Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Bai!

Irlandak baietz esan du, abortua legezkoa izan dadila haurdunaldiaren lehen 12 asteetan. %66,4 irmoaz, iraganeko egoera baztertu du, eta, batez ere, Elizaren esku-sartzea. Emaitzak –mundu mailako feminismo geldiezinean beste mugarri bat– kontserbadurismo katolikoaren agintea hartu du. Hango azkeneko tabua izateari utzi dio, eta herrialdea sekularizazioan bidean sartu da. %66,4 hori beste aurrerapauso bat da feminismorako, bai eta, haren olatu gero eta handiagorako inertzien bila, indar ultrakontserbadore boteretsuen porrot garrantzitsua ere, beren baliabideak katolizismo erreakzionarioaren azkeneko gotorlekua babestera bideratu dituzten munduko guztiena.

Fimon Harris Osasun ministroak iragarri du asteartean bertan eskaera egingo diola Gobernuari abortuaren araudiaren zirriborroa onartzeko, lege-proiektu bihur dadin. Bestetik, Fianna Fail oposizioko alderdiko buruzagiak bermatu du bere taldeko diputatuek, kanpainan ezezkoaren alde agertu direnek, ez dutela eragozpenik jarriko irlandarren borondatea gauzatzeko bidean.

Emaitza, orain, Ipar Irlandara hedatu behar da, non abortuaren legea ezin zorrotzagoa den, non ez dagoen onartuta ezta bortxaketa edo intzestua izan denean edo umekiak anomalia sendaezina duenean ere. Irlandako Errepublikan abortua legeztatzeak errazago jarriko dizkie gauzak Ipar Irlandako andrazkoei, haurdunaldia eteteko bidaiatzera behartuta daudenei; 2016an, 700 emakumek baino gehiagok zeharkatu zuten Irlandako itsasoa Ingalaterran abortatzeko.

Halere, borrokan jarraitu beharra dago abortatzeko eskubidea lortzeko. Mundu osoko ultrakontserbadoreek beti izaten dute emakumeon gorputza beren borroka-eremu ideologiko, eta, Trump boterera iritsi zenetik AEBak hartzen ari diren norabideak adoretuta, hainbat garaipen izan dituzte. Erne daude, halaber, eskubideen kontrako Europako erakundeak, munduko feminismo gero eta zabalagoa dena astintzen ari delako; hala, beren kontraerasoa indartzen ari dira. Abortu eskubidea arriskuan da Europa ekialdeko hainbat herrialdetan, Polonian eta Eslovakian, kasu, non eskubideen kontrako taldeak gogor egiten ari diren sexu –eta ugalketa– eskubideen ezarpenaren kontra. Orain, Irlandan abortua legeztatzearen kontrako haien kanpainak kale egin duenez, lege berria ahalik eta zorrotzena izan dadin borrokatuko dira, eta andrazkoek horretara jo beharra dutenean egin beharreko bidea katramilatsua izan dadin.