Oihane LARRETXEA
«

BIZIPOZA SOINEAN, HERRI BOTEREA ERAIKI

BIZITZA DA HANDIENA MUGIMENDUA BILUZI DA ETA DESKUBRITU DU MISTERIOA. DONOSTIAKO IDIAKEZ KALEKO ERAIKIN BAT OKUPATU, ETA «BORROKA SOZIALEN ASTEARI» HASIERA EMAN DIOTE. HERRITARRAK AINTZAT IZAN GABE HARTZEN DIREN ERABAKIAK SALATU ETA KALEAN BERTAN JARDUNGO DIRA. HILAREN 27RA ARTE GELDITZEA DA ASMOA.

Asteak ziren Donostiako kaleetan “Bizitza da handiena” pintadak ikusten zirela. Horren atzean ezer ote zegoen pentsatu baino, erritmo bizi hauekin ahaztu ohi dugun lema hori positibotzat jotzea zen naturalena, segundo batez irria lapurtu eta «egia da, ez dago gauza ederragorik» pentsatzea, gure gauzetara bueltatu aurretik.

Eta baziren egun batzuk sare sozialetan lema hori zabaltzen ari zela. Orduan bai, ideia bat, amets bat akaso, egosten ari zen susmoa zabaldu zen Donostian. Eta misterioa atzo estalgabetu zen jendaurrean, jende multzo batek Idiakez kaleko 6. zenbakian dagoen eraikin abandonatu bat okupatu zuenean. Okupazioa, ordea, ekintza sinbolikoa baino ez da izan.

Atzo hasi eta datorren igandera arte, maiatzaren 27ra arte, aldarrikapenez jositako astebeteko borrokan gauzatuko du hiritar talde bat, 60 herri mugimendu eta sindikaturen babesarekin.

Asmoak kideek baino ez zituzten ezagutzen, jakina. Biltzeko lekua Bulebarrean finkatu bazuten ere, apurka, eta kolorez jantzita, Gipuzkoa plazaren alboan dagoen eraikinera ailegatu ziren. Hamar urte luzez leiho eta ateak itxita egon ostean, haize freskoa eta argia sartu zituzten. “Herri boterea eraiki” lema erakusten zuen pankarta erraldoi bat fatxadan zintzilikatu, eta «borroka sozialaren asteari» hasiera eman zioten. Adierazi zutenez, «herritarron gehiengoaren aurka eta gutxiengo baten alde inposatzen dizkiguten politika eta erabakiei aurre egiteko astea izango da». Hain justu, datorren astean hiriburuan Turismoaren Mundu Erakundeak egingo duen goi bilkura baliatu dute ekintza abiarazteko.

Hirian garatu den turismo ereduaren aurka jaurti zituzten lehen kritikak. Autobus turistiko gorria ere igaro zen paretik, eta elkar agurtu zuten, nahiz atzerritarrek, noski, argi ez izan zer zela-eta iskanbila hura…

Kaleak erdigune

Eraikinaren barruan astebeteko kanpaldia egitea da asmoa, eta ez kalean. Atzoko lehendabiziko lanak, Estatuarena den eraikina garbitu eta txukuntzea. Egunero, 19.30ean, batzarra ere egingo dute eguneko beste ekintza eta erabakiak adosteko. Oraingoz ezin dute aurreikusia duten programazioaren berri eman, baina sare sozialen bidez iragartzen joango dira erabaki ahala. @bizitzahandiena kontuaren bidez jaso daitezke xehetasunak.

Erresistentzia, desobedientzia eta kolaboraziorik eza izango dira beren tresnak; ez dute indarkeria erabiltzeko inongo asmorik. Eta Polizia edo Ertzaintza agertuz gero, zer? Zenbait abokaturen eskutik jaso duten informazioaren arabera, agenteek hamar eguneko epean ezingo lituzkete eraikinetik kaleratu. Zazpi gelditzea espero dute.

«Bizipoza» lema nagusia baliatuz, herritarrak kontuan hartu gabe hartzen diren erabakiak kritikatu dituzte. «Guk, bulegoak baino, plazak nahiago ditugu». Eta hortxe, denona den kalean, arituko dira.

Honi buruzko guztia: «