GARA
GASTEIZ

Indarkeria matxistaren biktima bati DSBEakentzea ontzat jo du Artolazabalek

Indarkeria matxistaren biktima bati diru sarrerak bermatzeko errenta kendu zion Lanbidek. Atzo Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak erabaki hori defendatu zuen, «gogorra dirudien arren».

Lanbidek legea bete zuen indarkeria matxista pairatzen duen eta lau seme-alaba dituen emakume bati DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren ordainketa eten zionean. Hala esan zuen atzo Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. «Gogorra badirudi ere, legea aplikatu zen», zehaztu zuen.

Hori erantzun zion Artolazabalek Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak egindako galderari. Honek Santurtzin bizi den emakume baten kasua aipatu zuen. Indarkeria matxistaren biktima da, eta lau seme-alaba ditu, horietako hiru desgaitasuna dutenak.

Gasteizko Gobernuak DSBEren ordainketa eten zion eta emakumeak 1.000 euro itzuli behar izan zituen jasotzen duen mantenu-pentsioari esker lortutako diru-sarrerak jakinarazi ez zituelako. Europa Press agentziak azaldu zuenez, aipatutako diru-sarrerak noizbehinkakoak ziren.

Emakume honen kasua aztertu ondoren, Arartekoak gogor kritikatu zuen Lanbideren erabakia. «DSBEren ordainketa eten ordez, Lanbidek babesa eskaini behar zion emakume honi», azpimarratu zuen Manu Lezeartuak, emakumea egoera «ahulean» dagoela ohartaraziz.

«Onartezina» eta «lotsagarria»

Kontrolerako osoko bilkuran, Guanchek Lanbideren erabakia «onartezina» dela azaldu zuen, eta gertatutakoa «lotsagarria» dela gaineratu. «Gobernu honen lehentasunak dira arazoa. Uste duzue kontrola, egiaztapena, pertsonen gainetik dagoela. Hauxe da guztion ongizatea zaintzen duen Gobernua?», esan zuen Artolazabalen erantzuna entzun ostean.

Hasiera batean sailburuak ez zuen ezer esan emakume honen auziari buruz. Bere sailak martxan jarri dituen ekimenak aipatu zituen, eta, esan zuenez, Lanbidek «malgutasunez» aztertzen ditu indarkeria matxista pairatu duten emakumeen eskaerak, errolda-urteen baldintza hiru urtetik urte bakarrera jaitsiz, adibidez. «Horrela eskaintzen zaie babesa biktimei».

Emandako azalpenak Guancheren haserrea eragin zuen. Bigarren txandan Artolazabalek azalpen sakonagoak eman zituen, eta Santurtziko emakumearen egoerari buruz hitz egin zuen.

«Aipatu duzun emakumeak ez ditu bete diru laguntza jaso ahal izateko hartu dituen konpromisoak», adierazi eta Guancheren jarrera kritikatu zuen. «Pertsonak babesten dituen bakarra zeu zarela uste duzu, eta besteak tiranoak garela», leporatu zion.