Lore AGIRREZABALA
HAUR LITERATURA

Nanuk handiaren oinordekoak

Gure herriko haur-liburutegiak badu txoko berezi bat, haur eta gaztetxo askok bezala, nik ere oso kuttuna dudana: komikien gunea. Beste guneetatik aparte dago eta horrek erakargarriago bihurtzen du bestelako kontakizunen bila gabiltzanontzat. Espazio horretan liburuzainek nabarmendutako liburuak jartzen dituzten mahai bat ere bada. Bertan, liburuen azalak bistan uzten dituzte, begiratu hutsarekin guztiak batera mailegatzeko gogoa pizteko.

Nik, oraingoan, “Waluk” aukeratu dut, tituluak eta azalak erakarrita, izen nordiko horrek eta Ana Mirallesen ilustrazioek indar handia ematen baitiote. Ipar poloko hartz zuri txiki bat ageri da errepide erdian, giza arrastoz inguratutako eremu elurtu batean, bakar-bakarrik. Begirada horrekin zerbait esan nahian dagoela iruditu zait eta ezin izan diot eutsi, bertan hasi naiz irakurtzen.

«Waluk» hitzak, gainera, beste zerbait ere ekarri dit gogora: Nanuk. Unibertsitate garaiko kontuak dira. Izan ere, noizbait irakasleren batek “Nanook of north” dokumental mutua jarri zigun, gaztelaniaz “Nanuk, el esquimal” bezala aurkeztu ziguna, historiako lehen dokumentaltzat jotzen dena. Bertan, Ipar poloan galtzear zen bizimodu baten berri ematen zuen Robert Flaherty zuzendari eta gidoigileak 1922an.

Baina noan harira. Waluk hartz-kume bat da, amak abandonatu berri duena. Ehizatzen ikasi ez duenez, sarraskiak eta hegaztien arrautzak janez asetzen du gosea, adineko hartz bat ezagutzen duen arte. Zaharrak Eskimo du izena (ingelesez eskimala; gaur egun, inuitek mespretxuz hartzen duten hitza). Oso aguretuta eta ahul dago. Hori dela eta, Waluk gaztea animatu nahi du fokak, mortsak eta baleak ehizatzera, hartzen kondairetan aipatzen den “Nanook handia”-ren pareko bihur dadin eta hartz zuriek ez dezaten berezko duten sena gal. Izan ere, Waluk ez da sarraskiaz elikatzen den bakarra; gero eta gehiago dira ehiza alboratu eta gizakiek ematen dizkieten sardinak janez bizirauten duten hartzak; edo turistei eraso egin eta haien jakiekin elikatzen direnak.

Eskimo, Nanook eskimala bezala, hegoaldeko gizakiaren eraginez galtzear den Ipar poloko hartz zuriaren azken oinordekoa da; eta “Nanook handia” goraipatzen du, ursi albi-en sinboloa. Bera ere fokak, mortsak, baleak eta gizakiak ehizatutakoa da. Behin, ordea, Walukekin janari bila dabilela, foka-gantzaren usainak lelotuta, gizakiaren eremuetan sartu eta haien tranpan eroriko da. Waluk gose eta bakarrik geratuko da berriro. Gauez aurora polarren argitan “Nanook handia” ikusiko du. Bizipen horrek bere barruan oraindik ernai den hartz sena piztuko dio eta Eskimo askatzera deituko ditu hartz guztiak.

Liburua irakurri ahala lotu ditut hari guztiak. Alde batetik, liburu honen gidoigileak, Emilio Ruizek, hitzaurrean aipatzen ditu “Nanook of north” dokumentala eta hartz zuriarekiko duen miresmena. Bestetik, istorioan bertan, “Nanook” izeneko hartza goresten da −hartzen elezaharretako izaki boteretsua− eta dokumental hartan ere Nanook zen benetako inuiten eredu. Azkenik, liburu honekin, Flahertyk bere dokumentalarekin bezala, Ipar poloan galtzear den espezie baten jatorrizko bizimoduaren berri eman eta desagertze horretan izan dugun arduraz gogoeta eragin nahi dute Emilio Ruizek eta Ana Mirallesek.

Liburua gaztelaniaz kaleratu zuen Astiberri argitaletxeak 2011n. Bilduma baten hasiera izan zen, 2017an argitaratu baitzen bigarren liburua: “Waluk-la gran travesía”. Euskaraz lehenengoa dugu oraingoz −iaz argitaratu zen Bego Montoriok itzulita−, baina ea bigarrena ere laster ikusterik dugun, euskarazko komiki-liburu jale txiki nahiz handiok izugarri eskertuko dugu.