Bat ez, 398 txapel merezi dituzte
Joanes Bakaikoa da Promozio mailako Buruz Buruko txapeldun berria, ia 400pilotakadako final ikaragarri gogorrean Jon Erasun handi bat menderatuta.

ERASUN 17
BAKAIKOA 22
Joanes Bakaikoa da Promozio mailako Buruz Buruko txapeldun berria. Iazko finalean Axier Arteagaren aurka galdu ostean, aurten txapelak ez dio ihes egin eta datorren urtean Lehen Mailan jokatzeko aukera izango du etxarriarrak. Espero zen bezala, finala ikaragarri gogorra irten zen, eta horren erakusgarri bi pilotarien artean jo zituzten 398 pilotakadak, gaur egun Buruz Buruko Txapelketan ia ezinezkoa dirudien kopurua.
Hobeto sartu zen finalean Bakaikoa. Pilota aurkariak baino gehiago luzatuz, tantoa amaitzeko aukera onak izan zituen lehen txanpa horretan, baita asmatu ere: 0-1ekoa eskuinaz bikain moztuta eta 1-3koa ezkerraz ederki irekiz, adibidez. Baina Erasun ere berea emateko prest kantxaratu zen Labritera, eta zizurkildarrak ere tanto onak eginez lortu zuen markagailuari buelta ematea: 4-3koa zabalean ñakua eginda eta 5-3koa pilota errebotera bidaliz.
Ez zuen erraza ematen tarteak irekitzea, baina Bakaikoak arma baliagarri bat aurkitu zuen: sakea. Nafarrak hiru tanto segidan egin zituen lehen jokaldiarekin, eta 6-9 aurreratu zen. Erasun ez zen erori hasieran, eta 8-9 hurbiltzea lortu zuen, baina hurrengo bost tantoko partzialak min handiagoa egin zion.
Pilota ezkerreko horman ederki sartuz, eta seguruenik Erasunen nekea ere pilatzen hasia zelako, Bakaikoa 8-14 ipini zen aurretik. Lehen kolpea zen. Eta lau tantoko beste partzial bati esker 9-18 egin zuen alde, finala jada erabakita zegoela pentsaraziz.
Ez zen hala izan, ordea. Bi finalistek argi erakutsi zuten lanerako eta sufritzeko duten gaitasuna, eta sekulako defentsa baliatuz, Erasun berriz ere partidan sartu zen. Tanto luze eta gogor asko jokatuta, 17-20 hurbildu zen gipuzkoarra (tartean txapa azpira bidalitako pilota argi bat ere ontzat eman ziotelako), eta aurkaria, hura ere nekatuta, urduri ipintzea lortu zuen.
Baina horrenbeste pilotakada jo eta horrenbeste lan egin ostean nekea bientzat zen zama nabaria, eta Erasunek ere ez zuen asmatu azken tanto erabakigarri horietan. Bakaikoak sakea berreskuratu eta atzera jota lortu zuen 17-22koa, bi finalisten ezaugarrien isla bikaina izan zen amaiera gogorrean.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
