Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Biodemokraziaren jukutria, Asel Luzarragaren optikatik

Bilbo, 2044. urtea. Sakelako telefonoz egindako bozketa bidez disko bat merkatutik kendu behar den edo ez, langileek greba eskubiderik ba ote duten edota heriotza baten ustezko erruduna espetxeratu behar den ala ez erabaki dezake gizarteak. Edo hori uste du bederen. Biodemokraziaren itzalari neurria hartu dio Asel Luzarragak «Bioklik» eleberrian.

Zientzia-fikziozko eleberrigintzan errotua dago gizarte garaikidearen analisia abiapuntu hartuta etorkizuna irudikatzeko tradizioa. Kritika sozialerako eta gizarte gisa hartu nahi den norabideaz hausnartzeko bide hori urratu zuten, besteren artean, Orwellek (“1984”) eta Huxleyk (“Bai mundu berria”), eta bi horiek inspirazio iturri izan dituela ezkutatu gabe aurkeztu berri du Asel Luzarragak “Bioklik”, bere azken eleberria. «Agian horregatik hautatu dut 2044. urtea», azaldu du barre artean, Orwelen eleberriari erreferentzia eginez.

“Bioblik”-en, XXI. mendeko Bilbora garamatza idazle bilbotar bermeotartuak. Teknologiak goia jotako gizartea pantaila erraldoi eta sakelako telefonoen mende bizi da, baina aske izatearen sentipena da nagusi euren artean. Biodemokrazian bizi dira, non sakelakoetan klikatuz erabaki dezaketen euren bizimodua zein gizartearena gidatzen duten pautak: erabaki dezakete gustuko ez duten disko bat merkatutik kendu behar dela, enpresa jakin bateko langileei grebarako eskubidea ukatzea edota delitu bat egozten zaion pertsona erruduna dela, eta, beraz, espetxeratua izan behar duela. Hala gertatu zaio Txetxu Urrutiri, bost senideko familiako aitari. «Ezbehar bat gertatu da, alaba gazteena ertzain-etxean da eta hara doaz denak. Ama bakarrik geratu da etxean eta, itzuli direnean, itota, hilda aurkitu dute. Aita atxilotu eta preso hartu dute», laburbildu du Luzarragak.

Abiapuntu horretatik, ustezko demokrazian bizi den gizartearen erretratua egin nahi izan du. «Biogizartea deitu diot. Dena telebistaren bidez bideratzen da eta edozer gauzari buruzko bozka ematen dute, biodemokrazian bizi dira. Gizarte astea da itxuraz, baina atzean kontrola dago», zehaztu du. Gobernuak eskura dituen “bioprofiletan” gizarteko kideen ideologia, gustu eta nahien gaineko datuak biltzen dira eta, beraz, horien erabakiak baldintzatzeko adina informazio eskura du. «Zentsura mota guztien partaide bilakatzen da gizartea, ustez bederen», azaldu du.

Liburua hiru kontakizun-ildoren bidez egituratu du. Lehenean, unibertsitatean ari den ikertzaile batek gertakariaren inguruko txostena idatzi behar du eskura duen informazioaz baliatuta; bigarren haria, informazio hori kontrastatzeko eta testuinguruan jartzeko erabiltzen dituen testu bibliografikoek osatzen dute eta, horien bidez, Luzarragak 2044ko gizarte horretan leudekeen teorizazioetan sakontzen du; hirugarrenean, eremu akademikotik urrundu eta oinezkoen munduan murgiltzen du irakurlea, txostengilearen eskutik. «Oso ondo pasatu dut Bilbo posturistikoan pasiatzen. Ordurako beste krisialdi pare bat pasatu dira eta oso bestelakoa da hiria».

Argitaratu berria bada ere, 2008an hasi zen Luzarraga “Bioklik” idazten. «‘Gran Hermano’ eta halako programak bolo-bolo zebiltzan, etxea nork utzi behar zuen bozketa bidez erabakitzen zuten, pertsonen intimitatea zuzenean ikusten genuen... Gero Facebook etorri zen. Badaude exhibizionismoa egiten duten pertsonak, badago dena ezagutu eta erakusteko behar bat», hausnartu du. Baina garrantzitsua, bere ustetan, ikusten eta maiz usaindu ere egiten ez den horretan dago: «Ezkutatzen zaiguna da nor dagoen hor atzean. Erakusten duguna oso pribatua da. Eta badago hor zer edo zer hautatzen denaren ilusioa».

Eleberriaren idazketan izan zuen etenaldia espetxealdi batek eragin zuen –2009an atxilotu zuten Txilen zenbait ekintzatan nahasia zegoelakoan eta ordenagailuak kendu zizkioten– eta presondegiko esperientzia ere ekarri du eleberrira, Txetxuren ahotik: «Txileko espetxean pensionado esaten zioten; espetxealdia erosoago egiteko ordaintzen zuten batzuek, hoteletan bezalaxe. Argi da presoen eta presoen artean ere aldea egongo dela», azaldu du.