Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Oroitzapenak poesia formatuan eman ditu Karlos Cid madrildar-euskaldunak

Madrilen jaio zen, bertan bizi da, eta euskararik ez zekien aitona portugaletetarraren bultzadaz ekin zion euskara ikasteari Karlos Cid Abasolok, Madrilgo Euskal Etxean, hamalau urte zituela. Unibertsitatean hasi zenerako, bera zen euskarazko eskolak ematen zituena. Euskal hizkuntzari loturik, itzulpengintzan aritua da eta «Keinu konplizeak» du lehen poema liburua. Hogeita hamar urtean «bizi, ikusi eta irakurritakoak» bildu ditu, ohikoa duen ironiaz bustita.

Euskalduntzeko bide luze bezain emankorra egin duen autorea da Karlos Cid Abasolo. Madrilen jaioa eta elebakar gaztelaniadun bezala hezia, hamalau urte zituela hasi zen euskara ikasten bere aitona Damasok «euskararekin maitemintzeko bidea erakutsi» ostean. Hala aitortzen du argitaratu berri duen “Keinu konplizeak” (Susa) olerki bilduman eta, hain justu, aitona portugaletetarrari eskaintzen dio liburua.

Aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga Susako editore berriak gogora ekarri zuenez, hasieran bere kabuz eta gero Madrilgo Euskal Etxean ekin zion Cidek euskalduntze prozesuari eta Filologia Hispaniarreko ikasketak egiten hasi zenerako, bera zen Euskal Etxean euskarazko eskolak ematen zituena.

Tesia perpaus erlatiboei buruz egin zuen eta, euskal literaturaren esparruan, itzultzaile modura jardun da. Orain bi urte, esaterako, Holub-en testuak itzuli zituen Susaren Poesia Kaieretarako, baina “Keinu konplizeak” da autore gisa sinatzen duen lehen argitalpena. «Liburua definitzen duen hitza jolasa da. Ironia ere aipa nezakeen, baina jolasaren barruan dago ironia eta, gainera, poema guztietan ez dago ironia. Jolasaren bidez, konplizitatea bilatzen du irakurlearekin», azaldu zuen editoreak.

Liburua lau ataletan banatua dagoela ere zehaztu zuen. Lehenean, “Lokamutsa” izenekoan, irudiekin jolasten du Cidek, «eta irakurleak atzean zer dagoen eta zer ez asmatu behar du». Bigarren atala, “Munduaren erregea”, da ironikoena. “Arpoia eskuan” atalean ikuspegi indibidualistatik ingurura zabaldu eta munduaren gaineko begirada ironiko eta kritikoa erakusten du autoreak eta laugarrenean, “Azken apala”, literatura eta zinemako autoreei egiten die keinu, tartean Holub, Cervantes edota “Pretty Woman” filmari.

Bizi, ikusi eta irakurritakoak

Atal horietan banatuta, hogeita hamar urtean zehar sortu dituen olerkiak antolatu ditu Cidek. «Bizi, irakurri eta ikusi izan ditudanetik sortuak dira, eta azken atalean badago zinema ere», azaldu zuen autore madrildarrak.

Poesia gisa katalogatu duten arren, generoen arteko barrerak hautsi eta narratibatik ere baduela gaineratu zuen – «mikroerrelatoak ikusten ditut poema askotan»– eta generoen arteko mugak argi ikusten ez dituela aipatuta itzultzaile, irakurle, euskalari, ikertzaile ere baden aldetik, ofizio horiek guztiak liburuan daudela zehaztu zuen, «baina ez bere horretan. Perpaus erlatiboak, adibidez, erabiltzen ditut helburu poetiko batekin», azaldu zuen.

Bi poemek «gutxienez 34 urte» dituztela agertuta, hogei urtean alerik sortu gabe egon eta azken urteetan poesiari lotu zaiola azaldu zuen. Azken poema hauen artean, bere aitari eskainitakoa (“Elegia hortzetako pastari”) nabarmendu zuen. Olerkian, aita hortzak garbitzen ari zela bihotzekoak emanda nola hil zen kontatzen du Cidek. «Poemetan ironia dago tantaka, baina ez ironia tristea, baizik eta irribarrea aterarazten dizun ironia hori. Nire aitaren heriotza kontatzen duen bat bada. Poema hark lagundu zidan dolurako eta, irakurleak irribarre egiten badu, ez naiz haserretuko», ziurtatu zuen.