GARA
ZARAUTZ

Argazkilaritzaren balioa aldarrikatuko du beste behin Zarauzko Argazki Bilerak

Argazkigintzan sakonduz jarraitzen du Zarauzko Argazki Bilerak eta aurtengoan bere hogeita seigarren hitzorduari ekingo dio. Urtero bezala, herriko lau aretotan ikusi ahal izango dira bertan batzen diren erakusketak gaurtik hasi eta maiatzaren 13ra bitarte. Photomuseum, Sanz Enea, Zazpi Galeria eta Torre Luzea izango dira geralekuak.

Urtero legez, Zarauzko Photomuseumek 2018ko Argazki Bilera aurkeztu du. Aurrekoetan bezala, erakusketek hainbat genero fotografiko (antropologia, erreportajea, argazkilaritza artistikoa eta natura argazkigintza) lantzen dituzte. Horrek guztiak helburu nagusi bat duela adierazi dute antolatzaileek: argazkigintzak eskaintzen dituen aukera zabalak ikusleei hurbiltzea. Horretarako, lau gune nagusitan zabalduko dira erakusketak; Photomuseumen, Sanz Enean, Torre Luzean eta Zazpi Galerian. Erakusketak gaur zabalduko dira lehenengo hiru aretoetan; Zazpi Galeriak bihar inauguratuko ditu bereak. Honatx aurtengo programa.

Photomuseum

Photomuseumek “Maisuak zuri-beltzean” erakusketa eskainiko du maiatzaren 6ra bitarte. Bertan, Indalecio Ojanguren, Jose Ortiz de Echague, Jesus Etxebarria, Ceferino Yanguas, Felipe Manterola eta Salvador Azpiazuren lanak biltzen dira. «XX. mendeko lehen erdiko zuri-beltzeko irudiek xarma berezia dute eta garaiko eguneroko bizitzara hurbiltzen gaituzte: baserrietako lan gogorretik hasita hirietako azoka eta kale jendetsuetara», adierazi dute Photomuseumetik. Ospakizunek ere beren tartea dute, hala nola, Elkanoren lehorreratzea, Debako marinelen eguna, Antzuolako mairuaren alardea edota Urkiolako erromesaldia.

Sanz Enea

Sanz Enean ere erakusketa kolektibo bat izango da ikusgai gaurtik hasi eta maiatzaren 6ra bitarte. “Letra xehez artea” argazki erakusketa bat da, «letra xehez idatziriko artea, beraz, zeinak argazkiak lau eskutara ere osatzeko luxu demokratikoa praktikatzen duen, argazkilari kolektibo batek egina baita. Alabaina, kultur etxe batean erakusten da horien lana, auradun lekua, halakorik bada, non, gainera iraganeko beste arte eta artista batzuk omentzen diren, arte ondare hori indarberritzeko asmoz», aipatzen du Jorge Latorre komisarioak.

Zazpi Galeria

Zazpi Galeriak Santiago Yanizen “Dronegrafiak” erakusketa zabalduko du bihar. «Dronegrafia» terminoa oraindik ere arrotza da hiztegietan eta testu zuzentzaileentzat, baina ohikoa da Santiago Yanizen eguneroko lexikoan. Droneen garaia.

«Zer da dronegrafia bat? Argazki bat da? Irudi robotiko bat da? Nork egiten du dronegrafia bat? Droneak? Pilotuak? Argazkilariak? Argazkilariaren lizentzien artean dago bere kamera urrun bidalita eta argazkiaren xedea dena zuzen ikusi gabe irudiak lortzea?». Hainbat galdera planteatzen ditu autoreak erakusketa horretan eta eztabaida berriak proposatzen ditu.

«Ematen du pantaila elektroniko baten bitartez egiten den bisualizazioarekin eta maneiatze eta pilotatze joko bihurtu den argazkilaritzako esperientziarekin eremu berria irekitzen dela argazkilaritzako esperimentazioan, eta bien bitartean gaur egunera arte argazkilariek inoiz ezagutu ez duten unibertso bisuala irekitzen digute. Baina, ia seguru, argazkilaritza analogiko tradizionalena defendatzen dutenek dudatan jar dezakete droneekin egiten diren argazkietan benetako ‘argazkilaritzako ekintza’ gertatzen denik», nabarmendu dute galeriatik. Erakusketa zabalik egongo da datorren apirilaren 22ra bitarte.

Torre Luzea

Torre Luzeak ere gaur bertan inauguratuko du Argazki Bileraren baitan antolatuko duen erakusketa. Erakustaretoan J.I. Altunaren, Italian bizi den argazkilari gipuzkoarraren, lana ikusi ahal izango da. Argazkigintza ikasi zuen Milanen eta 1987tik argazkilaritza dauka lanbide. Enpresa pribatuetarako eta zenbait aldizkaritarako lan egiten du publizitatearen eremuan. Lan fotografiko horretan egileak irudi ezaguterrazak abiapuntutzat hartuta abstraktuak bihurtzen ditu irudiok mugimenduari esker, irudi komertzialetatik urrunduz. Zabalik maiatzaren 13ra bitarte.