GARA
DONOSTIA

Amiantoaren ondorioz hildako lau lankide omenduko dituzte CAFen

CAFeko enpresa batzordeak manifestazioa antolatu du Beasainen eta, ondotik, amiantoaren ondorioz hildako lau lankideri omenaldia. Asviamiek, aldiz, elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegian, Sidenor Industriali kalte-ordainak eskatzen dizkion langile ohia babesteko.

Beasaingo CAFeko sarrera nagusitik abiatuko da manifestazioa, amiantoaren biktimen omenezko monumentuaren ondotik, ostiral honetan, 09.00etan. Herriko kaleetan barna ibili eta monumentura itzuliko dira, amiantoarekin lan egitearen ondorioz hil diren lau lankideri omenaldi xumea egiteko.

CAFeko enpresa batzordeak antolatu du hitzordua. Oroitarazi duenez, Beasaingo lantegian 35 langile hil dira jada amiantoa erabiltzearen ondorioz, eta errekonozimendua lortu dute. Enpresa batzordeak gai honetan nahasita dauden enpresen jarrera salatu du, oztopoak jartzen dizkietelako gaixotu edo hildakoengatik kalte-ordainak eta laguntzak eskatzen dituztenei. Administrazioen jarrera itxia ere deitoratu du, «biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duen moduko konpentsazio funts bat sortzea eragozteagatik», baita aitortza berandu egiteagatik ere.

Bestalde, Asviamiek elkarretaratzea deitu du gaur goizerako Bilboko epaitegietan, Basauriko Sidenor Industriali 319.775 euroko kalte-ordaina eskatzen dion langile ohia babesteko. Honek mesotelioma pleural gaixotasuna du, amiantoarekin lan egitearen ondorioz, arriskuen berririk izan gabe eta prebentzio neurririk gabe. Arrazoi beragatik asbestosi eritasuna duen langile bati arrazoia eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak, eta Uralita enpresak 301.671 euro ordaindu beharko dizkio.