Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Zutik

Beti hunkitzen naute hondoa jo ostean jaikitzen diren pertsonen istorioek, nola birsortu duten beren burua, nola jarraitzen duten borrokatzen ezeri uko egin barik bizitzeko, bizitza agortua zutela zirudienean. Adibideak erruz ditut gertu; gaurkoan, baina, neure bizitzan betidanik eredu izan ditudanetako bat konpartitu nahi dut. Zergatik ez!

Artista puska bera: Tina Turner. Arrazakeriaren mugei iskin egin eta jazarpen matxista bortitza jasan zuen abeslaria; rock-and-rollaz eta popaz denak astinduz, musikaren mundura iraultza ekarri zuena. Haren irudi indartsuaren atzean, baina, istorio latza dago. Agertokia Ike Turner senarrarekin partekatu zuen, eta harreman hura rock-and-rollaren historiaren bereizgarrietako (beltzenetako) baten adibide da: emakumeak bortxaz tratatzea, fisikoki eta emozionalki esplotatzea. Ikek, garai hartan (orain pentsaezina litzatekeela sinetsi nahi dut), eremu pribatuan ez ezik publikoan ere azpiratuta eduki nahi zuen emaztea, honi artistatasun oro ukatuta, jakina. Urteak joan ziren horrela.

Baina, hara non, Tina Turnerrek geroago, helduaroan, bere buruaren errautsak bildu, eta beste forma bat eman zien, bakarlari afro-amerikarrarena. Agertu eta goia jo zuen. Urte liluragarri haietan, 80ko hamarkadan, askok ez zuten ulertu zergatik ez zen desagertu; zergatik jarraitu nahi zuen hantxe, patriarkatu-mota bik harrapatuta (bere etxekoak eta rock-and-rollaren merkatukoak), erregistroa besterik ez aldatuta.

Garai hartako Tina Turner dugu ezagunena, ausart, tinko eta sui generis bera: pop moldeko ekaitz ikusgarria. Alabaina, sarri, bere istorioa ezkutuan geratzen da, senar ohi izugarriaren eta haren ondoan jasandako bizimodu latzaren azpian. Bada, konta diezaiegun hura (beste hainbeste artista andrazko bezala) miresten hasiak direnei emakume honek musikaren munduan izan zuen asmamena txundigarria izan zela, rockaren historiako une ospelenetakoan soinua eta mugimendua zoragarri uztartu zituela, 60ko eta 70eko hamarkadetan poparen aro berriko berrikuntza teknologikoez baliatu zela, eta haren paregabetasuna, artista gisa, ukaezina dela. Bere burua musika iraultzaren abangoardian irudikatu zuen, urteetan bai bera bai bere moduko beste andre afroamerikarren ekarpenak bazter utzi zituen horren lehen lerroan. Irudikatu eta gauzatu, pop-musikari gehienak musika hutsalaren zirkuituan gozo asko sartu ziren garaian. Gaur oraindik ere, guztion gozamen eta zorionerako!