Idoia ERASO
URRUÑA
Elkarrizketa
ODEI BARROSO ETA GORKA RODRIGUEZ
2ZIO TALDEKO KANTARI ETA KONPOSITOREAK

«Euskarazko raparen egoera aldatzen ari dela ikusten da azken urteotan»

«Orain eta hemen» egotera gonbidatzen duen lan berria plazaratu du rap talde lapurtarrak. Hirugarren lan honekin 2zio taldeak bere ohiko kritika sozialerako joera atxikitzen badu ere, barnera begira ere jarri dira bi idazleak. Odei Barroso eta Gorka Rodriguezek hitzen bitartez disko berri honi eman dioten ikuspegi iluna arintzen du Jo Olaskoagak sortu duen musikak.

Urte eta erdi oholtzetatik kanpo egon eta gero, hirugarren diskoa atera berri du 2zio taldeak. Kontzertuetan hasteko prestatzen ari da hirukotea, eta maiatzaren 11n Hondarribian egingo duten lehen emanaldiren ostean, aurtengo Herri Urratsen kantaren egile izanik, jai horretan kantatuko dute hilaren 13an. “Prefosta” leloa berretsiz, han izanen dira, euskarazko rapa ahotan, ikastolen alde giroa berotuz.

Prestaketa lanen baitan Jo Olaskoagarekin duten entsegura joan aitzin, Odei Barroso eta Gorka Rodriguez GARAren erredakziotik igaro dira disko berriaren berri emateko, eta raparen egoeraz mintzatzeko.

Zer aurkituko dugu «Orain eta hemen» lan berrian?

Odei Barroso: 12 abesti berri, ukitu berri batekin, orain arte egin dugunaren segida edo garapen bat erakusten duena. Garapena zentzu ezberdinetan da, musika 2zio da beti, baina argi pixka bat gehiago du, eta hitzetan, esango nuke, barnerago doala, kantuen tematikak barnera begirakoak direlako asko. Baina betiko kritika eta ikuspegi kritikoa atxikitzen dugu.

Bi aldeen balantza eginik esango nuke barnera begirakoak toki asko hartzen duela, baina barnera begira egoteak ez du esan nahi kritikoa ez denik. Kritikoa da norberarekiko, sentimendu mota batekiko, gaur egungo gizarteak inposatu dizkigun izateko modu batzuen isla agertzen delako.

Nola definituko zenuke disko berri hau?

Gorka Rodriguez: Nik ikusten dut aurrerantz pauso bat badagoela oro har, bai musika bai hitzen aldetik, baita rapeatzeko moduan ere. Abestietan estiloa aldatzen da, baina argiago izanik ere, 2zio izaten jarraitzen du.

Zuetariko bakoitzak gero kantatuko duenaren hitzak idazten ditu, barnera begirako kantuetan nola lortu duzue bat egitea?

O.B.: Lortzen ez dugunetarako daude bakarkako abestiak. Abestietan kontrasteak sortzen ditugu, batek ikuspegi bat du eta besteak bestea. Horrek aski argi uzten du gai beraren inguruko bi idazketa daudela.

G.R.: Zerbait falta baldin bada bestearen koplan, osatzen eta ikusten dugu bion artean.

O.B.: Bai, baina testualki doan testua norberarena da. Horregatik idatz dezakegu bakoitzak bere barruari edo ikutzen gaituenari begira.

Gaiak nola hautatzen dituzue?

O.B.: Musika Jok sortzen du; horren gainean gai bat adosten dugu musikak iradokitzen digunarekin, bereziki tematika orokorrean, argia izanen den edo iluna, eta gero gai zehatza ikusten dugu. Batzuetan batek idatzia du jada, eta besteari esaten dio horri buruz idatzi duela eta besteak bere partea egiten du, edo ez, eta ezezkoa bada, hasi duenak bukatzen du.

Gehienetan erabakitzen dugu gai jakin bati buruz idatzi beharko genukeela, eta batzuetan gaia pentsatu gabe ere idazten dugu. Nik batzuetan ez dut gairik, idazten dut barnekoa; “Mozorroturik” kantuan Gorkak esan zuen ezin zuela segitu.

G.R.: Oso kantu pertsonala zen; niri zaila egiten zitzaidan ildo beretik joatea. Egin izan banu, oso ezberdina izango zen, eta ez zen hain ongi ibiliko. Hori bezala, nik ere badut beste kantu bat, non niretzat rapa zer den esaten dudan; akaso berdintsua da denontzat, baina bakoitzak ikuspegi ezberdina du berari ekartzen dionari buruz.

Duela hiru urte, «Bideak» diskoaren aurkezpenerako egin genuen elkarrizketan raparen mundua, eta bereziki euskaraz egindakoa, aski marjinala zela erraten zenuen, baina hori pixkanaka aldatzen ari da.

O.B.: Bai, hiru urteotan ikusten da aldatzen ari dela. Talde gehiago daude; batzuk, gainera, jendeak ezagutzen dituenak. Gu raparen munduan gaudenez, ezagutzen ditugu, edo jendeak idazten digu sortzen ari direla esanez. Rapa norberak ere egin dezake, askotan pertsona bat da, bere lagun batekin, gero eta gehiago.

G.R.: Oraindik bide handia dago egiteko, baina ikusi dugu hazi egin dela azken urte hauetan.

Garai batean jendeak esaten zuen rapak euskaraz ez zuela «sonatzen»...

O.B.: Bai, baina zorionez hori aldatu da. Duela lau urte jendeak galdetzen zigun euskaraz egiten genuen rapa, espero dut orain inork ez digula galdetuko, hori jada agerikoa da, orain jada ez da eztabaidarik. Guretzat lehen ere ez zegoen, baina…

Egungo onarpen egoera baino lehen hasi zineten; zentzu horretan, zuen harritxoa jarri duzuela iruditzen zaizue?

O.B.: Bai, nik uste sortzen den rap talde bakoitza, euskaraz saiatzen den bakoitza, harri txiki bat dela mendian;bakoitzak bere harritxoa ekartzen du, eta guk gurea.

Ikusten da eragile esanguratsuen eskutik ere heltzen dela sostengu hori. «Prefosta» kantua egin duzue Herri Urratserako, Bertso Egunean izan zineten, Loraldia jaialdian…

O.B.: Bai, sentitu dugu babesa, Seaskatik, Bertsolarien Elkartetik, Loraldian… Bai, zorte pixka bat badugu, deitu gaituzte aski leku ezberdinetatik, egia da ongi hartua dela. Gainera, kontzertuetarako asko deitzen gaituzte, eskaera gehiago ditugu, eta ezin diegu guztiei erantzun.

Gero rap mota pila bat daude, eta egiten duzun rap motaren arabera batzuek ez zaituzte deituko, segur aski. Gurea ez dut etiketatu nahi, baina benetan kale-kaleko rapa egingo bagenu, beharbada ez gintuzkete deituko…

Zeuen burua etiketatu gabe ere, zein da helarazi nahi duzuen mezua?

O.B.: Niretzat terapia bat ere bada, asko laguntzen didan bide bat. Ez dut etiketatuko, baina hori hor dago, eta hitzetan ikusten da zeri buruz idazten dudan. Etiketatu behar bagaituzte, nahiz eta guk nahi ez, hori da egiten duguna: sistema, eta inguratzen gaituen guztiarekiko kritiko eta autokritiko izatea. Kritika eta autokritika da 2zio, kanpoko gauzak kritikatzen ditugu, baina gure barrukoak ere bai.

Autokritika hori oso argi ikusten da atera duzuen lehen bideoklipean, «Ni eta zu»-n.

O.B.: Geure buruari ari gatzaizkio, bakoitza bere txandan, baina agertzen da dena pertsona bera balitz bezala, joko hori atzeman genuen irudietan jartzeko. Gogorra da bai, beharbada entzuteko ere bai.

Irudien bitartez ere komunikatu nahi duzuela ikusten da; bideoa oso poetikoa da. Stephane Etchegaray «Etxe»-rekin elkarlanean egin duzue.

G.R.: Etxe poeta bat da, kameraren poeta. Asko pentsatu genuen istorioa nola sortu, eta berak eman dituen detailetxo guztiek ere bideo oso poetikoa egiten dute, baita irudia ere: kontrasteak izanda, lehenik itsasoa, gero sua, amildegia…

O.B.: Elkarlan handiko klipa da, guk bideoklipa zer izatea nahi genuen idatzi dugu, eta berak iruditan jarri du. Erabateko elkarlana izateak eraman gaitu hain pozik egotera. Benetan, klipa 2zio da, estilo hori, mundu hori, 2zio da. Etxek profesionaltasun guztia jarri du, oso aberasgarria izan da.

G.R.: Idatzi dugun paranoia oso ondo islatu du. Kantuak berak ere, «zu zara ni eta ni naiz zu», pixka bat badu gure erokeria horretatik.

Disko honetan salaketa sozialak besteetan baino toki txikiagoa du eta barnerako begiradak handiagoa. Joera bat dela uste duzue?

O.B.: Beharbada, nahi gabeko joera bat. Baina kritiko garenean gurekiko, kritiko gara ere gizartearekiko; batera doazela uste dut. Zuk jartzen dizkiozu kateak zeure buruari. Hau da neure buruari kritika bat egitea hori eragin duen gizarteari ere kritika egitea da. Gizarte joerak gero norberaren izaeran eragiten duena. Sutilagoa da.

G.R.: Kritika egiteko beste modu bat da, baina badago kritika zuzena ere beste kantu batzuetan.

Musika argiagoa eta melodikoagoa dela esan daiteke.

G.R.: Bai, base batzuetan Jok pixka bat argiagoak egin ditu.

O.B.: Soul joera bada, sanpleekin egina; orain arte oso soul gutxi sartu izan dugu. Ez dira denak melodia ilunak; badira noski, baina askoz argiagoak ere badaude.

G.R.: Kherau taldearen sanple bat ere erabili dugu. Haiekin harremanetan jarri ginen, “Leihotik” kantua sanpleatzea posible genuen eskatuz, baiezkoa eman ziguten, eta egin dugu.

O.B.: “Badakit zagozana” deitzen den kantu herrikoi bati musika egin zioten, horrekin hasten da gure kantua, gero sanpleatua da, eta ez du zerikusirik.

Maiatzaren 13an ospatuko den Herri Urratserako «Prefosta» kantua ere egin duzue. Nolakoa izan da esperientzia?

G.R.: Prozesu zaila izan da horrelako kantu baten hitzak egitea, buelta gehiegi eman dizkiogu. Esperientzia polita izan da, baina hasieran, eta grabatu arte, izan genituen gure komeriak etxean. Gero oso polita izan da, bai grabatzea haurrekin, baita estudioetan ere.

O.B.: Zaila izan da, ez delako gure kantua, eta ezin dugu nahi duguna egin. Eskatzen dizutelarik, hain gauza zehatzerako, eta gainera joera iluna alde batera utzita, ez da erraza, baina oso pozik gaude emaitzarekin.

Hirugarren disko hau ere autoprodukzioan egin duzue; aukerarik eza baino hautu bat da?

O.B.: Hautu bat da, bai. Egiten dugun guztiaren jabe gara, hasieratik bukaerara arte, askatasun osoa dugu nahi duguna egiteko, nahi ditugun denborak errespetatzeko. Orain bezala, esaterako, urte eta erdi pasa da kontzertuak utzi genituenetik, baina hori ere hautu bat da; momentu horretan ez zetorkigun ongi.

G.R.: Askatasuna ematen du zentzu batean, baina gatibu ere bazara, zure CDa delako, eta lan handia dago horren atzean.

O.B.: Lan bat da, egiten duzuna musikari edo idazle bezala, rapero bezala, gure kasuan, baina gero grabatu, muntatu, masterizatu, diskoaren maketazio guztia egin, inprimatu, promozio testuak prestatu, klipaz arduratu… lan handia da, baina pozik egiten duguna. Gainera, gure lanaren emaitza da erabat, hainbeste mimatu ondoren, ateratzen den egunean oso polita da.

G.R.: Argi dago, zuk emango diozun ukitua, ez da kanpokoa den norbaitek egingo balu bezala. Oso pozik gaude emaitzarekin.