Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Euskal ordezkariek amaitzear dutelehia denboraldia

Munduko Kopan, Overall sailkapenean, euskal ordezkariek ezin izan dute Top 10ean sartu. Espainiako Taldekako Txapelketan, seniorretan, Iñigo Martinez de Albornoz eta Pablo Oderiz hirugarren izan dira.

Mendiko eskiko lehien denboraldia ateak ixteko pronto dago. Euskal Herriko zein ingurumari honetako hitzordu nagusiak, bederen, jokatu dira. Mendiko Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISMF) antolatzen duen Mundu Kopak Madonna di Campliglion (Dolomitak) izan ditu bere azken bi lehiak. Bata esprintekoa izan da; bestea, berriz, banakakoa. Fedme-ren izenean bi euskal eskiatzaile lehiatu ziren: Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz.

Hilaren 6an, arratsaldeko seietan, esprinteko norgehiagokak izan ziren. Ez da lehietako modalitate nagusia, baina ikuskizuna eskaintzen du. 600 metro eta 95 metroko desnibela zuen ibilbidean jardun ziren.

Nagusien txandan, nesketan, Laetitia Rouxek irabazi zuen, eta Quincocesek 16. postua eskuratu zuen. Martinez de Albornozek, berriz, erakutsi zuen espezialitate horretan ondo moldatzen dela. Nagusien mailan, Michele Boscacci gailendu zen, eta donostiarra 21. sailkatu zen. Baina bere benetako mailan, espoir edo promesetan, goi mailako bosgarren postua erdietsi zuen.

Taldekakoan, bikain

Bi egun geroago, 8an, proba nagusia jokatu zen: banakakoa. Emakumezkoak 1.500 metroko desnibela zuen ibilbide teknikoan lehiatu ziren, eta, esprintean bezala, Roux izan zen sasoikoena. Quincocesek hamabigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Mutilek, bestalde, 18 kilometro eta 1.800 metroko desnibela zuen ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Nagusien mailan, Robert Antoniolik irabazi zuen, eta Martinez de Albornoz 36. postuan sailkatu zen. Espoir-etan, berriz, askoz ere aurrerago ibili zen; eta helmuga puntuan hamargarrena izan zen.

Overall sailkapenerako lau modalitate hartzen dira kontuan: bertikalak, taldekakoak, esprintak eta banakakoak. Bada, puntu guztiak batu ondoren, esan behar dugu euskal ordezkariek ezin izan dutela Top 10ean sartu: Quincoces 12.a izan da, eta Martinez de Albornoz, 15.a.

Amaitzeko, martxoaren 25ean, Candanchun, Espainiako Taldekako Txapelketa jokatu zen. Nagusietan, Pablo Oderiz eta Martinez de Albornozek brontzea sinatu zuten, eta espoir-etan, zilarra. Juniorretan, Ander Gabiña eta Aitor Ajuria hirugarren izan ziren. Eta kadeteetan, Rita Jimenez nafarra Lucia Molinero madrildarrarekin lehiatu zen; hirugarren izan ziren.