Xole ARAMENDI

«Gatazkak egiten nau ni, agian nire segurtasunek baino gehiago»

Gaztetatik idatzi du oholtza gainean zein kanpoan bizitakoaz Oier Guillanek. Gordeta dituen kaierak arakatzetik hainbat ahots atera dira «Zauri Bolodia»-n (Txalaparta). Autobiografikoak zein fikziozkoak. Orain arteko lorpenez jabetzeko bide eman dio, pauso berriak ematen hasi aurretik.

gara-2018-05-04-Entrevista
gara-2018-05-04-Entrevista

Alter ego bat ez, bi sortu dituzu libururako, Zauri Bolodia eta Madame Slip. Jolasteko bidea ematen dizutela zenioen aurkezpenean. Horrez gain zer da, distantzia, babesa?

Esan daiteke baietz. Disimulurik gabe egin dut, ez zen hain garrantzitsua benetakoa zer den eta zer ez, kontatu nahi zena baizik. Jolas modura egin dut, oso modu performatiboan. Zauri Bolodiak jolaserako bidea eta materialetik distantzia hartzeko bidea ematen zidan. Eta Madame Slip bigarren txiribuelta da, Zauri Bolodia berarekiko distantzia hartuz, etengabe jolastuz.

Zauri Oier gaztea da, eta Madame Slip Oier heldua?

Izan daiteke irakurketa bat... baina bizitzan dena nahastuta doa. Badut Miss Karaoketik, Mr. Señoratik, Zauri Bolodiatik... Zauri Bolodia sentitzeko modua da, jarrera, matizekin, baina askok bizi izan duguna.

Aitortu duzu zure lagunek eta zuk zeuk ere gertuago sentitzen duzuela orain Madame Slip. Azal iezadazu...

Zauri Bolodia nolabait gainbeheran dagoen idealista da. Gauzak berrikusten ditu baina sakonean dena izaten jarraitzen du. Badu puntu patetikoa, egotzi dizkiodan ezaugarriak nahiko estankoak direlako. Eta kontrastea beste pertsonaiengandik datorkio, ez Madame Slip bakarrik, baita Jota edo Urdina bezalako pertsonaiengandik. Patetikoa suertatzen den heinean jendeak nahiago du beste ahots ironikoagoa edo zirtolariagoa. Madame Slip erakargarriagoa egin zaie askori. Madame Slipek dio bera dela azken idealista. Zinikotzat du bere burua baina sakonean jarraitzen du benetako idealista izaten eta ezin du jasan bere burua ere. Horrelako pertsona asko ezagutu ditut, oso oldarkor agertzen direnak, eta pixka bat ezagutuz gero konturatzen zara sufritzen ari direla. Denok ditugu gure maskarak bizirauteko.

Beste edonork garai batean idatzitako testuak kaxoian utziko zituen, erabat identifikatzen ez delako. Baina fokua zure eboluzioan jarri duzu.

Bai, interesgarriagoa iruditzen zitzaidan diskurtsoa eraikitzea baino gatazka non dagoen detektatu eta horretaz hitz egitea. Horrek egiten nau ni, agian nire segurtasunek baino gehiago. Ez du esan nahi segurtasunak ez ditudanik, baina pertsona baten barne gatazkaren bilakaera azaldu nahi nuen.

Mina eginez mina kentzen du masajistak, halaxe sentitu omen zara idazterakoan.

Umorea, absurdoa, hitz-jokoak... asko maite ditut, ikuslea edo irakurlea probokatzea. Baina liburu honetan ez zitzaidan ateratzen. Sentitzen nuen beste tonu batean beste gauza batzuez hitz egin nahi nuela. Akaso ‘Mr. Señora’ eta ‘Miss Karaoke’-ri oso lotuta ikusten nituelako. Une batean trilogia irudikatu nuen, orain “Zauri Bolodia”-rekin ixten dena. Baina barne gatazka horretan konturatu nintzen asko zirela minak. Beldur nintzen ez ote zen liburua oso minera eta gatazkara bideratua atera. Eta orduan, masajistarekin akordatu eta lasaitu egin nintzen.

Aurreko lanetan pertsonaia eta aktorea landu ondoren pertsonarengan jarri duzu begirada.

‘Mr. Señora’ oso esperientzia polita izan zen eta gustura geratu nintzen antzerkian sentitzen dugun ahots mota bat islatu nuelako, ez dagoena oso definitua narratiboki, poetikoagoa dena, eta bere sormen propiorako esparru handia uzten diona aktoreari. ‘Miss Karaoke’ –oraindik antzezten segitzen dugu– aktore ikuspegitik azken urteotan Metro Koadroka kolektiboan lantzen ditugun kodeen loratzea izan zen. Eta pertsonaren eremuan sartu nahi nuen. Noski, dena nahastu egiten da, eta bizitzan bezala, liburuan ere plano desberdinak daude.

Pertsona eta aktorea desberdintzea izango da zailena.

Denborarekin datorren beharra da. Aktorearena egitea tokatzen zaizunean –berdin dio oholtza gainean ala prentsaurrekoan, hori ere pertsonaia baita– eta zure burua epaitzen dutenean jakiteko ez zarela zu, zure lana baizik, beharrezkoa da momentu batean desberdintzea. Zu beste gauza bat zarela zure lanetik aparte. Eta gainera, guri interesatzen zaigun antzerki kodea da, performancearekin lotura handia duena. Talde askok egin du gauza bera.

Antzerkigintzan amaitu duzun poeta zara. Poetaren lana oso bakartia da; antzerkigintza, aldiz, taldekoa. Horixe da antzerkira lotu zaituena?

Bai, antzerkira poesiatik iritsi nintzen. Errezitaldiak egiten hasi ginen gaztetan, Mikelazulo elkartean asko bultzatu gintuztelako. Nik sekula ez nuen pentsatuko antzerkia egiten bukatuko nuenik. Oso arrotz egiten zitzaidan. Gure gorputza gero eta gehiago ezagutzeko beharretik etorri zen. Horren arrastoa da gure kontatzeko modua ez izatea narratiboa, poesiaren egituretan oinarritzen da gehiago.

Neuk ere, idazle naizen aldetik, urte luzez sekulako talka sentitzen nuen taldearekiko. Asko kostatu zitzaidan taldearen barrutik antzerkirako idaztea zer den ulertzea eta esperimentatzea, oso neuretik idazten nuelako. Taldeak asko ematen zidan baina oso exijentea zen era berean, nekagarria. Eta gero konturatu nintzen biak behar ditudala, bakarkakoa eta taldekoa, eta biek asetzen dituztela behar ezberdinak nire barruan. Antzerkia aurrez paperean idazten dudanean, ‘Mr. Señora’-ko testu batzuen kasuan bezala, gehiago da taldearekin antzezteko astirik ez dudan testua gordetzeko modua, taularatzeko asmoz egindakoa baino. Benetan taularatu nahi ditudanean taldearekin hasten naiz lanean eta beste prozesu mota da, oso aberasgarria. Niretzat apasionantea da. Eta jarraitzen dut idazten, oreka politean bizi naiz.

Jarraitzen duzu poesiarekin?

Zentzu hertsian ez, ez dut poema sorta pentsatzen, baina ez daukat poesiarik idatzi ez dudanaren sentsaziorik. Transformatu egin da. Gero eta gehiago konturatzen naiz idatzi dudan guztia bat dela, gero eta kontzienteago, lan denak imajinario baten barruan daudela. ‘Eskuen sustraiak’ eta ‘Elkartasun basatia’ izan ziren gero ondorengo beste lan guztietan landu dudan aurkibide moduko bat. Askotan bueltatzen naiz lan horietara, izan ere, hor dagoelako dena. Jarraian ikus daitezke liburuak eta koherentzia baten barruan sentitzen ditut nik.

Zer ematen dizu idazteak eta zer argitara emateak?

Ez da berdina irakurlearekin edo ikuslearekin sortzen den harremana, biak dira aberasgarriak niretzat. Idaztea nire bizitzaren parte da, nire eguneroko pertsonaletik hasita. Eta idaztea besteekin egoteko modua ere bada. Bizitzaren eta lanaren parte egin zait idazketa eta ikaragarri disfrutatzen dut. Urte askotan idatzi dut argitaratu gabe, baina askoz gehiago idatzi dut antzerkirako. Eta azken urteotan egin dudana da aurrez idatzitako idazlanak antolatu eta forma eman, sormen lan berri bat sortuz.

Argitaratzeak ematen dit irakurlearekin harreman bat oso desberdina dena eta denboran desberdin irauten duena. Antzerkia oso intentsoa da, hartzailearekin harreman oso estua eta berehalakoa duzu, asko ikasten duzu berehala eta ikusleak ematen dizunak eraldatu egiten du zure sormen lana, aldatuz doa. Aldiz, liburu batekin ezin da hori gertatu, feed-backa puntualagoa da baina denboran zehar luzeagoa. Antzerkia argitaratzeak ematen dit artxibatzeko, asimilatzeko, pausatzeko, transmititzeko modua eta hori ere asko interesatzen zait. Liburuak ematen dio antzerkiari transmisioa egiteko zerbait, ez soilik testuarena, sormen prozesuarena ere bai.

Transmisioa bada zure kezka.

Bai, ikusten dut belaunaldien arteko inkomunikazioa gainditzeko beharra. Gu hasi ginenean ez genekien zer egon zen aurretik. Gauza askok eragin zigun eta kolpatu gintuzten. Eta gerora jakin dugu gehiago ere egon zirela, baina ez genuen aukerarik izan hura zer zen jakin, barneratu edota ukatzeko, nahi izanez gero. Eta jaso genuen apur hura oso inportantea izan zen, talka sentitzea aurrekoarekin, hori sormenaren parte da. Horretarako zailtasunak daude, antzerkian behintzat bai. Gure lanaren bitartez belaunaldi berriekin harremanetan gaude eta jende zoragarria ezagutu dut. Baina pena ematen dit eurek ez jakitea Antzerkiola Imaginarioa edo Legaleon-T taldea zer izan zen, edo Antton Lukuren lanak ezin izatea ikusi. Moduak bilatzen ari gara.

Zauri Bolodiak autogestioaren eta sare publikoetan hemengo kulturak bizi duen bazterketaren arteko oreka aldarrikatzen du. Zuk ere bai?

Autogestioa oso balio positiboa da, ezinbestekoa den haize freskoa da. Askotan emanaldi zoragarriak dauzkagu, beste antzokietan baino indartsuagoak, publikoa aktiboa delako, ez pasiboa. Hori zaintzen bada publikoa hazi egiten da. Eta programatzaile batzuk gero eta kontzienteago dira aurretiko publikoaren lanketaren beharraz. Egia da plaza batzuetara iristea kosta egiten dela asko, ez dagoela zirkuiturik pentsatuta bertako konpainiak babesteko. Ez bada oso ezaugarri jakin batzuk dituzulako, jende asko erakartzen duzulako, edo politikoki oso korrektoa zarelako, edo auskalo zer eta oraindik irabazteko dago. Dena den, hori idatzi nuenean banaketa handiagoa zen. Nik uste azken urteotan euskarazko konpainien eremua indartu egin den heinean gero eta gehiago ari dela sartzen zirkuitu ofizialetan. Baina oraindik ez da nahikoa, erdaren oso atzetik dabil, eta badaude hainbat gurpil zoro ez direnak apurtzen.

Kultura beste modu batean egin behar dela sinesten duten programatzaileak ezagutu ditut. Saiatzen gara harremana saretzen, baina eurak ere bakarrik ikusten ditut. Oso ahalegin indibidualetan geratzen da sarri, zoritxarrez. Interesa badago kultura beste modu batean kudeatzeko baina bai euskaraz lan egiten dugun sortzaileoi begira, bai erakunde publikoetan lanerako prest daudenei begira babes orokorragoa falta da.

Zauri Bolodiak horrela dio: «Erakusleihorik, fokurik eta diru laguntzarik gabeko antzoki inprobisatuetan ikasi dut zer den antzerkia».

Bai, gutako askok tabernetan, gaztetxetan... egin dugu gerrillako teatroa ez soilik behartuta, baita maite dugulako ere. Teatroa ulertzeko beste modu bat delako. Biak uztartu behar dira.

Etsipena da nagusi liburuan zehar. Horri aurre egiteko bi elementu aipatzen dira, adiskidetasuna eta pasioa. Zure esperientzia hala izan da, batez ere krisi uneetan?

Bai, ‘zertan ari naiz?’ galderaren aurrean adiskide sarean asko apoiatu naiz. Diru laguntzarik jaso ez dugunez konpainien arteko elkartasunean sostengatu gara. Horrek salbatu gaitu. Eta pasioa. Zaurik hainbeste sufritzen badu da sentitzen duen pasioagatik.

Idoia Beratarbideren irudiek liburuari gorputza eman diotela diozu.

Bere presentzia liburu hauetan –‘Mr. Señora’-n ere bereak dira irudiak– oso inportantea da. Hitzari falta zaion gorputza berak eman dio irudien bitartez.

«Ez dut sentitzen feminismoaren inguruan diskurtsoa defendatzeko gaitasunik, kalitaterik, ez zilegitasunik»

«Transfeminismoaren eta genero ez-adostasunaren gudu zelaitik etorriko da XXI. mendeko iraultza posible bakarra», dio Zauri Bolodiak.

Zelako esaldi borobilak botatzen dituen pertsonaia horrek! [Kar, kar]. Horretan bai, lagundu dit pertsonaia hartzeak. Nik ezingo nituzke gauzak modu horretan esan, ez banuke maskara jantziko. Momentu batzuetan sentitu dudan zerbaitetik sortu da esaldi hori. Noski, testuinguruan jarri behar da, kontraesanez eta barne borrokez ere hitz egiten baita liburuan eta marko horretan kokatzen dut. Hortik haratago niri oso inspiratzaileak egiten zaizkit borroka horiek eta asko ikasten ari naiz. Eta seguru asko bizitza osoan ikasten jarraituko dut, umiltasun handiz.

Feminismoaren jabekuntza prozesua nola gertatu da zure kasuan?

Ez da ariketa intelektuala izan. Nik ez dut sentitzen diskurtso bat defendatzeko ez gaitasunik, kalitaterik, ez zilegitasunik. Baina pertsona bezala kezkak ditut, gaur egun oso konpartituak direnak zorionez jende askorengandik. Zortea izan dut, txikitatik jende oso interesgarriaz inguratuta egon naizelako. Ez zaizkit inoiz arrotzak egin horrelako diskurtsoak eta gogoetak. Gure belaunaldiko asko egongo dira antzeko egoeran. Ez denak, noski. Nire gurasoen belaunaldikoekin oso lagun giroan bizi izan naiz eta lagun asko ditut euren adinekoak. Kalean asko bizi izan naiz, ezkertiar gizarte mugimenduen inguruan, izan homosexualitatea, izan intsumisioa, izan feminismoa... niretzat bizitzaren parte izan da hori. Akaso kuriosoa da nola gure belaunaldiko askok horrelako gurasoak izan dituen eta gero beste bilakaera bat izan duen. Niretzat prozesu naturala izan da. Hazia hor egon da, eta horrez gain ingurura begiratu besterik ez dago. Gutxieneko sentsibilitate bat baduzu... niri gauzek eragin egiten didate. Bizi ditut eta horren parte sentitzen naiz.

Bukatzeko, asko gustatu zaidan esaldia: «Biziko ez ditugunak (uneak) bizi ditugu oholtza gainean. Biziko ez ditugunak bizi gaitu oholtza gainean».

Antzerkia nik ulertzen dudan bezala egina badago gertatzen ari den zerbait da. Badu errealitatetik zerbait, ez da errepresentazio hutsa. Oholtzatik kanpo biziko ez duzuna bizi dezakezu edo bizi duzun hori modu intentsoagoan. Oso ederra da. Elikatzen zaitu modu batean publiko zein aktore gisa zeinean gero eguneroko bizitzan arrastoa geratzen den. Oxala izurritea izatea antzerkia eta jende asko kutsatzea! X.A.