2018/06/14

Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Musikaren ekoinkestak

Turista sentitzen naiz Euskal Herrietan, baita euskararen ekosistemaren barruan ezin dudalako ahaztu turista naizela euskararen erabilera urriko Euskal Herrietan. Eta arrotza. Ez da pozgarria ekosistema euskaldunaren txikitasuna. Komunitate euskaldun txiki hori beti defentsa lanetan ari da, zuloak estaltzen. Ezin eraiki euskara elebitasunaren izenean, beste hizkuntzen mendean beti. Kantuaren Industriak, ordea, pentsamendu fluxuan eragin zuen. Komunitate ez industrialaren kaltetan egin zuen, egileen pentsamendua nahasiz. Auto-eraketaren antolamenduari kolpe sendoa eman zitzaion; Juantxo Estebaranez historialariak “rock and rollaren iruzurra” deitu zion 80ko hamarkada erdialdean Euskal Herrietan gertatu zenari. Gero, kantuak erabiliko dira biraka palindromoaren ekokultura besarkaturik: in girum imus nocte et consumimur igni (gauean biraka dabiltza eta suak jaten ditu).

Sortzaileak ez dira sortzaile bakarrik. Euskal sortzaileak euskal ekosistemarik sendoena dira: irakurleak, erosleak... Ekosistema mardulagoa izateko aukera izango dugu euskal sortzaile gehiago edukita. Erdaldunek pagotxa dute Euskal Herrian. Euskaldun askok euskaldun-konplexua badute erdararekiko, erdaldunena da Euskal Herria. Euskaldunen txikitasuna aldarrikatzea gauza bikaina bada, txikiagotu dezagun euskaldunen herria. Nor da zoriontsu arrotza zaion herrian? Konplexua da konplexuekin bizi behar izatea. Agian, ekoinkestek lerroarteko hausnarketara garamatzate: (erdal) elebakarrek sortzen dizkigute arazoak (euskaldun) elebidunoi.