2018/05/17

Lanari beldurrik ez dioten bi gazte, larunbaterako prest

Erasunek eta Bakaikoak, 21 urtekoak biak, sufritzeko gaitasuna erakutsi dute.

A.A.
0517_kir_pilota

Jon Erasun eta Joanes Bakaikoa prest dira larunbatean jokatuko duten Promozio mailako Buruz Buruko Txapelketaren finalerako. Zizurkilgo atzelaria eta Etxarriko aurrelaria pilotari gazte bezain langileak dira, sufritzeko gaitasun aparta dutenak, eta finala orain arte ikusitakoaren bidetik joaten bada, pentsatzekoa da Labriteko neurketa luzea eta gogorra izango dela.

«Paper gainean hala ematen du, baina inoiz ez da jakiten, agian gero uste baino azkarrago joaten da», adierazi zuen Erasunek hortaz galdetuta. «Ez gara jotzaileak, eta lan egitera ohituta gauden bi pilotari gara», gaineratu zuen etzi bere lehen final handia jokatuko duen 21 urteko gipuzkoarrak.

«Txapelketa on bat egiteko esperantza neukan, eta banekien lan on bat eginez gero finalean sartzeko aukerak izango nituela. Hala ere, nola hasi nintzen ikusita, aurreneko partida larri-larri irabazita [21-22 Ugalderi], ez nuen pentsatzen finaleraino iritsiko nintzenik», onartu zuen.

Desberdina da Joanes Bakaikoaren kasua; izan ere, etxarriarrarentzat bigarren finala izango da jarraian. Iaz 22-18 galdu zuen Arteagaren kontra, eta aurten txapela jantzi nahiko du.

«Seinale ona da berriz ere hemen egotea. Iazkoa ezusteko handia izan zen niretzat, eta gutxigatik galdu nuen. Aurten ere ilusioz nago, badakit partida zaila izango dela, baina nirea ematen saiatuko naiz, ea zer moduz moldatzen garen», esan zuen nafarrak, hankak lurrean ondo jarrita: «Garrantzitsuena ordu eta leku egokian maila ematea da. Entrenamendu onak egiteak ez du ezertarako balio gero finalean ez baduzu maila ematen».

Esperientzia hori kontuan izanda, Erasunek argi du faboritoa Bakaikoa dela, baina bere jokoa egiten saiatuko omen da: «Ezker airez pilota asko luzatzen du. Ea pilota ondo gurutzatzen diodan eta aire hori kentzea lortzen dudan». Etxarriarrak, bestalde, nahiago du faborito izate horretan ez pentsatu: «Nik nirea egin behar dut, erotu gabe. Ongi hasi, zentratuta, eta hasieran berak ihes ez dezala egin. Lasai jokatu nahi dut, orain arte bezala, eta gero, partida nola doan ikusita, agian beste erabakiren bat hartu beharko da».