GARA
GASTEIZ

Liburutegi Digitalaren oinarriak ezarri dituzte Lakuak eta Sancho el Sabiok

Gasteizko Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Vital Fundazioaren Sancho el Sabio Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten atzo, etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko asmoz. Adostu zutenez, liburutegiak XX. eta XXI. mendeko 3.000 liburu digital inguru izango ditu eta liburutegiak digitalizazioaren aldeko apustuan sakonduko du, kasu honetan, euskal argitalpenetarako sarbidea errazteko aukera baita. Akordioan zehazten denez, eLiburutegia liburutegi digitalak gaur egun euskal herritarrei mundu osoko egileen 16.000 lan kontsultatzea ahalbidetzen die, eta euskaraz argitaratutako edo euskarara itzulitako lanetan arreta jartzea da orain helburua.

Lakuaren eta Sancho el Sabio Fundazioaren artean sinatutako hitzarmenaren xedeen artean leudeke euskal bibliografia-ondarea biltzea eta gordetzea bilduma eskuragarri batean; horretarako sarbidea ahalik eta gehien erraztea; eta kultura interes handiena pizten duen edukirako sarbideari lehentasuna ematea.