GARA
GASTEIZ

Lakua saltoki txikiak «akabatzen» ari dela salatu du Euskal Dendak elkarteak

Gasteizko Legebiltzarreko prentsa aretoan egindako agerraldian Lurralde Plangintza Sektorialaren (LPS) geldotasunaz kexatu ziren, gaineratuz EAJ eta PSE agintean dauden udaletan hori baliatzen ari direla merkataritza guneentzako birkalifikazioak egiteko.

Euskal Dendak merkataritza arloko konfederazioak eta oposizioan dauden alderdi politikoek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) denda txikiak desagerrarazten ari dela leporatu zioten Iñigo Urkulluren Gobernuari atzo, Legebiltzarreko aretoan egin zuten prentsa agerraldian.

Hirigintza arloan gertatzen ari diren gehiegikeriak gaitzetsi zituzten, baita Lakuak behin eta berriz merkataritza arloan egiten dituen arau aldaketak ere, «beti ere elkarteen mugimenduen kaltetan».

Zehazte aldera, Saltoki Handien Lurralde Plangintza Sektoriala (LPS) aldatu eta aplikatzeko orduan Gobernua astiroegi dabilela kritikatu zuten. Moteltasun hori aprobetxatuz, berriz, EAJ eta PSE agintean dauden udalerrietan merkataritza gune handien birkalifikazioak emateko garaian arin dabiltzala salatu zuten, batez ere Gipuzkoan.

Horregatik, hain zuzen ere, eskatu zuten 2004. urteko LPSa berrezar dezatela, «beharrezkoak diren murrizketak aplikatzeko, Europar Batasuneko jurisprudentzia errespetatuz». Horretaz gain, erreformaren tramiteak amaitu bitartean, azpiegitura handiak irekitzeko lizentzien kontzesioetan luzamenduak ezartzea ere exijitu zuten.

Merkataritza Legea

Gaur egun legean dauden hutsuneek merkataritza gune handiak neurrigabeki ugaritzea ahalbidetzen dutela nabarmenduta, horri amaiera emateko neurriak aldarrikatzen ditu Euskal Dendak-ek. «Bidasoa-Donostia eremuan 200.000 metro karratuko lurzoruak daude merkataritza gune handien eraikuntzara bideratuta».

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkarte honetako kideak zein oposizioan dauden alderdiak bat datoz funtsezkoa dela mugimendu asoziatiboa komertzio arloko hirigintza eredua defendatzeko, eta Urkulluren gobernuak laguntza arlorako aurkeztu duen zirriborroa kritikatu zuten, 2018ko aurrekontuak ahultzen dituelako eta komertzioen elkartearen kalterako direlako.

Aldarrikapenekin jarraituz, Merkataritza Legean aldaketak egiteko lege-proposamenaren zirriborro bat aurkeztu zuten eta hori onartzeko eskaera egin zuten. Honekin mugimendu asoziatiboaren aurkako ekintzak geldiaraztea helburu duen legez besteko proposamenak aurrera jarraitzea nahi dute eta, era berean, lurralde guztiaren birkalifikazioa geldiarazi nahi dute.