Amalur ARTOLA
LITERATURIA

MEMORIAREN AINGURAK... ETA IHES EGITEN DUTEN AINGIRAK

AINGURA ZARAUTZEN TINKO FINKATUTA ETA PUBLIKO FIDELA DUELA BAIEZTATUTA JOAN DA LITERATURIAREN X. EDIZIOA. EKAITZAK TRABA EGIN BADU ERE, EZ DU OZPINDU EUSKAL LETREN JAIALDIKO GIROA.

«Nire ustez, Durangokoaren aldean, Literaturia bada euskal literaturaren tamaina errealagoa ematen duen jaialdia, eta, harrigarria bada ere, lortu dugu ia-ia Durangokoan baino eguraldi txarragoa egitea, noiz eta maiatzean!». Eguraldiaz –apur bat– akituta baina umorerik galdu gabe mintzatu zen atzo Mikel Soto, Txalapartako editorea, Zarauzko Literaturia jaialdiaren X. edizioak eman duenaz. Uretik pasatako edizioa izan denik ezin uka, horren lekuko larunbat arratsaldean Musika plazako liburu azokako postuetan euriteak hondatu zituen liburuak, baina horrek ez zuen literatur komunitatea uxatu. «Egia esan, etxean bezala sentitzen gara, Literaturia bada topagunea: idazleak, itzultzaileak... Batzuetan, broma egiten dugu azoka profesionala dela esanez», zehaztu zuen Sotok. Iritzi berekoa da Susako Leire Lopez Ziluaga: «Giroa oso ona izan da, egon garenen artean. Oso giro hurbilekoa da».

Susak bere standera ekarri dituen argitalpenen artean, Sonia Gonzalezen “Erreka haizea” da begirada gehien erakarri dituena: «Miren Agur Meabek eta berak egin dute aurkezpena, oso interesgarria izan da eta uste dut lagundu duela jendea erakartzen». Izan ere, larunbatean dozena bat autore izan ziren Garoa liburu dendan euren azken obrez mintzatu zirenak. Txalapartaren kasuan, Oier Guillanen “Zauri bolodia”-k piztu du interes gehien, eta baita haur literaturako lanek ere: «Askok haur liburuak erosten dituzte, egitarau polita egiten dute umeekin eta hori oso ongi dago. Durangon beti hitz egiten delako transmisioaz, eta, transmisioa, hori da». Korapiloa beste nonbait ikusten du berak: «Helduak bai, haurrak ere bai... gazteak, hor dago kontua, nola erakarri horiek!».

Oroimena sorleku

Azokaz eta aurkezpenez gainera, ekitaldiak ere bildu ditu Literaturiak. Atzo, esaterako, euren azken sormen lanetara alzheimerraren eta zaintzaren gaineko gogoetak ekarri dituzten hiru autore bildu ziren Antoniano aretoan, “Oroimenaren aingura: Alzheimerra eta sorkuntza” saioan: Andoni Tolosa Morau, Maddi Zubeldia eta Anjel Lertxundi. Zubeldia, amari alzheimerra diagnostikatu osteko rol aldaketaz aritu zen: «Zainketak rol aldaketa dakar, bere intimitatean sartzen zaren momentutik. Orain konturatzen naiz esaldi bakoitzean ‘ama’ esaten nuela, nire buruari gogorarazteko nire amarekin ari nintzela, ez bainuen rol aldaketa hori onartzen». Alde horretatik, “Oroitzen naizeno” irakurketa antzeztuak sentipenak bere lekura ekartzeko balio izan diola esan zuen.

Lertxundiren hitzetan, «idazle batentzat ezinbestekoa da egun gai hori, memoriarekin zerikusia duelako eta memoria aingura delako, baina bada aingira ere, eta, alde horretatik, ihes egiten du». Sortzaile gisa, familia osoan eragiten duen gaia emateko tonua bilatzea izan da Morauren erronka: «Ez zara zure buruaz soilik ari, familia osoaz ari zara, eta asmatu behar duzu zer kontatu eta zer ez, eta, batez ere, nola kontatu».

Hirurek euren sormen-lanen zati bana eskaini zuten emanaldian: irakurraldi bana Zubeldia eta Lertxundik (“Horma” eleberriko zati bat), kantu bat Morauk (“Egunsentiak alperrentzat” diskokoa). Hori bai, a capella aritu behar izan zuen: «Ezin zen bestela izan, gitarra ahaztu behar alzheimerraz hitz egitera etorrita... en fin».