I.ERASO - M.IANTZI
M

HENDAIATIK IRUñERA, ESTATUZ ESTATU, MIGRANTEEN ESKUBIDEEN ALDEKO BIDAIA

BIDASOA ZEHARKATZEN DUEN SANTIAGO ZUBIAREN ONDOAN, BI ESTATUAK BANATZEN DITUEN IBAIAREN ONDOKO HENDAIAKO ERRETENTZIO ZENTROTIK ABIATU ZEN ATZO HIRU EGUNEZ EUSKAL HERRIA ZEHARKATUKO DUEN MUGAK ZABALDUZ KARABANA. HILERO EGITEN DEN ISILTASUN BOROBILAREKIN BAT EGIN ZUTEN HEGOALDETIK HELDUTAKOEK.

Iparraldea eta Hegoaldea, Estatu frantsesa eta Estatu espainiarra, legediak eta errealitateak ezberdinak badira ere, Europar Batasunaren politika berekin topo egiten dute etorkinek Bidasoaren bi aldeetan. Horregatik, Euskal Herriak bizi duen banaketa administratibotik harago, migranteen aldeko mezua helarazi nahi izan zen atzo Hendaiatik hasi eta Iruñera bitartean.

Astelehenean Bilbora helduko den Mugak Zabalduz karabanaren lehen urratsak sinbolismoz beteta egon ziren. Hegoaldetik bost “pateratan” heldu ziren “migranteak” Iparraldera, gorputza manta termikoekin estalita. Hendaiara heltzean, dozenaka lagunen babesa jaso zuten. Jarraian, “Inor ez da ilegala” edo “Ongi etorri errefuxiatuak” garrasiak ahotan zekartzaten Hegoaldeko kideek, Lapurdin Etorkinekin kolektiboak hilero antolatzen duen Isiltasun Borobilarekin bat egin zuten.

Frantsesez eta euskaraz, Ipar Euskal Herriko kolektiboko kideek Hendaiako erretentzio zentroak, urtebetez itxita egon eta gero, duela hiru aste berriro ateak ireki zituela salatu zuten. Ordutik une oro ia beterik izan dela salatu zuten, baita bertara eramaten dituzten gizonen %20 Hendaian bertan atxilotu dituztela. Aldi berean, egunero Hendaiatik 40 bat migrante pasatzen direla azaldu zuten.

Adingabekoen egoera ere nabarmendu zuten, hiru asteotan bost pasatu direlako jada eta arazo hori gero eta handiagoa izango delako. Zentzu horretan, Macronek abian eman nahi duen asilo eta immigrazio legeak dituen arriskuen berri eman zuten.

Santiago zubirantz abiatu ziren gero, eta “Gipuzkoa” jartzen duen kartelaren ondoan zen plastikozko hesira heltzean, “pateretako” kideek zizaila batekin harresia apurtu, eta, Lapurdi atzean utzita, Europako beste estatu batera abiatu ziren, “Mugak zabaldu, inor ez da ilegala” mezua aldarri. “Atzerritarrak Barneratzeko Zentrorik ez” eta “Pateretan hildako gehiagorik ez” gazteleraz oihuka heldu ziren Irunera.

Adierazpena

Bidasoaren hegoaldean, Santiago zubiaren ondoan itxita dagoen beste zubiaren hesien aurrean, Mugaz Zabalduz karabanako lau lurraldeetako ordezkariek eta Etorkinekin kolektiboko kide batek gizarteari helarazi nahi dioten mezua irakurri zuten, euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Mugak Zabalduz ekimenak, Greziara eta Melillara egindako karabanetan parte hartu ondoren, orain Euskal Herrian jarri nahi izan du begirada, «hemen ematen diren praktika politiko eta ekonomikoak salatzeko».

Atzo abiatutako karabanaren geldialdi bakoitza salatu nahi dituzten egoeran erakusle da: Hendaiako migranteentzako zentroa, bi estatuetan ematen den pertsonen kanporatze automatikoaren isla den muga, Bardeako tiro poligonoa, eskola segregazioa eta Bilboko portutik gerran diren herrietara egiten diren arma bidalketak. Zentzu horretan, «pertsona guztientzat eskubide oro» eskatu zuten.

Karabanak Andoaingo SAPA arma enpresarako bidea hartu aitzin, Iruñeko Auzitegiak “la Manada” ezizenez ezagututako taldearen kontra emandako epaia salatu eta bortxatutako neskari sostengua emateko hartu zuten hitza ekintzaileek. “Gora borroka feminista” aldarrikatuz bukatu zuten agerraldia.

Iruñea

Arratsaldeko seietan iritsi zen Mugak Zabalduz karabana Nafarroako hiriburura. Motxilak Ezkabako kiroldegian utzi, eta, 19.00etan puntuan, elkarretaratzea egin zuten Elhadji Ndiaye oroitzeko. Senegaldar jatorriko herritarra Poliziaren zaintzapean zela hil zen 2016ko urrian, Iruñeko polizia etxean, bortizki atxilotua izan eta gero.

Ndiaye omentzeko ekitaldian, SOS Arrazakeria eta Africa Unida taldeetako bi kidek hartu zuten hitza. «Sarekada arrazistak» salatu zituzten, «beltzak izateagatik bakarrik egiten direnak». Kritikatu zutenez, Ndiaye «modu bortitzean» atxilotu zuten, eta gero «abandonatuta utzi» zuten, nahiz eta oso gaizki egon. Handik ordubetera hil zen. SOS Arrazakeriako eta Africa Unidako kideek argi erran zuten «erailketa» izan zela. «Sarekada arrazistak» salatuz kalejira egin zuten jarraian Nabarreriara, eta siluetak jarri zituzten polizia etxeetan eta «kartzela hutsak besterik ez diren» etorkinak behin-behinean hartzeko CETI zentroetan hildakoak gogoan.

Alde Zaharrean barna ibili eta udaletxera joan ziren azkenik. Bertan, salatu zuten nahiz eta Iruñean aldaketaren gobernua egon, «arauak gogortzen» ari direla etorkinentzat. «Legez kanpoko komertzioa» debekatzeko neurriak hartu dituzte, top manta-ren kontrakoak, eta horiek gogor gaitzetsi zituen atzo Mugak Zabalduz karabanak.

Eguna bukatzeko, afari autogestionatua egin zuten Ezkaba kiroldegian, biharamunerako atseden hartzeko. Tutera eta Gasteiz dituzte zain.

Honi buruzko guztia: M