GARA
BILBO

Herri hizkeren atlasaren IX. liburukia argitaratu du Euskaltzaindiak

Bilbon aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiak “Euskararen Herri Hizkeren Atlasa”-ren (EHHA) bederatzigarren liburukia eta horrekin batera argitaratu den CDa.

262 mapaz osaturiko liburuki berrian, batetik, giza gorputzarekin lotutako izenak bildu dira (betazal, ezpain, altzo, giltzurrun, muin...). Bestalde, janzkerari eta apaintzeari buruzko informazioa ere ageri da (txapel motak, gerrikoak, berokiak, gonak, orrazkerak, alajak...). Orobat, sexualitatea eta haurtzaroa ere aztergai izan ditu liburuki honek eta bi eremu hauetako lexikoa ere jasotzen da (haurdun egotea, jaiotzea, haurtzaroa, bularra ematea...).

Oraingoz, EHHAren bederatzi liburuki kaleratu dira eta guztiak daude kontsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Izan ere, bederatzigarrena atzo bertan jarri zen publikoaren eskura. Horrez gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean: liburukien testu osoak PDF formatuan daude eta lekukoen audioak ere eskegita daude.