gara, donostia

Sormena bidaide

Sorkuntzak bizi du Idoia Beratarbide (Oiartzun, 1977). Dela margotzea, marraztea, arropa diseinatzea, jostea... baina sortzea. Azken zortzi urteotako ilustrazio lanak ikusgai daude Donostian, Aieteko kultur etxean ekainaren 10era arte. Antzerkigintzan ere badabil, Metrokoadroka kolektiboan, eta taldearentzat zein beste konpainientzat jantziak egiten ditu. Eta Ehuntze sortu du, heldu zein haurrekin sormena landu eta irudimena pizteko gunea.

Xole ARAMENDI | DONOSTIA

Sortzaile. Horrelaxe definitzen du bere burua Idoia Beratarbidek. Margolaria da, baita marrazkilaria eta jantzi diseinatzailea ere.

Oso gustura dago Aieteko kultur etxean, Ilustrazioaren Txokoan, ikusgai duen erakusketarekin. Atzera begira jarri eta han-hemen ezusteko txikiak aurkitzeko aukera eman dio. «Marrazki denak batera ikusteko aukera eman dit. Nire garapena nolakoa izan den jendeak ikus dezan detaileen bila aritu naiz artxiboak arakatu eta aukeraketa egitean. Horri esker neu ere konturatu naiz nire sormen propioa enkarguzko lanetan nola islatzen den», adierazi du.

“Hodei bat harrapatuz” (2003) izan zen bere lehen lana eta “Zauri Bolodia” (Oier Guillan, 2018) azkena. Aurreneko hura oso berezia izan zen, marrazkiak ez ezik, kontakizuna ere berak sinatu baitzuen. Ez du esperientzia errepikatu, baina gogorik ez zaio falta.

Sormen prozesua dugu hizpide. «Enkarguzko lana denean, apunteak hartuz joaten naiz liburua irakurtzen dudan bitartean. Protagonista bakarra bada ezaugarriak bilatzen dizkiot pertsonaiari eta gehiago badaude ipuin bakoitzean bilatzen diot. Eta gero, liburuari osotasuna emango dion ezaugarri komuna aurkitzen dut», kontatu du.

Forma da abiapuntua. «Pertsonak edo animaliak marraztea tokatu zait orain arte eta haiengandik abiatzen naiz. Ondoren konposizioa eta inguru guztia dator». Kolorea? «Irakurtzen ari naizenean erabakitzen dut», argitu du. Nahiko modu librean ematen ditu pausoak. «Ez dut storyboarda egiten, lana hasi eta buka zehaztuz. Nik marrazki bakoitzari uzten diot hitz egiten», aitortu du oiartzuarrak.

Biak jorratu ditu, heldu zein haur literatura. Helduak irakurle dituenean askeago da. «Helduen literaturako liburu bat ilustratzean libreago sentitzen naiz, keinuak sar ditzaket. Agian ez da ulertuko baina nik badakit zergatik egin dudan. Helduen literaturako enkargua dudanean eta nirekin konektatzen duen gai bat bada, nire sormen propiotik egingo nukeenetik hurbilago dago, nik kontatu nahiko nukeen horretatik».

Haurren literatura beste zerbait da. «Haurrari transmititu egin behar diozu. Marrazkia begitik sartu behar zaio eta bera liburuan sartzea lortu nahi baduzu irakurtzen ari denarekin enpatizatu egin behar du», azaldu du.

Nahi baino asti gutxiago du bere proiektu pertsonalak lantzeko. “Memoria zulatua” izan da bakarkako azken erakusketa, Ordizian. Sormenaren bidean eman du aldaketarik. «Hasieran haurrak marrazten nituen baina ‘Memoria zulatua’ proiektuan autoerretratuak lantzen hasi nintzen, nire argazkietatik eta nire figuratik abiatuta», kontatu du.

Beti ibili da marrazkien eta margoen arteko mugaren gainean dantzan. «Nire lana ikusita margolariek esaten zidaten ilustratzailea nintzela eta aldiz, ilustratzaileek margolaria nintzela. Nire lana erdibidean egon da, nahiz nire ustez piktorikoagoa den».

Arte Ederren fakultatean hasi zuen ibilbidea. Hantxe jo zuen atea –«garbi nuen, dio»– margolari izateko ametsari jarraiki eta bertatik ateratzean asmo hari heldu zion. «Ikasketak amaitzean erabaki nuen nolabait sormenari lotuta egon nahi nuela».

Errenteriako Mikelazulo elkarteko kide da. Han familia aurkitu du. «Bertan ezagutu ditut nire lagun onenak. Sormenari lotuta egoteko aukera eman dit eta kulturalki eta politikoki ere eskola izan da niretzat», aitortu du.

Baita antzerkigintza ere. Eta honek zuzenean, ikusleen aurrean margotzeko aukera eskaini zion. «Mikelazulon sartzean elkarlana lantzen hasi nintzen. Poesia errezitaldiak egiten ziren eta ni bertan zuzenean margotzen aritzen nintzen. Fanzineak ere ateratzen hasi ginen», gogoratu du.

Duela hamar urte, bertan Metrokoadroka kolektiboa sortu eta aktore lanetan lehen pausoak eman zituen, nahiz ez duen bere burua aktore bezala ikusten. «Oso polita da taldean partekatzea, izugarria da, ilustratzea edo margotzea oso bakarkako lana da-eta. Bai besteengandik bai zutaz asko ikasten duzu». Eta antzerkigintzak jantzigintza ekarri du. «Hasieran gure antzezlanetarako arropaz arduratzen hasi nintzen eta pixkanaka beste taldeak etorri ziren: Dejabu, Artedrama…», gogoratu du.

Maria de Bernardorekin batera Marodi marka sortu eta agertoki gaineko hainbat proiektutan parte hartu du. Ia oharkabean, naturalki. Hala ari da bidea egiten.

Birziklatutako oihalak

Ingurukoek bultzatuta kaleko arropa ere diseinatzen dute, betiere bigarren eskuko jantziak erabiliz. «Eta gure arropa birziklatutako oihalekin egiten dugu», argitu du. Emausen eta hara-hona egindako bidaietan eskuratzen dute lehengaia.

Oso kode desberdinak dira bi alorrak, oholtza zein kalea. «Antzerkian batzuetan lana oso librea da, zure gain uzten dute dena. Artedrama konpainiaren ‘Francoren bilobari gutuna’ lanean horrela izan zen, adibidez. Entsegu bat ikusi, arropa probaren eguna zehaztu eta kitto. Beste batzuetan konpainiaren arduradunek gehiago zehazten dizute hartu beharreko norabidea».

Aurrera begirako proiektuei dagokienez, Patricia Urrutia aktorea etxeko txikientzat prestatzen ari den antzezlana aipatu du.

Non elikatu sormena? «Ez naiz propio elikatu nahian ibiltzen. Bizitzari begiratzeko beste modu bat duzu, ezin duzu saihestu, eta artxibatzen joaten zara egunerokotasunean. Zure kontatzeko modua da», azaldu du. Antzerkia du iturri nagusia. «Orain berpiztea dago, talde berri asko, lan egiteko modu asko», nabarmendu du.

Eskolak emanez 18 urte daramatza eta hara-hona makina bat kilometro egin ostean Oiartzunen sortu du bere espazio propioa, Ehuntze. 4 urteko umeetatik erretiroa hartuta daudenetara. «Oso esperientzia politak bizi izan ditut. Asko ikasten dut beraiengandik, giza harremanak asko ematen dizu –kontatu du–. Eta niri aktibo eta adi egotea eskatzen dit, gauzak eta teknika berriak landuz».

Sormenaren grina kutsatu nahi die. «Sormena bultzatu eta irudimena piztu nahi dut, bide batez teknika irakatsiz. Sorkuntza tailerra haurrei bakarrik ematen diet, helduei beste elkarte batzuen bitartez eskaintzen diet aukera, beste espazio batzuetan, Oiartzunen eta Astigarragan».

Ekimen ezberdinak ere antolatzen ditugu Ehuntzen txokoan helduentzat. «21 aulki ekimena, poesia saioak, antzerki irakurketak, formatu txikiko antzerkia edo ikastaroak.... aurten adibidez genero praktikak ekimena antolatu genuen eta Iratxe Retolaza eta Ainara Lasa izan genituen irakasle, bakoitza arratsalde bateko saio batekin», dio.