GARA
BILBO

Sei orduko lanuztea, gizarte esku-hartze sektorean

Gehiengo sindikala eta ELA bereizita mobilizatu ziren Bizkaiko gizarte- ekintza sektorean lan itun kolektiboa exijitzeko. Beste herrialdeetakoekin alderatuz, Bizkaiko hitzarmena da eskasena.

Bizkaiko gizarte esku-hartze sektoreko langileak laugarren aldiz mobilizatu ziren lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektiboa eskatzeko.

Bi deialdi bereizi egon ziren, bata gehiengo sindikalarena eta bestea ELArena. Biek ala biek goiz zein arratsaldez hiru orduko lanuztea egin zuten, baina elkarretaratzeak, ordu berean izan arren (12.00etan), leku ezberdinetan egin zituzten. LAB, ESK, CCOO eta UGT Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako departamentuaren parean bildu ziren protesta zaratatsua egiteko eta arratsaldeko 17.30ean Bilboko udaletxetik abiatuta manifestazioa egin zuten. ELAkoak, bestalde, eguerdian Aldundiaren egoitzaren aurrean elkartu ziren.

Exijitzen duten hitzarmenak 4.000 langileri eragiten die eta 2016tik eguneratu gabe dago. Ohartarazi zutenez, beste herrialdeetakoekin alderatuz, Bizkaiko hitzarmena da eskasena, soldaten arloan Araban hobekuntzak izan direlako. «Gipuzkoakoaren berdina izateko proposamena egin genuen, euskal gizarte-zerbitzuek herrialde guztietan berdinak izan behar baitute», gogoratu zuten.

Esku-hartze soziala

Sektore honek gizartearen beharrizanei erantzuteko egiten diren ekintzak hartzen ditu bere baitan, modu formalean zein antolatuan. Helburua, beti ere, pertsonen bazterketa soziala saihestu eta horiek gizarteratzeko ekintzak bultzatzea izanik.

Baldintza prekarioak salatzeaz gain, kexu agertu dira Bizkaiko Foru Aldundia finantzatzaile nagusia izanik, etengabeko murrizketak aplikatzen dituelako. «Eragin zuzena dute lanpostuen egonkortasunean, zerbitzuak eta programak ere desagerraraziz», nabarmendu zuen ELAk.