Irati Gonzalez, Irati Tobar eta Josune Garcia
Euskal Herriko mugimendu feministako kideak

Feministok gerrari planto!

Bortxaketa masiboak, giza trafikora eta salerosketara behartutako neska gero eta gehiago, ikusezintasuna, biktimizazioa, lekualdatze behartuak, indarkeria matxistaren areagotzea... Emakumea objektu mailara beheratua eta gizonaren jabetzatzat hartua izaten da, oso modu basatian, gerretan. Hala, emakumeok eta geure gorputzak gerra-harrapakin gisa hartuak izan dira batzuetan, besteetan trukerako txanpon, gerlariaren atseden edota gudu-zelai gisa...

Hori gutxi balitz, gerretan kapitalismoa eta patriarkatua bateratzen dira. Ezin dugu ahaztu interes ekonomikoak direla gerrak, armadak eta euren makineria guztia mantentzen dituztenak. Elite ekonomikoak estatuekin batera aritzen dira herrien, herritarron eta, bereziki, emakumeon gaineko kontrola mantentzeko. Horrela suntsitzen dituzte gure lurrak eta, horrenbestez, herritarron baliabide eta mantenu gaiak. Pobrezia ekonomikoa areagotzen da, Mendebaldearenganako menpekotasuna handitzen delarik. Gainera, kolonialismo basati honen areagotzea dela eta, emakumeak menpekoago bihurtzen gara eta gure gorputzen eta lurraldeen kontrako bortizkeria handitzen da, gure bizitokian bizitzea arriskutsua izatera heltzeraino.

Gertakari hori enpresa eta transnazional handiek beren mesederako erabiltzen dute, gobernu eta instituzioen isiltasuna dutela medio. Horrela eramaten da aurrera eredu politiko-sozial kapitalista eta patriarkala, feminismoak aldarrikatzen duen filosofiarekin talka egiten duena, bizitzak erdigunean jarri eta bizimodu duina aldarrikatzen duena.

Bestalde, emakumeon biktimizazioa edota ikusezintasuna ere areagotzen da bai gerretan bai gatazka politikoetan. Zentzu honetan, beharrezko ikusten dugu historian zehar arlo honetan ere bete dugun papera eta egindako lanaren aitorpena egitea, baita gatazken konponbideen prozesuan subjektu aktiboagoa izatea ere. Hala ez denean gatazkon ondorioak basatien pairatzen dituztenen ahotsak falta direlako.

Hala ere, gerraren kontrako diskurtso politikoki zuzenak botatzea erraza eta doakoa da; baina ez dezagun ahaztu Abya Yalan, Palestinan, Sirian, Kurdistanen eta beste hainbat herrialdetan herritarrak erailtzen dituzten armetako asko edota kontrolerako tresneria asko Euskal Herrian ekoizten dela, gure gobernuburuen pasibotasunari esker eta gastu publikoa erabiliz maiz. Gerra hemen hasten da!

Horregatik guztiagatik animatzen zaituztegu egunotan, Gerraren Aurkako Emakumeon Nazioarteko Egunaren harira (maiatzaren 24an izan da) egingo diren ekimenetan parte hartzera. Bereziki, maiatzaren 26an Areetan (Bizkaiko Zubitik abiatuta) egingo dugun manifestazioan, Sener enpresatik ere pasatuko dena. Feministok gerrari planto!