Mikel SAN JOSE
Futbolaria

Indartsuak gara, bultza neska-mutilak!

2014ko ekainean Eskoziara joan ginen oporretan. Urte bereko irailaren 18an eskoziarrek era libre eta legalean beren etorkizuna erabakitzeko aukera izango zuten: «Should Scotland be an independent country?». Independentzia erreferendum baten atarian geunden eta antzematen zen. Baiezkoaren zein ezezkoaren aldeko kartelek janzten zituzten Edinburgoko paretak, eta bidegurutze bakoitzean boluntario bat topatzen genuen bere argudioak emateko zain. Aurpegietan urduritasuna, poza, inplikazioa... dena errespetuzko giroan.

2017ko urriaren 1ean independentzia erreferenduma egin zuten Katalunian ere. Guztiz ezberdina orain. Kataluniako Govern-ak herriari galdetu zion, baina Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe. Egun hartan kataluniarrak kalera irten ziren, determinazio osoz, baina beren aurpegietan kezka, beldurra eta kasu batzuetan odola ere ikusi genuen. Urriaren 1ean giroa errespetuzkoa izatetik oso urrun egon zen.

Atzo, 2018ko ekainak 10 zituela, euskal herritar asko atera zen kalera, bere nahia adieraztera, batera doazela erakustera, etorkizuna eskuekin hartzera; garai txar hauetan, krisi ekonomikoarekin, ongizate eta giza eskubideen murrizketa etengabearekin, iritzia inoiz baino estuago zentsuratzen digutelarik, aurrera goazela esatera. Indartsuak gara. Gutariko bakoitza berez indartsua da baina, bereziki, batera goazenean, talde bat garenean, herri bat garenean. Beraz, elkarri heldu eta bat, bi, hiru... bultza neska-mutilak!