Amalur ARTOLA
EUSKARAREN ERABILERA EZTABAIDAGAI

NOLA ZORROZTU AIZKORA KAMUTSA?

BELAUNALDI BERRIEK «EZ ZAITEZ NEREKIN GELDITU» ESATEN DUTE, OROKORTUA DEN HIZKERAN DENA DA «KRISTORENA» ETA AHALERA ETA HITANOA UHARTE BAKAN BATZUETAKO NAUFRAGOEN AHOTAN SOILIK ENTZUN DAITEZKE. ZORROZTARRIA BEHAR DU EUSKARAK –FORMALAK ZEIN INFORMALAK–, EBAKITZEN EZ DUEN AIZKORA EZ BAITU INORK ERABILIKO.

Xabier Euzkitzek uste du euskara batua izan daitekeela «ederki ebakitzen duen aizkora» baina, gaur-gaurkoz, ez da hala. Maiz hitz egin izan da euskara batuaren «ortopedikotasunaz», ahozko hizkuntza ez formalera jauzi egiteko ezintasunaz eta, zer esan, batez ere gazte hizkeran freskotasuna lortzeko erdaretara jotzeko dagoen joera orokortuaz. Horretaz jabetuta antolatu dituzte Ezkerraberri Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen erabilera informala aztertzeko jardunaldiak eta, besteren artean, euskararen aizkora zorrozteko zenbait gako eman zituzten Xabier Euzkitze kazetari eta bertsolariak eta Joxerra Gartzia filologo eta irakasleak. Biak ere, erregistro formal zein informalak ondo ezagutzen dituzten profesionalak.

Gartziaren hitzetan, azken urteetan euskararen erabilera sustatze bidean hartu diren zenbait erabakik hizkuntzaren kalitatea kaltetu dute, «kalitatea hiztunaren begietatik begiratu behar baita; hiztunari baliagarri zaion hizkuntza da baliagarria dena». Euskal hiztun askok ezagutzen duten erregistro bakarra estandar formal jasoa dela baieztatu zuen eta, «gaur egungo munduan bizitzeko», euskarak –eta hiztunek– erregistro gehiago behar dituela defendatu zuen. Batez ere, erregistro informala. Adibidez, formaltasun graduak behera egiten duen neurrian, hiztunari baliabideak falta zaizkiola zehaztu zuen –esaterako, «aquí no se puede papear» gisako esaldien euskarazko baliokideak josteko– eta, ahozko eta ez-ahozko hizkeren artean zegoen «amildegia» bukatutzat eman bazuen ere, idatzizko euskara ez-formalean gabeziak badaudela nabarmendu zuen:&flexSpace;«E-mailak eraginkorrak izan daitezen, adibidez, ahozko hizkuntzaren taxua eman behar zaie, eta inportantea da euskara batuaren barruan erregistro informala lantzea. Baina, horretarako, modu egoki eta desegokiak daude». Desegokien artean leudeke «tokian tokikoetara eta euskalkietara jotzea» edota informaltasuna bilatzeko erdarak erabiltzea (Gaztea irratira entzuleek bidaltzen dituzten mezuak zerrendatu zituen, entzuleak «euskaraz bizi diren arren informaltasuna bilatzeko erdaretara jotzen» dutela nabarmenduz).

Euskara informala sendotzeko baliabide egokien artean zerrendatu zituen, besteak beste, hitanoaren erabilera edota tradizioa arakatzea: «Gaurko gure komunikazio arazoen soluzioa tradizioan dago; adibidez, atsotitzen mundua baliatu daiteke, baita hitz elkarketak ere. Pitxabrava esan beharrean erabil dezakegu ‘zakil-zoli’, ‘pitilingorri’... Eta uste dut Gazteako esatariek giro pertinente horretan erabiliko balituzte, apurka entzuleak horiek barneratzen eta erabiltzen joango liratekeela», ziurtatu zuen Gartziak.

E-mailen kasuan, «kaixo lagun estimatua» formatuen aldean «agur t’erdi» edo «atzealde on» (forma zirtolaria) erabiltzea eta, amaieran, «999 esker» edota «uxum» (jasotako muxua itzultzeko) gisako formulekin informaltasuna marka daitekeela aldarrikatu zuen.

Baliabide horien erabilera sustatzea, baina, guztion ardura dela markatu nahi izan zuen: «Gaztearena ez da onargarria. Ez da nahikoa Los 40 Principales-en euskarazko bertsioa izatearekin. Euskaltzaindiak bakarrik ezin du hau konpondu, herri batek bere burua emendatzeko dituen bi baliabideak eskola eta hedabideak dira» eta, Artze parafraseatuz, «hizkuntza batek ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak berak esango dizkio ‘kaixo’ eta ‘adio’» esanaz amaitu zuen bere parte hartzea.

Hitanoaren urgentzia

Esango zuenaren aurrekari, “Euskara tra-batua” izendatu zuen Euzkitzek bere atala. Bizipen eta sentipen pertsonaletatik abiatuta, sei urte zituela amak proposatu ohi zion jolasa izan zuen hizpide: «‘Ni Tolosako izeko izango naiz, eta biok ahaleginduko gara hark bezala hitz egiten’, esaten zidan. Hau da, euskara batuan. Gure amak ordurako bazuen euskara batuaren beharraren kontzientzia», nabarmendu zuen.

Zentzu horretan, inoiz inork euskara batuarekin identifikatzen duela esan izan diola aitortu eta berak bere gertuko eremuan bere euskalkia erabili ohi duela azaldu zuen, batua publiko zabalari zuzendu beharra duenerako utzi ohi duela, «gaur hemen bezala, baita telebistan edota irratiko kolaborazioetan ere, zazpi Euskal Herriei ari bainatzaie, eta ez dut zalantzarik erabili behar dudala». Bertsolaritzako adibideak ekarrita, Xalbador baxenabartarrak Donostian bere euskalkian bertsotan ari zela jaso zituen txistuak edota Lopategi eta Azpillaga bizkaitarrek Gipuzkoan batuan abesteko egin zuten saiakera ekarri zituen gogora, hizkuntza komunikatzeko tresna izanik premiazkoena ulermena dela argudiatzeko.

Batuak, baina, euskalkietatik eta tradiziotik elikatu behar duela defendatu zuen. Adibidez, Zelatungo Saturnino artzainari azazkala errotik erauzi ziotenean «aman kulpaik gabeko putakume hoi!» eta «hik izan dittuan gurasok izan ezpaittu, eskeako zakuik e ez!» gisakoak esan zituela eta horiek batura ekartzea erraza dela nabarmendu zuen, eta «ez al du euskalkitik batura eramatean batua bera aberasten?», galdegin zuen.

Zabalduta dauden esapideen artean, «kristorena» –«guk egundokoa eman ziok! esaten genuen»–, «ez zaitez nerekin gelditu» edo «horrek sudau iten ziak» tankerakoek «penatu» egiten dutela aitortu zuen, baita ahaleraren galerak ere: «Egun, inork galdetzen ote du ‘komunera joan naiteke?’», galdegin zuen Euzkitzek.

Batuak euskalkietatik elikatu behar duen bezala, euskalkiek ere batutik elikatu behar dutela gaineratu zuen, adibidez, irakurzaletasunik ez duenak «kristorena» erabiltzen jarraituko duela argudiatuz. «Ez du besterik ezagutzeko biderik, uste dut batutik aberastu daitezkeela galera hori izan duten hainbat eta hainbat gazte. Baliabide kamutsak badituzte, aizkora horrek su bazterrean uzteko ere ez du balioko», azpimarratu zuen Euzkitzek.

Hitanoa izan zen bi hizlarien arteko aldea markatu zuen gaia. Euzkitzek bere bi semeekin hika hitz egiten duela azaldu eta erabileran «malgutasuna» eskatu zuen: «Hitanoa hainbeste ahuldu eta txirotu den honetan mugarri horiekin laxoagoak izan behar dugu, ez hain zorrotzak, eta hitanoa ondo erabiltzen dutenei zabaltasun gehiago eman behar zaie», defendatu zuen.

Gartziak, aldiz, kontrakotasuna azaldu eta hitanoaren erabilera tradizionala babestu zuen: «Hitanoak emergentziazko lehentasun erabatekoa du, baina, ikasleei utzi behar zaie irakasleari hika egiten? Gure kide denarekin edo beherago dagoenarekin hitz egiteko behar luke, kidetasun hori ere markatzen baitu hitanoak, eta arriskua ikusten diot gurasoekin hitz eginez gero kidetasun hori galduko ote den».

Hala izan edo ez, biak agertu ziren hitanoaren erabileran malguagoak izatearen alde, erabilera sustatzen ez bada urte gutxiren buruan desagertua ikusten baitute. «Errezilen entzun nuen nik honakoa: ‘Hi, Itziar, kafea hartu behar al duk?’. Duk? Non eta Errezilen noka galdu? Une honetan dagoen egoeran, hitanoa galtzeko zorian dago, ezer egiten ez badugu hogei urtean galtzeko zorian ikusten dut nik», amaitu zuen Euzkitzek.