Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezustekoa eta konfirmazioa

Danel Elezkano, Buruz Buruko Txapelketak eman duen ezusteko nagusia, etaAimar Olaizola, zalantzak erabat uxatu dituena, prest dira larunbaterako.

Aimar Olaizola eta Danel Elezkano prest dira etzi Labriten jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako lehen finalerdirako. Goizuetarra, 38 urterekin oraindik txapela janzteko faboritoen artean dagoela argi utzita, eta zaratamoztarra, lehiaketako ezuste nagusia behe-behetik hasi eta hiru kanporaketa gaindituta, finalerako lehen txartela eskuratzen saiatuko dira.

«Saria oso potoloa da. Niretzako finalerdi batzuk jokatzea gauza handia da; Aimarren aurka jokatzea oso berezia izango da. Argi dago faboritoa bera izango dela, izenez eta jokoz, baina ez dut horrekin presiorik kendu nahi. Uste dut azkenean biok berdina daukagula jokoan, saria ederra da, eta nire partida egiten saiatuko naiz. Nire jokoa atera eta ea aukerak izan ahal ditudan», onartu zuen Danel Elezkanok larunbatekoaz.

Egindako txapelketa aparta erabat borobiltzea litzateke finalera sailkatzea, are gehiago Oinaz Bengoetxea eta Aimar Olaizola bezalako bi txapeldun handi kanpoan utzita: «Aukeraren bat izateko aurrekoan bezain ongi edo hobeto jokatu beharko dut. Horrelako pilotarien aurka, bai Aimar eta bai Oinatzen aurka, dena ongi egin behar da eta, hala ere, askotan ez da nahikoa izaten. Asko asmatu beharko dut, gutxi oparitu, eta asmo horrekin etorriko naiz».

Olaizola abisatuta dago, eta Danelen ibilbidea goraipatu zuen atzoko aukeraketan. «Sasoi oso onean dago, Binakakoan ere ikusi da zer maila eman duen. Uste dut horrek konfiantza handia eman diola eta pilotari bat horrela dagoenean oso arriskutsua izaten da. Hiru partida irabazi ditu eta hori ez da kasualitatez gertatzen», gogoratu zuen goizuetarrak, bera ere une onean iristen dela gehituz.

Gainera, Elezkanoren lorpena egoera orokorrago batekin lotzera ere ausartu zen. «Argi dago azken urte hauetan pilotari asko daudela irits daitezkeenak (finalerdietara); jokatzen den moduagatik eta pilotari asko daudelako modu horretara moldatzen direnak, airez ongi jokatzen dutenak. Ikusi besterik ez dago lau serie buruak kalera joan direla. Agian, beraiek ez dute beraiena eman, baina aurkariek ere jokatu egiten dute».

Zorionez, ez zen arazorik egon materialarekin, eta biek egokitzat jo zituzten pilotak. Deskribapen bat eskatuta, Elezkanok hauxe aipatu zuen: «Bereak agian frontisetik gehiago irteten dira eta nireak agian lurrean tiro gehiago daukate, gehiago ibiltzen dira».

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak jokatuko duten bigarren finalerdirako material aukeraketa gaur egingo dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 11.00etan hasita. Partida hori igande arratsaldean jokatzekoa da.