GARA
donostia

Lonja, baleontzien eraikuntza bistaratzeko espazio irekia

Erakusketa-espazio berria du Donostiako Untzi Museoak: Lonja. Eraikinaren beheko solairua hartzen duen «espazio bizia» bilakatu nahi du gune berri honek eta Albaola Itsas Faktoriak dinamizatuko du. Urritik aurrera museoa berritze lanetarako itxi bitartean, «San Joan» baleontziaren erreplikaren eraikitze prozesua izango da protagonista.

Albaolak dinamizatutako espazioa izango da Lonja, Donostiako Untzi Museoaren lehen solairuan ireki duten espazio berria. Museoak azaldu duenez, “San Joan” baleontziaren erreplikaren eraikuntza prozesuarekin zerikusia duten hainbat tresna eraiki, gorde eta erakutsiko dira bertan; horien artean, upelak, arraunak eta txalupak.

Espazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleriak eta Raul Perez Iratxetak, Xabier Agote Aizpuruak eta Xabier Alberdi Lonbidek –hurrenez hurren, Untzi Museoko zuzendari nagusia, zuzendari kulturala eta zuzendari zientifikoa– aurkeztu zuten eta, azaldu zutenez, “Itsasorako lanean” lemapean irekiko du bere bidea.

Lonja gunearekin Untzi Museoak Kontsulatuaren dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berreskuratuko duela nabarmendu zuten aurkezpenean. Izan ere, egun Untzi Museoa hartzen duen eraikina Donostiako Kontsulatuak eraiki zuen XVIII. mende erdialdera, portuko jarduera kontrolpean izateko eta zerbitzu batzuk emateko helburuarekin. «Kontsulatuaren 1766ko Ordenantzen arabera etxe honetan bizi ziren Kaiko tenientea eta haren bedela. Tenientearen eginkizuna badian edo inguruetan zeuden eta zailtasunak zituzten itsasontzi guztiei laguntza ematea zen, merkataritza itsasontziei nahiz gerraontziei», zehaztu zuten. Horretarako, biltegi bat zeukan, eta bertan, kableak, kabrotak, hainbat soka eta mota guztietako aingurak eta aingura txikiak zeuden. «Era berean, ‘txalupa handia’ zeukan, beti prest egon behar zuena, beharrezkoa zenean eta denboralea zegoenean laguntza ematearren», zehaztu zuten. Lonja espazioa dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berreskuratzeko asmoz ireki dutela eta bertan «maniobra eta nabigaziorako hainbat tresna ekoitzi, gorde eta erakutsiko» direla jakinarazi zuten; besteak beste, sokak, arraunak, mastak eta txalupak.

Era berean, gune honek Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasaian gauzatzen ari den “San Joan” baleontziaren erreplika zehatzaren eraikuntza proiektuarekin zuzenean lotzen du Untzi Museoa. «Gaur egun, itsas historia eta ondarearen berreskuratze eta ezagutza arloan mundu mailan aurki dezakegun ekimen nagusietako eta garrantzitsuenetako bat da», azpimarratu zuten. Izan ere, historian lehenengo aldiz XVI. mendeko nao edo galeoi baten erreplika zehatza eraikitzen ari dira. «Untzi Museoa ezin da garatzen ari den gertakari historiko honetatik at geratu. Helburu honekin, Lonja guneak tailer bat hartzen du, non ‘San Joan’ baleontziak eramaten zituen lumera (baleen gantza) garraiatzeko upelen erreplikak eraikiko diren, publikoaren aurrean», adierazi zuten.

Gauzak hala, Untzi Museoak eta Albaolak bat egingo dute itsas jarduerei loturiko ofizio zaharrak berreskuratzeko, horien balioa nabarmentzeko eta zabaltzeko; besteak beste, upelgintza edota ontzigintza. Proiektuan interesa duten guztiek boluntario modura bertan parte hartzeko ateak irekita dituztela ere esan zuten, museoaren helburuetako bat jakintza horren gizarteratzea ere bai baita.

Lonja «gune dinamikoa eta bizia» izatea nahi dute, «gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana hedatzeko eginkizunean, ekipamendu irekia, jendearengandik hurbila eta aktiboa». Albaolarekin sortutako elkarkidetza honen bidez, museoak beste helburu nagusietako batean ere aurrera egiten duela azaldu zuten: kanpo-harremanen sare bat osatzea, museoa erreferentzia izan dadin euskal itsas historiari eta kulturari lotutako ekimenen artean.

«Zoriontasunaren bilaketa», urrira bitartean ikusgai

Urrian Untzi Museoaren berritze lanak hasi arte, behin-behineko erakusketa bat ere hartuko du museoak: “Zoriontasunaren bilaketa. Euskal ekarpena AEBen independentziari”. Azaldu zutenez, erakusketak gure itsas historiako pasarte «ezezagun» bat ezagutaraztea du helburu: «Euskal Herriak Ipar Amerikako hamahiru kolonia britainiarrei laguntza eskaini zien Britainia Handiaren aurka eta beren independentziaren alde borrokatzeko, 1776an». Zehaztu zutenez, kolonoek Europako hainbat nazioren laguntza izan zuten eta, testuinguru horretan, euskal portuetatik, Bilbotik bereziki, armak, munizioa, uniformeak eta laguntza teknikoa bidali ziren, horretarako euskal merkatariek kolonia britainiarretako merkatariekin ezarriak zituzten merkataritza eta kontrabandoko bideak baliatuz. «Laguntza hori erabakigarria izan zen independentzia aldarrikatzen zutenek garaipena erdiesteko», nabarmendu zuten, eta erakusketaren helburua pasartea ezagutaraztea dela esan zuten. GARA