Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ur berria

Mairuzulo barruan kandela eta zuziak piztu eta «Kandelarixo, larixo hatxari ure darixo!» abesten zuten garai bateko busturitarrek. «Eguzkiak urtzen du goian gailurretako elurra» kantatzen zuen Mikel Laboak. Izotz eta elurra urtzea, udaberria eta berarekin datorren ur berria, ospatu izan du gizakiak.

Izotzaren eta elurraren urtzea naturak aldaketa prozesuei buruz eskaintzen digun ikuskizun pedagogikoa da. Hasieran distira, bibrazioa baino ez da, gero lehenengo ur tanta dator, itaxur edo itoginak, isuri, ugerrin, ugaldetxo, errekasto... krak entzun da bat-batean eta betiko ematen zuen izotz blokea lekuz aldatu da.

Izotzaren zein elurraren urtze prozesu horrek ibai zabal bihurtu du berriki Bilboko kalerik zabalena. Bere amaieran, edo hasieran, zutabe batera igota dagoen Diego Lupitz Harokoak –patriarkatuaren eta errege atzerritarren botereari esker igo zena hain gora– panikoak jota begiratzen du.

Mugimendu feministaren ibai zabalak patriarkatuaren hil-kanpaiak jo zituen orain dela gutxi. Gizonezkooi ere on izugarria egin eta, zabor birziklapenarekin bezala, ahalegin berezia eskatuko digu. Mahai gainean jarri dituzte justifikaezinak diren ezberdintasunak, eta injustizian oinarrituta indarkerian sustengatzen den gizarte eredua ikusarazi. Talentua askoz era eraginkorragoan kudeatuko duen elkarbizitzaren alde.

Aurreko zapatuan, gure nagusiek, hau da, gure etorkizunak deituta, aurretik sekula ezertarako elkartu ez ginen ehunka mila lagun elkartu ginen. Oinarrian, sistema politiko-ekonomikoaren ustelkeria eta bere ondorioak salatzeko. Argi geratu da, langileok azken berrogeita hamar urteetan egon diren lan-baldintzarik txarrenak onartuta ere, konformismoaren bidetik ez dagoela lasaitasunik, zeharkako ondorio negatibo gehiago baizik.

Heldu da udaberria, baina negua ez da joan. Baserritar pentsionista batek behin esan zidan legez: «Ikusten al duzu zuhaitz hori loretan? Ba bihar kazkagaragarra etorri eta garrote emango dio. Hori da udaberria».