Ekaitz SARALEGI
Altunaren botileroa

Jokin pilotaria da %100ean

Zaila da Jokinek egin duenarentzat hitzik topatzea. Hitz bakarrean esan beharko banu, Jokin pilotaria dela esango nuke, pilotaria %100ean. Harrigarria da hain gaztea izanda nola kudeatu duen egoera, halako betekada frontoian, Aimar handi baten aurka, faborito zela edo ez zela hizpide aste osoan... Bada, berak presio hori izugarri ondo eraman du. Erakutsi du halako egoerak eramaten badakiela, esandakoa, pilotaria %100ean.

Partida hasieran ikusi da Aimar Olaizolaren intentzioa zein zen, tantoa luzatzea eta botera jokatzea. Gurea ere argia zen: Aimarri ezker gantxoa kentzea, hortik egiten du-eta minik gehien. Partida luzatzera joan da Aimar, partida gogortzera bere aukera helduko zen zain, baina ikusi da Jokinek atzetik ere ondo erantzuten duela. Iruditzen zait orain denek badaukatela esaterik Jokinek kantxa osoan jokatzen badakiela.

Aurtengo manomanistan ikusi da ez dela beharrezkoa zortzigarren koadrora jotzea, kolpe gutxiagorekin ere badagoela min handia egiteko aukera. Sakean-eta asmatuz gero, errematean min handia egitea badago. Baina ikusi behar da ere Jokinek non jarri duen pilota: seian eta paretan itsatsita. Hori zen Olaizolaren min egiteko moduetako bat, baina Jokin izan da horretan gehien asmatu duena: pilota ugari jarri ditu bazterrean eta gozada bat izan da. 22 urterekin zerua ukitu duela ematen du, baina poz handiak eman behar dizkigu oraindik.