Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
Elkarrizketa
PANTXIKA IBARBOURE
ATHERBEA ELKARTEKO ZUZENDARIORDEA

«Gizartearen eskutik harrera eredu duina sortzea dugu xede»

Gaur eta bihar migranteei buruzko foroa iraganen da Baionan, Atherbeak antolatuta, Etorkinekin eta Bizi! mugimenduekin batera. Asilo eskatzaileak aterpetzen dituen CADA zentroa kudeatzen duen elkarteko kide den Pantxika Ibarbourek bere kezka agertu du migrazio lege berriari buruz.

1954az geroztik Atherbeak gizarte bazterkeriaren ondorioak pairatzen dituzten herritarrak laguntzen ditu. Baionako Arteen Hirian antolaturiko foroaren atarian, migranteen alde elkarteak egiten duen lanaz hitz egin du GARAk Pantxika Ibarboure bere zuzendariordearekin.

Noiz eta nola abiatu zen errefuxiatuen aldeko zuen lana?

Gure oinarrizko misioa prekaritatean, egoera eskasean, den jendearen alde lan egitea da. Beraz, Atherbea hasieratik engaiatu zen migranteekin, pertsona horien integrazio prozesua osotasun batean aintzat hartuta. Lan horren baitan sortu genuen 1992an CADA zentroa, asilo politikoa eskatzen duen jendea aterpetzeko asmoz. Hala ere, 2010etik honat beharrak handituz joan dira eta horrendako zentroaren handitzea galdetu dugu, gure misioa indartzeko. Gaur-gaurkoz 96 plaza ditugu zentroan eta iaz 180 pertsona errezibitu genituen bertan.

Zeintzuk dira hasieratik honat sumatu dituzuen aldaketak?

Gehienbat legeak aldatu dira. Erreforma bakoitza gure misioak eta diru laguntzak murriztera etorri da. Gure lanari dagokionez, gizon-emazte horiek maila ezberdinetako beharrak dituztela eta laguntzak behar direla egokitu oroitarazi nahi nuke. Hala ere, guk emanen diegun laguntza administratiboa funtsezkoa da. Beraien dosierrak bideratzen laguntzearekin batera jarraipen sozial orokorra behar dugu bermatu, egoera traumatiko batetik etortzen direla ezin baitugu ahantzi.

Ipar Euskal Herrian pobrezian bizi diren herritarren kopurua emendatu da (%12). Nola ekidin mesfidantza?

Osotasunean hartu behar da migrazioaren afera. Fenomeno zabala da: gerratik, pobreziatik baina gero eta gehiago aldaketa klimatikoak eragindako egoeretatik ihes egiten duten pertsonak ere heltzen dira. Exilioaren indartzea gertatu da. Horregatik behar da harrera politika orokorrak, estatuaren babespean, Europa mailan, behar bezala garatzea. Baztertu behar da pertsonen arteko sailkapen politika, alboratu behar da estigmatizazioa xerkatzen duen politika. Migrazio fenomenoa erronka orokor baten baitan behar dugu kokatu. Paperik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe diren pertsonek pairatzen duten egoera latza da. Argi dago eskubideen murrizketaren testuinguru batean bizi garela eta horrek konplexuago bilakatzen duela gure jarduera. Baina testuinguru horretan behar dugu eragin, eskubideak guztientzako direla aldarrikatuz. Epe motzeko ikuspegitik aldenduz, benetako proiektu zabal eta orekatuak eraiki gure herrian.

Gizarteari begira lan pedagogikoa premiazkoa dela dirudi.

XII. mendean Averroes filosofo kordobarrak baliatu zuen esaera berreskuratu nahi dut. Bestearen ezagutza faltak beldurra sortzen zuela zioen, eta beldurraren eraginez herra, eta herraren ondorioz bortizkeria. Egungo egoera ondo azaltzen du esamolde horrek. Alta, esperientziak erakusten digu elkar ezagutzeak jarrera askoz positiboagoak sortzen dituela.

2015ean Baigorrin eta iaz Baionan Atherbeak kudeatu zituen aldi baterako harrera zentroetan eredu hori landu zenuten.

Elkarteen sareak bultzaturiko dinamika horren eredu arrakastatsu ditugu biak ala biak. Kontzientzia sortze aldera, eskema zabalak sustatzeari begira, bere argi-ilun guztiekin, esperientzia aberatsak izan ziren.

Hala ere, Baionatik Pauerat eraman zituzten 20 migrante, Dublingo Protokoloa aldarrikatuz. Lege berriak oraindik zailago bilakatuko du lana?

Iaz pertsona bakoitza 11 eta 14 hilabete artean izan zen CADA zentroan. Asilo eskatzaileen erdiek asiloa lortu zuten. Lege berriak sei hilabeteko prozedura aurreikusten du eta 15 egunetara mugatzen du helegitea aurkezteko epea. Prozedura espres bat nahi dute inposatu, pertsona hauen aukerak erabat ttipituz. Oso kezkatuak gara eskubide murrizketa horrekin.

Zer nahi duzue lortu Baionan antolatu duzuen foroarekin?

Migrazioari buruz ikuspuntu baikor batekin mintzatzea da abiapuntua. Bestalde, gure xedea da gizartearen eskutik etorkinendako harrera eredu duina eratzea. Ipar Euskal Herrian mugimendu azkarra sortzeko bidean gaude eta gauzak aitzinarazteko boluntario anitz behar dugu erakarri lan honetarat.