lagun izan zuen Amaia Araiztegi gainetik pasa eta jokoa Mendizabali kargatu behar ziola eta halaxe egin zuen. Honek erasora pasatzeko bidea eman zion eta errematean ere asko asmatu zuenez, uste baino errazago lortu zuten finalerako txartela.

Promozio mailan, Oihana Orbegozok eta Alaitz Badiolak Amaia Vicarioren eta Ainhoa Urienen aurka jokatuko dute finala, Maddi Unanue-Naroa Agirreri eta Nagore Aramendi-Oihana Unanueri 18-17 irabazita. Emaitzek argi uzten dutenez, irabazleek hemen ere erruz egin behar izan zuten lan eta final ederrak espero dira.