GARA
DONOSTA

Kutxabank-ek 400 euro jaitsi die soldata errenta- aitorpen arloko langileei

Aurrezki-kutxen bankarizazio prozesua hasi zenetik Kutxabank-ek 1.800 lanpostu zuzen suntsitu ditu, ELA sindikatuak esan duenez. Horrez gain, gainerako langileen baldintzak zeharo okertu dira: bulego itxierak, gehiegizko lan-kargak, lurralde batetik besterako lekualdatzeak eta bezeroei ematen zaien zerbitzu gero eta okerragoa. Iturri berberek salatu dutenez, azken lan-hitzarmena sinatu zenean soldata-eskala berri bat ezarri zen behargin gazteenentzat.

Baldintza txarrak orain areagotu egin direla erantsi dute ohar bidez. Antza denez, Kutxabank-ek «outsourcing»-era jo du aurten errenta aitorpen zerbitzua emateko: bankuan lan hau egingo dutenek hilean iaz baino 400 euro gutxiago jasoko dute.

Estrategia hau Negozioaren Garapen Planaren baitakoa da, 2015ean aurkeztu zena eta 2019an amaitzea espero dutena.

Erabakien ardura

ELAren ustez, Kutxabank-en gertatzen ari dena «oso larria da». Sindikatuak gogorarazi du entitatearen akziodun nagusia BBK Fundazioa dela eta berau gidatzen duen patronatuko kideak alderdi politikoek izendatzen dituztela; gehiengoa EAJk eta PSEk dute. «Eurek erabakitzen dute Kutxabanken oraina eta geroa eta, horrenbestez, horiek dute ardura enpleguaren suntsipenari, lan-baldintzen gainbeherari eta langileak esplotatzeko formulak erabiltzeari dagokienez», salatu dute.

ELAk beste aldera ez begiratzeko exijitu, eta egoera konpon dadin, bilera eskatu die Kutxabankeko eta BBK Fundazioko arduradunei, erabaki hori bertan behera utz dezatela galdegiteko.