GARA
BILBO

Eskualde mailako mobilizazioak antolatu ditu LABek Maiatzaren Lehenerako

Langileen Nazioarteko Egunerako zehaztu du jada mobilizazioen egutegia LAB sindikatuak. Atzo eman zuen horren berri Bilboko bere egoitzan eta guztira 28 mobilizazio antolatu ditu. Eskualdez eskualde izan dira deituak, guztiak maiatzaren 1ean eguerdi bueltan eta “Lan, bizi, herri duina” lelopean. Esaterako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan 12.00etan finkatu dute hitzordua; Maulen eta Baionan, bestalde, 11.00etan.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak adierazi zuenez, aurtengo mobilizazioek bi erronka izango dituzte ardatz.

Batetik, eraldaketa sozialerako grina gauzatzeko mobilizazio soziala indartzea: «Lan munduan eragin eta lan mundutik eragitea du helburu, lantokietan ekintza sindikala indartuz eta grebak sustatuz». Gauzak horrela, ohartarazi zuten badituztela proposamenak eta badutela zer borrokatu.

Esaterako, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, soldata arrakala gainditzea, pribatizazioari eta azpikontratazioari aurre egitea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzea, besteak beste.

Hala, positiboki baloratu zuten emakumeen borroka, pentsiodunak kalera irtetea edota «lantokiz lantoki borrokan dauden langileak». Gogoratu zuen, hain zuzen, borrokaren ondorioz lortu dela atzera botatzea Tubos Reunidoseko enplegu erregulazioaren espedientea.

Burujabetza

Estatalizazioaren aurkako jarreran tinko eutsiz eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren defentsa hauspotzeko erabakiarekin, azpimarratu zuten prekaritatearen erantzule instituzio guztiak direla, «ez bakarrik Madrilekoak».

Horrekin estuki lotuta dago Maiatzaren Leheneko mobilizazioetarako zehaztu duten bigarren erronka. Sindikatu abertzalearen ustetan ezinbestekoa da burujabetza eskuratzea duintasunean bizi ahal izateko. «Ez dago lan, bizi, herri duinik Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko tresnarik gabe», azaldu zuen Aranburuk eta eskuduntza guztiak eskuratzea EAJren erantzukizuna izan behar dela agertu zuen.