Asier AIESTARAN
PILOTA

Baliabide amaigabeak

Altunak final-laurdenetarako sailkatzea lortu du, partida asko gogortu duen Retegiri irabazita.

RETEGI BI 12

ALTUNA III.A 22

 

Jokin Altunak Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetarako sailkapena lortu zuen Eibarko Astelena pilotalekuan, Julen Retegiri 12-22 irabazita. Amezketako aurrelariak alde handiak lortu zituen lehen zatian eta, bigarren erdian dema asko gogortu arren, markagailuko tarteari ongi eustea lortu zuen. Saria ez da nolanahikoa: Urrutikoetxearen aurka jokatuko du maiatzaren 1ean Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Konturatzerako, Altuna 0-7 aurretik ipini zen. Airez sekulako baliabideak erakutsiz, Retegi bikain mugiarazi zuen kantxa gainean eta tantoa amaitzeko garaian ere dena ongi atera zitzaion. Partidako aurrenekoa boleaz egindako horma-biko bikain batekin lortu zuen, eta segida ederra eman zion: bi dejada, zabalera irekitako pilota, atzera jotako pilotakada, sake-bueltan egindako gantxoa eta sakez egindako lehen tantoa.

Retegik kostata kendu zion sakea Altunari, buruz gaindi pasatuta amaitu zuen tanto gogor baten ostean, baina baita azkar galdu ere, airez huts egindako pilota batekin. Partziala 1-9ra luzatu zuen gipuzkoarrak lehenik, eta 4-11ra ondoren, azken hori ezker airez sakeari erantzun eta sekulako tantoa eginda.

Apurka-apurka, ordea, Julen Retegi tantoak asko gogortzen joan zen, eta Altunari gero eta gehiago kostatu zitzaion jokaldiak amaitzea. Pilota ederki gurutzatuz eta lan handia eginez, 6-11 hurbildu zen lehenik eratsundarra, eta 8-14koan ere Victorren aurka lortutako balentria errepikatzeko esperantzak izan zituen, baina jokoan ikusten zen parekotasuna inoiz ez zen benetan markagailuan islatu.

Unerik zailenetan ere, Altunak beti aurkitu zuen baliabideren bat Retegiri tantoa sartzeko, eta sakeari ere zukua atera zion, bai zuzenean tantoak eginez (5 guztira), baita erantzutean dominatzera pasatuz ere. Hain zuzen ere, sakez egindako tanto batekin lortu zuen amezketarrak azken 12-22koa.

«Oso pozik nago. Banekien Juleni irabazteko gogor lan egin beharko nuela eta halaxe izan da. Hasieran pilotek grazia gehixeago zuten eta min handiagoa egiten nion sakearekin, pareta ikutuz. Gero gastatzen joan dira eta gehiago kostatu zait. Gainera, Julenen aurka bitan pentsatu behar duzu jokaldia egiterakoan, dohain berezia duelako pilota harrapatu eta gerria sartuz atzeratzeko», aztertu zuen Altunak amaieran, hurrengo «erronkari» aurre egiteko gogo handiz.