Maider IANTZI
DONOSTIA
Elkarrizketa
IBAI REDONDO
LAB-EKO HEZKUNTZA POLITIKAKO ARDURADUNA

«Bide bat proposatuko dugu hezkuntza batzeko»

Ziklo politiko berri bat hastera doa Euskal Herrian. Hori da behintzat ezker abertzalearen eta LABen ahalegina. Horretan hezkuntzak oinarrizko papera duela konbentzituta dago sindikatua eta, ekarpena egiteko asmoz, «Hezkuntza egitasmoa berritzen» eztabaidarako dokumentua aurkeztuko du. «Zauriak sendatu, errespetuz lan egin eta zatituta daukagun hezkuntza sistema batzeko unea iritsi da».

Bihar eguerdian Usurbilgo Udarregin izanen den ekitaldian LABeko hainbat kidek parte hartuko du, 30 urteotan sindikatu honek eta bertze eragileek hezkuntza sistema propioa eraikitzeko egin duten lanaren laburpentxo bat osatzeko. Ziklo berri bat irekitzeko asmo eta beharretik abiatuta, bereziki aitzinera begira egiteko dutenari helduko diote.

Murrizketa eta mobilizazioak hezkuntza sistemaren gaur egungo egoeraren ezaugarri dira. Etapa hori ixtear dago?

30 urteotan LAB Irakaskuntzako zuzendaritzan ibilitakoek eta afiliatuek esaten dute azken hamarkadetako borrokaldirik handienetako bat dela. Lakuako Hezkuntza Saila oso estu hartu dute afiliatuek, urte eta erdi honetako greba eta mobilizazioak oso garrantzitsuak izan dira, eta azken hamar urteetan hezkuntzan aplikatu dituzten murrizketa horiek atzera botatzea lortuko dugula uste dugu. Irakasleak eta hezkuntzako langileak oso mobilizatuta daude eta borrokak bere emaitzak emango ditu, seguru gaude. Nafarroan ere antzera. Bai Nafarroan bai EAEn murrizketen aurkako mobilizazioak egin dituzte, eta datozen asteetan egoerak desblokeatu eta adostasunak lortzen hasiko diren esperantza dugu. Oinarri horiek jarri ondotik etorriko dira ganorazko hitzarmenak. Guretzat inportantea da horrelako borrokaldi bat emaitza txukunekin bukatzea. Badugu konfiantza. Gero borrokan jarraitu beharko da, duela zortzi-bederatzi urte zeuden lan baldintzetara bueltatzea oinarrizkoa baita. Gure ustez, oso lotuak daude lan egiteko eta ikasteko baldintzen duintasuna. Ez dago hezkuntza duinik lan baldintza duinik gabe.

Hezkuntza sailekin dauden gatazka hauetatik harago doaz erronkak. Segregazioa da horren adibide.

Guretzat atal bat bada lan baldintzena, hezkuntza duina lortzearekin lotuta. Baina hortik askoz harago goaz. Hezkuntzan arazo eta erronka oso potoloak dauzkagu; hainbat neurketa egin da azken urteetan eta frogatu da Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemak ez daudela egoera onean. Argi gorri asko piztu da. Hainbat arazo aipa daiteke, aldi berean erronka direnak. Gure ustez, hezkuntzak jendarteko injustiziak gainditzen lagundu behar du. ‘Segregazioa’ baino ‘segregazioak’ daude: badago errenta eta jatorriaren araberako banaketa bat, badaude eskolak klase sozial altukoentzat, teorian kalitatezkoak, eta badaude klase sozial baxuenetakoentzat beste eskola batzuk, azken urteetan ghettoen antza hartu dutenak. Orokorrean horietan ikasten dutenen gurasoak kanpotik etorritakoak dira eta ikasleei ez zaie bermatzen ganorazko hezkuntza bat. Sexuaren araberako banaketa ere egiten da oraindik Euskal Herriko hainbat ikastetxe pribatutan. Aurten halako eskola sare batek Gasteizen ikastetxeak erosi ditu eta, gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du segregazio hori onartu behar dela eta diruz lagunduak izateko eskubidea daukatela. Hizkuntzagatik ere segregatzen da: A, B eta D ereduek banaketa horretan laguntzen dute. Erronka handi bat daukagu hor aukera berdintasuna bermatzeko, euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea segurtatzeko, bertako edukiak ikasteko, bertako curriculumarekin. Jendarteko beste arazo bat emakume eta gizonen arteko aukera eta eskubide ezberdintasuna da eta hori konpontzen ere lagundu behar da hezkuntzatik. Hezkuntzak berak bakarrik ezin du, baina bere esku dagoen guztia egin behar du arazo hauek guztiak konpontzen laguntzeko.

Publikotasuna da beste erronka bat.

Gure herriak euskal eskola publiko bat behar du, parte-hartzailea, herrian txertatua. Baina etorkizuneko eskola hori Espainia eta Frantziako hezkuntza sistemekin lotzen dugu etengabe, eta LABek esaten duena da sistema horiek ez direla erreferenteak. Guk gure publikotasun eredua eraiki behar dugu, gure artean erabakitakoa; hau da, burujabetza behar dugu. Betaurreko berriekin begiratu behar dugu. Guretzat askoz eredu hobeak dira Finlandia edo Estoniako sistemak. Bide bat planteatuko dugu nahi duten ikastetxe guztiek guztion artean adostu behar dugun hezkuntza sistema berri horretara trantsizioa egiteko. Gure ustez, tartean egon behar dute euskal eskola publiko guztiek, ikastolek, nahi badute eskola libreek ere bai. Orokorrean, uste dugu ezin zaizkiola ateak inori itxi. Zatituta daukagun gure hezkuntza komunitate hori batu beharra dago, sare desberdinetan dabiltzan irakasle, langile, ikasle eta gurasoak batu behar dira, errespetuz. Batzuek ikastola batean lan egingo dute, besteek eskola publiko batean, edo beste nonbait, baina nahi duten horien guztien artean zatiketak eta zauriak gainditu behar dira, asko baitaude, errespetuz lan egin, eta elkarlanera eta adostasunera pasatu beharko da.

Erronka hagitz handia da.

Uste dugu planteamendu berritzaile bat jartzen ari garela mahai gainean eta hau dela momentua. Euskal Herriko ziklo berria hezkuntzatik ere elikatu behar da. Ez da bulego batean eraiki beharreko zerbait, euskal herritar guztiok parte hartu behar dugu eta, nola ez, hezkuntza komunitateak ere bai. Biharko ekitaldian planteatuko dugu gure ustez trantsizio hori nola egin behar den. Aurrena gure afiliatuekin eta hezkuntzako eragile batzuekin bilduko gara.

Eztabaidatzeko proposamen bat eginen duzue.

Eztabaida irekia dago. “Hik Hasi” aldizkari eta mugimendu pedagogikoak proposamen bat egin zuen kurtso hasieran. Non gauden eta nora joan behar dugun irudikatu zuen. Oro har, hezkuntza komunitateak bat egiten du helburuetan: sistema euskalduna behar dugu, aukera berdintasuna bermatuko duena, publikotasun berri bat, segregazioak gainditu… Nahiko konpartituak diren helburu horietara heltzeko bide bat proposatzen saiatuko gara gu. Egia da erronka oso potoloa dela eta ez dituela fruituak egun batetik bestera emango. Beharra badago, sektore batzuetan gogoa ere bai, uste dugu pausoa emateko momentua dela eta horretara goaz. 30 urteko LAB Irakaskuntzaren historian zatiketa ugari bizi izan ditugu; ez sindikatu moduan, hezkuntza oso zatitua ikusi dugu. Orain garai berri batean gaude eta hau da, gure ustez, herri bezala egin behar den ekarpen handietako bat, hezkuntza sistema duin bat herri duin bat eraikitzeko.

Pausoz pauso joan beharko da, zatiketak handiak eta urtetakoak direlako.

Bereziki Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1993ko hezkuntza legearekin aukera egon zen publikotasun eredu berri bat martxan jarri eta ikastetxe sare ezberdinen artean konfluentzia bat sortzeko, baina azkenean Buesa eta PSOEren legeak bi aukera utzi zizkien ikastolei: zegoen eredu publikoan txertatzea edo kanpoan gelditzea eskola kontzertatu eta pribatuekin batera. Guk uste dugu hori tranpa handi bat izan zela eta, zoritxarrez, asko izan ziren, izan ginen, horretan erori ginenak eta elkarlanean aritu beharrean sare ezberdinen arteko lehian aritu garenak. Uste dugu momentua dela lehia hori gainditzeko eta batzen gaituen horri heltzeko. Erronka oso potoloak ditugu esku artean eta handira jokatzeko momentua da: hezkuntza sistema bat, burujabea, eta publikotasun bat euskaldunen betaurreko propioekin eraikitzeko. Gaur egun EAEn ikastetxeen %52 publikoak dira eta %48, kontzertatuak edo pribatuak. Gure iritziz, ia ikastetxe guztiek eredu publiko berri horretan bat egin beharko lukete. Bide handia dago egiteko, ezin dugu itxaron egun batean eragileak ados jarri arte, baina bitartean eragileen eta norbanakoen akordio hori prestatzen joan behar dugu.

Ikastetxe guztiak aterki beraren azpian baina bakoitza bere izaerari eutsiz, ezta?

Espainia eta Frantziako ereduak ez ditugula kopiatu behar esaten dugu, besteak beste sistema publiko horiek oso zentralizatuak direlako eta guk deszentralizazioan sinesten dugulako, ikastetxe bakoitzaren proiektuan eta hezkuntza komunitatearen proiektuan. Hau da, eskola bakoitzak bere izaera izan behar du; ez da berdina eskola bat Bergaran edo Maulen, nekazaritza ingurune batean eta oso gune industrial batean, oso gune euskaldun batean eta ez hain euskaldunean. Lan hau egiterakoan kanpoko eredu asko ezagutu ditugu, eta gehien gustatzen zaizkigun gauzak ekartzen saiatu gara: Estoniatik edo Finlandiatik, deszentralizazio maila, adibidez. Udalek eta tokiko hezkuntza komunitateek izugarrizko pisua daukate eta emaitza oso onak ematen dituzte, ez dira goitik behera eginak, ikastetxeek behar duten finantziazioa dute eta gero bakoitzak bere proiektua egiten du. Hemen antzeko zerbait proposatzen dugu, euskal administrazioen aterkipean, ikastetxe bakoitzak bere proiektua eginez.

Publikotasunaren zakuan ahalik eta ikastetxe gehien sartu behar ditugu, baina baldintza batzuk bete behar dituzte: ikasle guztiek euskaraz ikastea bermatu behar dute, doakoak izan behar dute, aukera berdintasuna bermatu behar dute… Bakoitzak finantziazio nahikoa izango du eta eskolako komunitateak aukera izango du proiektua egiteko. Administrazioak finantziazioa ziurtatu behar du eta kontratazioak egiterakoan lehentasunak eta bermeak jarri. Hau da gure proposamena, baina honetaz asko hitz egin behar da, eta lasaitasunez, askotan ematen baitu ezin dela hezkuntzaz hitz egin. Inportantea da etorkizuna eta erronkak irudikatzea. Orain goazen elkarrekin egiteko bide bat adosten saiatzera.

Zeintzuk gonbidatu dituzue bihar Usurbilen eginen duzuen ekitaldira?

Bereziki LABen dabiltzanak eta ibili direnak gonbidatu ditugu. Publikoki aurkeztuko dugu proposamena. Ez da soilik LAB-Irakaskuntzarena, LAB osoarena izango da. Hedabideei aurkeztu, eta eztabaida irekiko dugu. Bereziki 40.000 afiliaturen aldetik jasoko ditugu ekarpenak, baina hezkuntzako beste eragile batzuekin bilerak egitea ere espero dugu. Ez dugu uste LABen proposamena izan behar duenik; guk gurea egingo dugu, beste eragileen ekarpenak jasoko ditugu, baina beste sindikatu eta eragile batzuek ere beren proposamenak egitea eragin nahi dugu.