Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IñAKI ARTOLA
ASEGARCEKO PILOTARIA

«Tokatu zait Binakako finalerdiak jokatzea orain baino joko gutxiagorekin»

Danel Elezkanoren aurka edozer gerta daitekeen jakitun, beldur pixka bat ematen dio «aurten aitzakiarik ez» duela aitortzeak, baina izan dituen arazo fisiko guztiak ahaztuta eta entrenatzeko nahi adina denborarekin, gustura eta itxaropentsu dago hastekoa den lehiaketaren bezperetan.

Solaskide aparta da alegiarra, txapelketaren bat-batekotasunetik harago mintzatzeko inolako arazorik ez duena.

Binakakotik kanpo geratu ostean, Buruz Buruko hau berezia da zuretzat?

Nik esango nuke Buruz Burukoa denontzat dela berezia, historikoki modalitaterik garrantzitsuena izan da eta nik uste hala dela, hemen ikusten da bakoitzak zein maila duen.

Egunean egunekoa bizitzen duzu eta beti hurrena datorrenari ematen diozu garrantzia, baina egia da beste aldarte plus bat edo gogo gehitu bat izan dezakedala, aspaldi ez dudalako maila honetako partidarik jokatu. Gogo bereziekin nago, bai.

Negua luzea izan da?

Bai, egia esan, bai. Partidarik gabe ere ez gara egon, baina, egia esan, pixka bat hor sartzen ez zaituztenean bolada luze samarra pasatzen duzu nahiko ezkutuan, eta urteko txapelketarik luzeena da, aldearekin. Baina nire kasuan, ikuspegi orokor batekin eta aurrera begira, ez dago jakiterik kalte edo mesede egingo didan. Izan ere, eskuetatik eta denetik erabat osatzeko denbora izan dugu, entrenamendu oso onak egiteko ere bai, eta frontoian normalean baino ordu gehiago sartzeko aukera ematen dizu horrek; ze azkenean, txapelketa jokatzen ari zarenean entrenatzea bigarren maila batean geratzen da. Partida jokatu, eskuak behartu, eta askotan hurrengo asteko lana izaten da eskuak errekuperatzea. Eta horrek, ikuspegi orokorrago batetik, alde ona ere izan lezake.

Lau eta Erdikoaren ostean, «Berria»-n, elkarrizketa batean, nahikoa abailduta antzeman zintudan, Altunak edo Irribarriak gora egin zutela eta zu atzean geratzen ari ote zinen edo...

Nik uste irakurrita kanpora ematen zuen irudia gehiago zela kasu horretan, baina ez zen nik adierazi nahi nuena. Konparaketak hor daude, baina haiek gora egin izanak ez du esan nahi norberak atzera egin duenik. Gainera, bi kasu oso bereziz ari gara, gorakada ikaragarria eman duten bi pilotariz. Baina debutatu nuenetik, zailtasunak zailtasun, egiten dudan balantzea ez da txarra, gora egin dudala uste dut. Esaterako, azken bi edo hiru hilabeteetan nik sentitu dut behin ere baino joko gehiagorekin egon naizela, baina jendearen bistatik kanpora egonagatik, nire sentsazioak, entrenatzen eta izan ditudan partidetan, oso onak izan dira.

Buruz Burukoak arrisku hori du, egun batean hilabete askotako lana jokatu beharra...

Egia da, baina kirola halakoa da. Baina ni agian gehiago kezkatuko ninduke egunerokoan edo partida normaletan nire burua ezinean edo jokorik gabe antzemateak. Ze partida jokatzen duzun ez dago bakarrik zure eskuetan, aurkariak ere jokatzen du; baina ni azkenaldian gustura nabil. Gehiago kezkatuko nintzateke goi mailako partidak jokatzen aritu baina ondo nagoela antzemango ez banu.

Enpresan estatusa galdu duzun sentsazioa baduzu?

Binakako txapelketan ikusi da zein denbora gutxitan aldatu daitekeen. Ematen zuen Victor zela laugarren aurrelaria, gero Laso eta orain berriz biak geratu dira txapelketatik kanpora… guk, pilotari bezala, pixka bat enpresak hartzen dituen erabaki horietatik aparte egon behar dugu, bueltarik eman gabe eta gure lana da eguneroko sentsazio horiei, frontoian ematen duzun joko horri erreparatzea, eta, esan dudan bezala, uste dut izan ditudala boladak, tokatu zaidala Binakako finalerdiak jokatzea, eta hitz handiez ari gara, baina askoz joko gutxiagorekin sentitu izan naizena azken hilabetetan egon naizena baino.

Prestaketan, aldaketarik bai?

Prestaketa fisikoari dagokionean aldaketa batzuk egin genituen duela lau hilabete, txapelketa prestatzen hasi ginenean eta oraindik goiz da ezer esateko, baina sentsazioak onak dira. Frontoian sake-errestoa ere landu dugu, Lau eta Erdikoan asko kosta zitzaidan eta egur pixka bat sartu diogu horri. Eta nik uste dut ondo etorri zaidala, bestela egiten dakiguna egiten jarraituko genuen, dakiguna egiten partidak aurrera ateratzeagatik, eta estankatzeko arriskua ere badu beti lehiaketan aritzeak.