Haritz LARRAÑAGA
Surf

Baliko surf istorioak: Uluwatutik Grajaganera

Egunotan Indonesian dira lehen mailako surflariak. Nork ez du entzun Bali eta bertako olatuen istoriorik? Hurrengo lerroetan uharteari buruzko kontakizunak biltzen dira: 30eko hamarkadako surflariak, 70eko hamarkadako hippyak eta urautsi galduen aurkikuntzak.

Indonesiako Bali uharte famatuan dira WSLko lehiakide esanguratsuenak egunotan. Arrazoia? Bi txapelketa garrantzitsu izango dira bertan datozen egunetan, biak lehen mailakoak, bata Keramaseko eskuin olatuan eta bestea Uluwatuko ezker olatu mitikoan. Aurtengoan, nesken zein mutilen CT itzulian lehenengo aldiz atxiki dute Keramaseko txapelketa, eta Uluwatukoa ostera, marrazo gehiegi zegoelako apirilean Australian amaitu ezin izan zuten Margaret Riverreko txapelketa osatzeko jokatuko da.

Uluwatu izan zen Indonesiara surfa erakarri zuen lehen urautsi garrantzitsua eta surfa inguruko uharteetara ere bertatik zabaldu zen. Keramas eta Ulwatuko urautsiak, biak konplexu turistikoek irentsi dituzte egun, baina, hala ere, Uluwatuk Indonesiako surfaren hiriburu izaten jarraitzen du. Izan ere, Keramaseko eskuin olatua ederra da, Indonesiako beste hainbat eta hainbat urautsi bikain bezala, baina guztien artean Uluwatu da historia gehien duena.

Baliko lehen surflaria

Bere senar desleialarekin guztiz kokoteraino zegoen unean ezagutu zuen Louise Garrettek Bon Koke tenis jokalari profesionala eta elkarrekin ihes egitea erabaki zuten. Ekialde Urrunera jo zuen bikote maiteminduak eta, Yokohama eta Shangai zeharkatu ostean, Balira iritsi ziren azkenean.

Iritsi eta gutxira hotel bat eraiki zuen bikoteak Kutako hondartzan. Bost urte geroago argitaratu zen “Our Hotel in Bali” liburuan kontatzen dutenez, 1937ko martxoan estreinatu zuten ofizialki Kuta Beach izeneko hotela.

Koke, tenis jokalaria bakarrik ez, surflaria ere bazen, eta Hawaiiko etxean zuen sekuoia zurezko taula astuna Balira eramanarazi zuen. Garaian ohikoak ziren alaia taula hawaiiarrak eraikitzeko lan egin zuen jarraian hoteleko langileekin, bezeroek taula laburragoekin surf errazago egingo zutelakoan.

Enplegatuei surf egiten irakatsi ostean, hauek ere turistei irakasteko moduan ziren eta mota guztietako ikasleak omen zituzten. Haien artean, hiltzeko zorian egon zen aristokraziako agure alargun bat edo koktel sorta bat edan ostean uretatik ateratzen lagundu behar izan zituzten zenbait festazaleren kasuak aipatzen dituzte liburuan.

1941eko abenduan japoniarrek Hawaiiko Oahu uhartean zegoen (egun oraindik badago) Pearl Harbour base militar estatubatuarra bonbardatu zuten eta gerra piztu zen Ozeano Barean. Indiako Ozeanoan dagoen arren, Baliko industria turistikoak ateak itxi zituen eta, Urteberri bezperan, Kokes senar-emazteek haien Chevrolet autoa hartu eta ferry bidez Java uhartera alde egin zuten. Horrela, Baliko olatuek bakar-bakarrik lur hartzen jarraitu zuten, 70eko hamarkadan berriz ere surflari australiarrak uhartean agertzen hasi ziren arte.

Hippyak Indonesian

Vietnameko gerrarekin batera surfak indarra hartu zuen Balin. Gerran zebiltzanek airetik ikusitako urautsiak probatzeko gogoa zuten, eta gerrara ez joateagatik Ipar Amerikako estatuak ezar ziezaiekeen zigorretik ihesean zenbiltzan intsumiso estatubatuarrak ezkutatzeko ere leku egokia zen. Horrela, 70eko hamarkadan, oraindik salbaia zen uharte batean, sasoiko surflari hippyek lur hartu zuten.

Lehena nor izan zen esatea zaila da, guztia denbora oso laburrean gertatu baitzen, baina badira eragin handia izan zuten zenbait datu objektibo. Esaterako, 1972. urtean “Morning of the Earth” surf filma kaleratu zen eta Uluwatuko olatu bikainak agertzen ziren bertan. Urte bat geroago 20.000 turista izan ziren Balin eta haietatik erdiak surf egitera joana ziren. BBC kateak “Balinese Surfer” filma ekoitzi zuen 1976an eta surflari gehiago erakarri zituen uhartera. Surfa egonkortzen hasia zen eta 1979an lehen surf elkartea sortu zen, Bali Surf Club. Urte bat geroago lehen surf txapelketa profesionala antolatu zuten, “Om Bali Pro 1980” izenekoa. Aldiz, ez zen txapelketa esanguratsua izan, Kutako hondartzan egin baitzuten eta egiazko olatu ederrak handik urrun baitzeuden, oraindik gerturatzeko zailtasunak eskaintzen zituzten eremuetan.

Garai hartaz asko dakien eta asko idatzi duen surflarietako bat Phil Jarratt da. Egun 67 urte ditu eta Bali eta Hawaii artean bizi da. 2015ean argitaratu zuen “Bali: Heaven and Hell” (Bali: zerua eta infernua) liburuan ongi deskribatzen du Balin 70eko hamarkadan zegoen giroa.

Oraindik olatu berriak aurkitzen ari ziren sasoia zen, hippyen garaia, eta Balin mota guztietako pertsonaiak batu ziren, bide espiritual baten bila zebiltzanak, rock izarrak, bidaiari galduak, justiziatik ihesi zebiltzan estatubatuarrak, zilar trafikatzaileak, droga trafikatzaileak, drogazaleak...

Jarrattek azaltzen duen moduan asko izan ziren Balin heroina probatu eta haren atzaparretan erori ziren surflariak. Haien artean ezagunenetakoa garai hartan munduko txapelduna zen Jeff Hakman hawaiiarra izan zen. Hakmanek ere, “Mr Sunset” liburuan kontatzen ditu Indonesian drogazale egin ostean pasa zituen urte beltzak.

 

Padang-Padang

Hurrengo urteetan inguruko urautsietara joateko azpiegiturak eraiki eta errepideak zolatu zituzten, baina prozesua luzea izan zen eta munduko surf txapelketa bat antolatzeko gune zailak ziren oraindik Balikoak.

“Rip Curl Cup Padang Invitational” txapelketa egin zen 2010. urtean. Antolatzailea marka estatubatuar bat izan zen eta soilik gonbidapena jaso zuten surflariek parte hartu ahal izan zuten. Padang-Padang, zehazki, Uluwatu ostean altxatzen den ezker olatu borobila da.

2008an WCT zirkuituko probetako bat ere bertan egin zen. Txapelketa anitz egin dituzte bertan azken hamarkadan. Filmetan ere agertu izan da, parean duen hondartzatxoak eta harkaitzezko horma altuak liluragarri egiten baitute ingurua.

Lekua ezin hobea da zinez, kilometro gutxitan olatu ikaragarriak aurki baititzakegu: Uluwatu, Imposible, Bingin... Behar den guztia eskura dago. Urte gutxitan ikaragarrizko aldaketa izan du inguruak. Ezer ere ez izatetik luxuzko azpiegiturak izatera igaro dira, inguruko urautsietan bezala.

Lehorrean emandako aldaketez harago, Baliko olatuek bikainak izaten jarraitzen dute, nahiz eta leku batzuk, 2004ko tsunamiaren ostean, kaltetuak izan ziren, esaterako G-land urautsi mitikoa. Baliko uharteaz harago, historia eta nortasun propioa dituen urautsi ederra da.

Grajagan

Asia hego-ekialdeko lurretan gerran zebiltzan iparramerikarrak 70eko hamarkadan, Vietnamen. Bada, handik ez oso urrun, Jakarta hiriburutik Balirantz hegazkinean zihoan Bob Laverty surflaria 1972. urtean, 9.000 metroko altueran, eta uharri zoragarri bat begiztatu ahal izan zuen irlaren mutur batean. Leku hark olatu ikaragarriak izateko beharrezko baldintza guztiak betetzen zituen. Plengkunk erreserba naturala zen.

Lur hartu orduko, bere lagun Bill Boyumi dei egin eta bidaia prestatu zuten. Zilindrada txikiko moto bana hartu eta harantz abiatu ziren. Lehenik Java irlarako ferrya hartu zuten, eta, ondoren, motorrez egin zuten Grajagan herrirainoko ibilbidea.

Erreserba naturala gurutzatzen zuen zingira arrantzale baten txalupa zaharkituan egin zuten zeharkaldia. Moldatu ziren, nola edo hala, motorrak uretara ez erortzeko. Hondartza zeharkatzeari ekin zioten ondoren, baina momentu batean ez atzera ez aurrera geratu ziren, koral eta hondarretan harrapatuta. Oinez jarraitu zuten tigreak eta tximinoak nonahi ziren oihanean barrena, gauak leher eginda atzeman zituen arte.

Esnatu zirenean, oraindik ere ametsetan ari zirela pentsatu zuten: ehunka metrotan zehar luzatzen ziren ezker olatu perfektuak zituzten begien aurrean, urdinak eta tubo borobilekin. Leku hura G-land izenaz bataiatu zuten eta horrela izan da ezaguna gaur arte.

Honi buruzko guztia: Surf