Haritz LARRAÑAGA
BIDARTE

Euskal Elkargoa hondartzetako uraren kalitateaz arduratuko da

Urtarrilean hartu zuen Euskal Elkargoak ur eta saneamenduen eskumena; hala, lehen aldiz Lapurdiko kostaldeko herri guztiak batu egin dira hondartzetako uraren kalitatearen azterketa eta zaintza lanak egiteko. Hendaia eta Angelu artean diren 35 bainu-eremuetatik 31k «kalitate bikain» izendapena jaso dute eta besteek «kalitate ona» dute.

Herri bakoitzak bere hondartzetako uraren kalitatea bere kasa neurtu eta aztertu beharrean, Euskal Elkargoak Lapurdiko kostaldean diren herri guztientzako egitasmo bateratu bat abiarazi du. Emaitzen arabera, hondartza bakoitzean bainua segurua den erabakitzea, ordea, herriko etxeei dagokie.

Angelu, Biarritz, Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune, Ziburu, Urruña eta Hendaiako herriekin batera, Senpereko aintziraren uraren kalitatearen azterketa bermatuko du Euskal Elkargoak. Xehetasunen berri emateko prentsaurreko bat eskaini zuten atzo auzapezek Bidarten.

Klimak agintzen du

Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk azaldu zuenez, «orain artean bakoitzak bere kabuz lan egin du afera honetan, baina lehen aldiz elkarrekin goaz, ahots bera dugu, tonu bera». Uraren kalitateak ekonomian duen garrantzia ere azpimarratu zuen lehendakariak: «Hondartzek milaka turista erakartzen dituzte; beraz, bainua baldintza onetan har dezaketela bermatu behar diegu».

Bitarteko guztiak ezarri arren uraren kalitate ona beti ezin dela bermatu aitortu zuen, ordea, Emmanuel Alzurik, Bidarteko auzapezak; izan ere, «gure hondartzak ibaiak itsasoratzen diren eremuetan daude eta euri jasen ostean kostaldeko ura kutsagarri bilaka daiteke». Michel Veunac Biarritzeko auzapezak adibide bat jarri zuen: «Suertatu izan zait abuztuaren 15 batean ekaitz baten ostean hondartza itxi beharra».

Edonola ere, itxaropentsu zen Veunac jauna, zeren «gure kostaldean uraren zikloa osorik ulertzea lortu dugu eta egun dugun erronka garrantzitsuena eboluzio klimatikoa zein norabidetan doan asmatzea da, horrela, eman beharreko pausoak zeintzuk diren finkatu ahal izango baitugu».

Jarraipen zehatza

Maiatz eta irail artean, egunero goizaldeko lauretan hartzen dituzte ur laginak Lapurdiko 23 kilometroko eremuan diren 23 bainu eremuetan. Analisiak egin ostean, uraren kalitatea zehaztu eta, eragile desberdinak kontuan hartuta, egunean zehar uraren kalitateak izan dezakeen bilakaera aurreikusteko programa batekin txosten bat eratu eta herriko etxea informatzen dute.

Informazio emateari dagokionez ere, Euskal Elkargoaren sostenguari esker aurten Lapurdiko bainu eremu guztietan euskarri berberak erabiliko dira, ikur, testu eta irudi berak erabiliz.