GARA
ERRENTERIA

Jantziaren Zentroan erakusketa berria

Jantziaren Zentroko bi solairuetan erakusketa berria dago ikusgai. Jatorrizko 30 jantzi dira bi aretotan banatuta. Iraultza dantza taldearen helburua zen zortzi hilabeteko tartean egitea erakusketa aldaketa. Espero baino luzeago jo du lan horrek, aldaketa egin bitartean Jantziaren Zentroa zabalik izan delako. Urtebeteko ibilbidea egin du dagoeneko Zentroak eta Iraultzako ordezkariek balorazio positiboa egin dute.

Denera 30 arropak osatzen dute Errenteriako Kapitain Etxean kokatutako Jantziaren Zentroak prestatu duen bigarren erakusketa. Batetik, “Herri jantziak” izeneko aretoan hamabost jantzi daude ikusgai. «Gehientsuenak dohaintzan emandakoak dira, eta horien inguruko dokumentazio handia batu dugu», azaldu dute Iraultza dantza taldeko arduradunek.

Hauexek nabarmendu dituzte: Raimundo Arbide Sorondo (Errenteria 1858-1932) herriko zinegotziaren jantzia, gizonezko doluzko jantzia (Sara, Lapurdi) edota Neguriko (Getxo, Bizkaia) 1920. urteko inude jantzia.

Bestetik, “Jantzien bilakaera” izeneko aretoan, beste hamabost jantzi daude ikusgai. Horien artean azpimarratzekoak dira 1920. urteko Madrilgo haurtzain jantzia, edo 1903ko Lapurdiko emakumezko jantzia. «Azken honek gona eta hiru gorputz ditu, egunaren une jakin bakoitzean janzteko arropa: goizerako, arratsalderako edo gauerako gorputza», argitu dute erakusketaren arduradunek.

Aipagarria da bigarren erakusketa honetarako Jantziaren Zentroak paperezko ileorde edo pelukak egin dituela. «Manikiak soinean daraman jantziaren garaiko orrazkera duten ileordeak dira. Era horretan, jantziak osorik, jabeak erabili zuenean nolako itxura zuen nolabait ikusarazi nahi izan dugu», diote.

Apirilaren 1ean, Jantziaren Zentroak urtebete egin du. Balorazioa ona da. «Denbora honetan guztian, 1.400 bisitari baino gehiago etorri da gurera erakusketa finkoa ikustera. Profilari dagokionez, gehientsuenak emakumezkoak izan dira, 35-55 urte bitartekoak eta jatorriz Errenteria edo Oarsoaldekoak».

Ikasturte berriarekin batera, ikastetxeentzako bisita gidatuak prestatu dituzte. 13-15 urte arteko hainbat talde pasatu dira Kapitain Etxetik eta bai ikasle, bai irakasleek, balorazio ezin baikorragoa egin dute.

Urtebete honetan modan eta joskintza lanetan adituak diren bisitariak ere izan dituzte. «Euren esanetan, espero ez zuten bilduma topatu dute, bai jantzien kalitate eta aberastasunagatik, bai jantziak erakusgai nola jarri diren ikusita», nabarmendu dute.

Oro har bisitarien iritzia baikorra da, guztien ahotan: «Espero ez nuen erakusketa topatu dut. Kalitate handikoa eta bisualki ongi prestatua».

Jantziaren Zentroa asteburuetan eta jaiegunetan zabaltzen da, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara.

Bisita gidatua egin nahi izanez gero, Errenteriako Turismo Bulegoan izena eman behar da. 943 49 45 21 telefonoan edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera idatzita.

 

Iraultza dantza taldearen bilduma Irungo Gordailuak zainduko du

Jantziaren Zentroa ireki zuenetik beste aurrepauso bat eman du Iraultzak. Izan ere, Jantziaren Zentroko 997 pieza Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunen duen Gordailuan gordeko dira. Emakumezkoen 690 jantzi, gizonezkoen 182, 46 oinetako eta 79 oihal dira, denak XVIII, XIX eta XX. mendeetakoak. Emakumezkoen 42 janzki oso eta gizonezkoen 7, eta beste hainbat pieza ere bai. Hasiera batean bost urterako sinatu den hitzarmena luza daiteke.GARA