Nire lagun eroa
Egunero kalean ikusten nuen, bakarrik hizketan, imintzioka. Mesias bat zela esaten zuen oihuka. Bazekiela zergatik geunden guztiok gaixo, bazuela giltza, baina inork ez zuela aintzat hartzen. Berdin zitzaion, ostera. Egunetik egunera ulergaitzagoa zitzaidan bere elekeria, eta ez preseski kontzeptu jasoak erabiltzen zituelako. Nahiago zituen objektu eta gauza domestikoak, geure galbidearen sinbolo gisa. «Dena da –zioen– metafora bat» geure bizitzan. Desodorantea. Platerak garbitzekoa. Ray Ban betaurrekoak. Instagram. Garbantzu enbotatuak. Halako gauzak. Denak gaixotasun beraren sintoma: geure patu terribleari ihes egiteko zio alferrikakoarena. Nartzisismoa da erlijio berria. Gurutzearen ordez, ispilua. Hori zioen. Eta konbentzitua zegoenez, gero eta zarpailagoa eta narrasagoa zen. Lurrean etzanda jaten zuen. Higuingarria zen. Kiratsa zerion. Ez zuen bere garaikideen galbideaz aldentzeko beste modurik aurkitzen, zikin ibiltzeaz aparte. Etsigarria zen, ezin nuen laguna hala ikusteak sortzen zidan mina jasan. Behin lurrean etzanda topatu eta lagundu nahi izan nuen. Sakon, harriduraz begiratu zidan, ia errukiz: «Hik lagundu behar al didak?». Barre egin zuen. «Nork nahi du ongi bizi?», esan zuen, «begira, orain ETAkoak ere desagertu dira, eta zer egin dute ETAren kontrakoek? Negar». Horixe esan zuen. Nire lagun eroak.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
