GARA
LAZKAO

Lazkaoko sanprudentzioek bigarren asteburuari egingo diote aurre

Pasa den ostiralean hasi ziren festak, baina astean zehar etenalditxoa egin dute, bihar berriro ere gogoz hartzeko. Sanprudentzioak maiatzaren 1era arte luzatuko dira, baina amaitu eta berehala, hurrengo larunbatean, Lazkaomendik hartuko die lekukoa.

San Prudentzio jaietako lehen asteburua giro paregabean pasatu ostean, bigarrenari ere maila horrekin ekiteko erronka dute lazkaotarrek.

Bihar bazkalostean hasiko da egitaraua martxan, plazako frontoian egingo duten haurren arteko xake txapelketarekin. Jarraian, leku berberean, VII. esku pilota herrikoiaren finala jokatuko da. Gauerako haurren zein helduen binakako kros mistoak antolatu dituzte; eta eguna borobiltzeko, emanaldia eskainiko du Drindots musika taldeak.

Larunbatean, goiz eresiak 9.00etan esnatuko ditu bizilagunak, eta horren ondotik, zenbait elizkizun ekitaldi izango dira. Gero, 12.00etan, trikitilariek joko dute plazan, eta ordubete geroago, udaletxe aurrean, dantzariek sokadantza egingo dute. Arratsaldean, pailazoak izango dira txikientzat Lazkao Txiki plazan (eguraldi txarra eginez gero, kiroldegian). 18.00etan, dantzariek emanaldia eskainiko dute plazan, eta 20.00etan, aldiz, Nogen taldeak. Oihan Vegari egokituko zaio eguna borobiltzea.

Igandea ere goiz eresiarekin hasiko da, eta gero, 12.00etan, Kantaka abesbatzak emanaldia egingo du parrokian. Txikientzat, goiz eta arratsaldez, haur parkea muntatuko dute Lazkao Txiki plazan, Euskadi plazan eta Ikastolan. 19.00etan, sardina-jatea izango da plazan eta bitartean playbacka Kantu Kolore eta Ilargi Beltzaren eskutik.

Egitaraua asteartera arte luzatuko da, jaiegunak direla baliatuz. Hala, astelehenean Lazkaoko 75. Txirrindulari Proba jokatuko da, 10.00etatik aurrera. Txirrindularitzarekin lotuta, akrobazien eremura joko dute ondoren, eta 12.00etan, Funbox Factory ikuskizuna izango da plazan. Gainera, Kuadrillen Eguna izango da astelehena. Bestalde, asteartean, igeriketa, bakailao eta dantza suelto lehiaketak egongo dira, adibidez.

Txosnetan, ekitaldi anitzak

Txosnagunean ere prestatu dute euren egitaraua. Gaur bertan, 17.32ean, patata-tortilla lehiaketa egingo dute. Bihar egun mardulagoa izango dute, ostirala dela eta. 18.01ean, talo festa egingo dute eta ondoren, 20.01ean, elkarretaratzea euskal preso eta iheslarien alde. Afalostean, 23.33ean, kontzertuak hasiko dira: Bi bala, Itziarren Semeak eta Alerta Gorria.

Igandean, txosna martxan jarriko da arratsaldean, eta 17.02erako altxorraren bila jolasa prestatuko dute. Gauean berriro kontzertuak egongo dira, kasu honetan Alerta Gorria taldeak errepikatuko du, eta honekin batera Breaking Brokkoli eta KOP arituko dira.