Idoia ERASO
BAIONA

Iaz bezala 1.930.000 euro emanen dira euskararen alde Ipar Euskal Herrian

Euskararen Erakunde Publikoak eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 11. aldiz sinatu duten hitzarmenaren bitartez euskararen alde ari diren eragile pribatuen artean 1.930.000 euro banatuko dira. 1.530.000 euro jarri ditu lehenak eta 400.000 bigarrenak.

Iaz sinatu zen 2017-2022 epealdirako esparru hitzarmenaren lehen eranskina izenpetu zuten atzo Beñat Arrabit EEPko presidenteak eta Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Bertan lau lan ildo nagusiak zehazten dira: hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetza antolatzea, B1 mailako agiriaren baliokidetza gauzatzeko; Euskararen Adierazle Sistemaren proiektua sustatzea eta EAS webgunearen datu bilketaren jarraipena egitea; EAEko itzulpen kudeaketarako tresnak partekatzea eta terminologia adituekin lankidetza egituratzea; eta VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostena egin eta hedatzea.

Aurrekontuaren banaketa bi multzotan eginen da. 1.550.000 euro EEPrekin hitzarmen bat duten eragileen artean partekatuko dute, eta 380.000 euro proiektu zehatzen inguruan diru-laguntza deialdi baten bitartez emanen dira. Maiatzaren 16ra arte luzatuko da deialdira aurkezteko aukera.

Ipar Euskal Herrian euskararen alde egin den lana aitortu zuen Zupiriak: «Lehen sustatzaileak ginen eta Iparraldean erakunde berriak sortu diren honetan bultzatzaileak izatea dagokigu». Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak euskara politika berria abian jartzean atzerapena dutela baieztatu zuen Elkargoko hizkuntza arduraduna ere baden Arrabitek. Ekainean ezagutaraziko dutela iragarri zuen.