Jon ORMAZABAL
PILOTA

Azpeitia, Gipuzkoako pilotaren loraldiaren ispilu

«Herrialdeko pilota-familia osoaren eguna» izan nahi duen festa antolatu dute Izarraitz eraberrituan, umeentzako ekitaldiez gain, Elezkano eta Ezkurdiaren arteko lehia izango duen egitarau oparoarekin.

Badira urte batzuk, Gipuzkoako pilotak, batez ere esku pilotak, loraldia bizi duena. Hor daude Altuna, Irribarria eta Rezustaren txapelak eta azken hiru urteetan, Buruz Buruko finalean herrialdeko ordezkari bat egon izana. Hala ere, erakusleiho handi horretatik harago, asko eta asko dira egunero hainbat elkartetan lanean aritzen direnak, eta sarri hain ezkutukoa den lan hori gizarteratzeko antolatu zuen iaz lehen aldiz Gipuzkoako Pilota Federazioak Pilota Eguna. Eskuz Eskukoaren hirugarren posturako lehiaren aitzakiapean osatutako egitarau zabalak arrakasta izan zuen eta ekimena errepikatuko dute aurten ere, igande honetan Azpeitian.

Hiriburuaren ostean antolakuntzarako Urola erdialdeko herri hau aukeratu izana ez da kasualitatea, distira handiko pilotari profesional bat falta duten arren, nabarmena da-eta Ilunpe eta Ikasberrikoen lan eskergaren ostean Azpeitian esku pilotak azkenaldian izandako gorakada. Urrutira joan gabe, Azpeitiak irabazi zituen Gipuzkoako eta Euskal Herriko azken herriartekoak. Gainera, Izarraitz pilotaleku «historikoak», txukuntze lan batzuen ostean, ateak berrirekiko ditu eta hori ere aitzakia ezin hobea da Pilota Eguna Azpeitian ospatzeko.

Egitarau zabala

«Pilota Eguna Gipuzkoako pilotaren familia osatzen dugunon eguna izatea nahi dugu; hau da, pilotariena, gurasoena, eskoletan boluntario dabiltzanena eta, oro har, pilotazale ororena. Horregatik dei egiten diegu Gipuzkoako pilotazale guztiei, igandean Azpeitira etor daitezen», azaldu zuen Federazioko lehendakari Andoni Lertxundik.

Azpeitira gerturatzen direnek, pilota ardatz, egitarau zabal batez gozatzeko aukera izango dute. Goizeko hamarretan jarri dute lehen zita eta herriko hainbat frontoitara zabalduko dute festa. Bertan, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek pilota jokamolde ezberdinetan aritzeko aukera izango dute. Gainera, zenbait espezialitatetako erakustaldiak ere izango dira. Goiza amaitzeko, Crohn gaixotasuna duten pertsonen aldeko elkartearen aldeko elkartasun-barrena jokatuko da, eta zenbait pilotari profesionalek ere hartuko dute parte. Eguerdian Azoka Plazan bazkari herrikoia izango da eta arratsaldeko bostetan, profesionalen jaialdia, Ezkurdia eta Elezkanoren arteko lehiarekin.

Eskura egokitutako pilotalekua

Frontoi luzea, erremintaz aritzekoa, da berez Izarraitz pilotalekua, baina eskuak azkenaldian Azpeitian hartu duen indarra dela eta, Ilunpekoentzat Frontoi Txikia, txiki geratu dela eta, herriko pilotaleku nagusia ere esku pilotara bideratu du Azpeitiko Udalak. Estitxu Elduaien Kirol Batzordeburuak azaldu zuenez, erabakia hartzen herriko lau pilota klubek hartu dute parte eta «oso erraza» izan omen da herriko beharretara hobekiago moldatuko den pilotalekua egokitzeko erabakiak hartzea. Hori dela eta, lau elkartetako –Emakume taldea, Ilunpe, Ikas Berri eta erremontistei– pilotariei omenalditxo bat eskainiko zaie igandean.

Egokitzapen horretan, koadroak eskuzko neurrietara margotu dira (3,5 metro), kantxa estutu eta kontrakantxa zabaldu dira, lurra konpondu dute eta frontisa apur bat jaitsi dute. Aldaketa hori gehiago igartzeko ere lehengo kolore berdea izatetik beltza izatera pasatu da eta itxura benetan dotorea du Izarraitz zaharberrituak.J.O.