J.L.
Berezkoak

Waltarik eta Gixandutek txapela lortzeko prest daudela erakutsi dute

Waltarik eta Gixandutek Binakako Txapelketa irabazteko hautagai sendoak direla erakutsi dute, atzo Larralderi eta Iturberi 40-30 irabazi ostean. Atzokoarekin bigarren garaipena dute Binakako Txapelketan, eta beste partida bat irabazita, finalerdietako txartela lortuko lukete.

Beste aldean daude Larralde eta Iturbe, jokatutako bi neurketak galdu egin baitituzte. Buruz Burukoan biak txapeldunak izan ziren, bata Lehen Mailakoan, eta bestea Bigarren Mailakoan, baina aurtengo Binakakoan gauzak ez doazkie ondo.

Atzo Waltari eta Gixandut oso ongi aritu ziren. Berriro ere Gixandut izan zen onena, atzean erabat aginduz, eta aurrean Waltarik ez zuen barkatu.

Lehen Mailako Txapelketako beste partida ikusteko ere bazegoen gogoa, denek itxaroten baitzuten Ducassouren itzulera, baina ez da izan espero bezalakoa. Berak eta Intxauspek 40 eta 15 galdu zuten Etxegarairen eta Bilbaoren aurka. 

Ducassouk azkeneko partida Superprestigioko finalean jokatu zuen, eta orduan txapela lortu zuen, baina min ere hartu zuen, eta Buruz Burukoa jokatu gabe geratu zen. Binakakoan itzuli da kantxetara, baina garbi ikusi zen ez zegoela onenean.

Etxegarai eta Bilbao jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara, eta berehala hasi ziren zuloa egiten. Atzean Bilbao jaun eta jabe izan zen, eta garbi ikusi zen Ducassouk oraindik ez duela bere jokoa. Aurrean ere Etxegaraik agindu zuen, eta Intxauspe beti mendean izan zuen. Amaieran garaipena lortzeaz gain, alde handia ere lortu zuten markagailuan.

Intxauspek eta Ducassouk, berriz, galtzeaz gain, alde handiarekin galdu zuten, eta berehala behar dute garaipena. Hala ere, eurentzat lehen partida izan zen, eta hobetzeko tartea izango dute, nahiz eta hutsik egiteko aukerarik ez duten izango, finalerdiak jokatzeko aukerak izan nahi baldin badituzte.

Bigarren Mailakoan, Biellek eta Palomesek, lan asko egin ostean, 40-37 irabazi zieten Elgarti eta Cubiati, eta Monzek eta Lazkanok ere 40-37 irabazi zieten Lanberti eta Migueltorenari.