Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Iraganaren zurrunbiloa

Igartza sariaren ondorio da Ekaitz Goienetxeak argitaratutako “Zaldi mamarroa” eleberria, heroinarekiko menpekotasunak zanpatu zuen belaunaldi oso baten testigantza eta denok memorian gordetzen dugun bizipen lausotuen lekukoa. Goienetxeak oroitzapenak astintzen ditu eta 80ko hamarkadan Euskal Herriko bazterrak kolpatu zituen egoera lazgarria hartzen du abiapuntu, hainbat lagunen bizipenak elkarri josiz. Hamalau atalek osatzen dute liburua eta bitan izan ezik beste guztietan neurriz jokatzen duen narratzaile orojakilearen ahotsak pertsonaien pentsamenduak eta sentimenduak helarazten dizkigu, nahiz eta noizbehinka elkarrizketa –batzuk besteak baino sinesgarriagoak− tartekatu.

Izaro da protagonista nagusia eta bere inguruan sortzen dira iraganeko gertakizunak. Adarkatze horietatik idazleak beste protagonisten esperientzia pertsonalei heltzen die, hala nola, desiratutako droga-dosiak, ondorengo zirrara eta beharra, ahultasuna eta mina, abandonua, heriotza eta maitasuna. Lehenengo kapitulua Izarori dagokio; azkena, ordea, Carmeni, Izaroren amamari; beti zentzudun jokatuz, nahiz eta eleberrian ikaragarrizko garrantzia eta indarra izan sarritan ia oharkabean agertzen den kemen handiko emakumea da Carmen; beharbada, horregatik liburuari bere gogoetek jartzen diote puntua. Tarteko atalek beste pertsonaien izenak izenburu gisa hartzea guztiz lagungarria da atzera begirada honetan narratzailea noren istorioa kontatzen ari den argi uzteko. Horren harira, teknikaren ikuspuntutik duten berezitasunagatik, badaude bi kapitulu aipatu beharrekoak, irakurketan narratzailearen ahotsaren aldaketak bere garrantzia duelako. “Baldin bada”-ren kasuan, bigarren pertsona erabiltzeak nolabaiteko gertutasuna eta identifikazioa ahalbidetzen ditu, eta, “Utzi besoa”-n lehenengo pertsonan idatzitako gutuna dugu, ondorioz, zuzenean pertsonaia baten ahotsa. Eleberriaren egiturarekin apurtzen dute biek; baliteke asmoa izatea irakurlearen arreta bereganatzea eta atseden moduko bat eskaintzea, geldiunea informazioaren jarioan.

Bestetik, eleberrian ez dago zintzilik geratzen den haririk; beraz, teknikoki han-hemenka barreiatzen diren xehetasunak eta ñabardurak ederto batzen dira. Horrez gain, liburuak aurrera egin ahala, pertsonaiek daukaten heroinarekiko harremanari buruzko kontakizunek sinesgarritasuna irabazten dute. Halaber, idazleak oreka mantentzen du pertsonaien arteko loturei eta haien pentsamenduei dagokienez; ez da erraza, gainera, halako gaietan epai moralak edo etikoak baztertzea. Alabaina, osagai guztiak ondo integratuta badaude ere, batzuetan artifizioa ageriegi geratu dela sentitu dut; hots, egia da gehiago izan direla testuaren “arima” gordetzen duten pasarteak, baina naturaltasun eza ere hor egon da irakurketan zehar. Lagun izan dudan irudipenak ez dauka pertsonaien eraikuntzarekin edo eleberriaren konfliktoarekin zerikusirik; bai, aldiz, egiturarekin edota sortzeko eredu analitikoegiarekin. Alegia, eleberriaren borobiltasuna bermatu eta sorkuntza prozesuan parte hartzen duten elementuak erabiltzean, zenbaitetan eremu teknikoaren eraikuntza estali gabe geratu delakoan nago eta aldamioa biluzik edo kendu gabe amaieran.

Susmo horiek kenduta, ordea, eleberriak ez du tentsioa galtzen eta interes garria da ikustea nola gurutzatzen diren bide berean eleberriko bi plano ezberdinak; izan ere, eskutik doaz Izaroren familiaren istorio hunkigarria eta (Euskal) Herri osoarena. Hasieratik idazleak irudimen kolektiboa aktibatzen du eta pertsonaien humanizazioaz baliatzen da irakurlea haietaz errukitzeko, hola drogaren hedapenak ekarri zuen amesgaiztoa ederki haragiztatzen da.