A. ARTOLA
DONOSTIA

SSIFF markaz, nortasun grafiko berria izango du Zinemaldiak

Irudi eta grafismo berria izango du Donostiako Zinemaldiak irailaren 21etik 29ra ospatuko den 66. ediziorako. TGA estudioak «denboran irauteko pentsatua» dagoen trazu garbi eta lodidun maskorra diseinatu du, eta estilo bera eman die jaialdiaren irudi ofiziala osatuko duten akronimoko SSIFF (San Sebastian International Film Festival) hizkiei.

SSIFF. Akronimo hori nabarmentzen da Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen txartel berrian: hemendik aurrera, San Sebastian International Film Festival gisa aurkeztuko du bere burua Zinemaldiak, ingelesez eta hiriaren izena gaztelaniaz idatzia daramala.

Hala iragarri zuen atzo Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak jaialdiaren nortasun grafiko berriaren aurkezpenean. Zehaztu zuenez, TGA estudioak diseinatu du grafismo berria, helburu garbiarekin: marka eguneratzea eta ikusgaitasun handiagoa izatea. SSIFF hizkiekin batera maskorraren irudia agertuko da, trazu lodi, garbi eta geometrikoekin. Kasuan kasu, alboan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ere emango da jaialdiaren izena.

Zinemaldiko atal ezberdinetako kartelak ere aurkeztu zituzten, Sail Ofizialarena izan ezik. Kasu horretan, grafismo orokorra errespetatu eta sail bakoitzari kolore bana esleitu diote, desberdintzeko.

«Savage Zinema»-rik ez

Ekitaldi berean iragarri zuen Rebordinosek “Savage Zinema”, abentura kirolekin lotutako filmak hartzen dituen sekziorik ez dela izango 66. edizioan. «Bide hori amaitutzat eman dugu eta ez dugu baztertzen inoiz berreskuratzea, beste molde bat hartuta», zehaztu zuen.

Zinemaldiaren erronka garaikide nagusien artean Elias Querejeta Zine Eskolaren irekiera eta emakume zinemagileen lana ikusaraztea daudela nabarmendu zuen eta, hitza hartuta, jaialdiko komunikazio arduradun Ruth Perez de Anucitak iragarri zuen 66. edizioan azterketa bat abiatuko dutela, atalez atal, Zinemaldian emakumeek duten presentzia neurtzeko.