2018/06/17

Kronika
ELKARTASUN EZTANDA FRENETIKOA
IZAN BITEZ IRUÑEKO KALEAK ALTSASUKO GAZTEENTZAT ETORBIDE

BERTAKOEK DIOTENEZ, IRUÑEAN SEKULA EZ DA HALAKORIK EZAGUTU. ALTSASUKOEN ASKATASUNAREN ALDEKO MANIFESTAZIOA, KOPURUZ ETA INDARREZ, IKARAGARRIA IZAN ZEN, KOLOSALA. GAZTE HORIEN KONTRAKO BIDEGABEKERIAK HERRI HONEN NERBIOA KOLPATU DU, ETA HERRIAK, KONTSIGNAK JARRAITZEKE, BATZEN ETA ERANTZUTEN BADAKI.

Mikel ZUBIMENDI
0617_eg_altsasu8

KOLAPSOA

Manifestazioa Zaragoza hiribidetik aurrera zihoanean, autobusetako jendea iristen ari zela oraindik adierazi zuten antolakuntzakoek. Gainezka egin zuten kaleek batzuetan, ez aurrera ez atzera zegoen jendearen umorea eta gogoa ernegatu ez zituen kolapso eder askoetan.

KOLOSALA

Iruñeko kaleetan makina bat manifestaziotan, eta atzokoan baino egoera latzagoetan, aritutako heldu baten lekukotza emozionatua ezin argigarriagoa izan zen: «Ez dut halakorik inoiz ikusi, sekulakoa da hau, kolosala. Elkartasun olatu hau gaur tsunami egin da».

Elkartasun eta samurtasun olatu harro zoragarria altxatu zen, emozioak inarrosiz. Malkoak ikusi ziren, azalak oilo larru, amorrua eztarritik ihesi

Itsasoak hondarreratzen dituen olatuak ez dira berdinak, baina itsaso berekoak dira elkartasun olatu hau, pentsiodunena, feministena...

Atzo Iruñean batu zen jende oldearen kopurua zaila da asmatzen, elkartasuna neurrigabea izanik, ezinezkoa da atzokoaren neurri zehatza ematea. Bidegabekeriak eragindako sentimenduen eztanda izan zen, elkartasun eta samurtasun olatu harro zoragarri bat altxatu zen, bertaratutakoen emozioak inarrosiz. Malkoak ikusi ziren, azalak oilo larru, amorrua eztarritik ihesi. Herri bat ikusi zen, zutik eta martxan. Gazte eta zahar, eme eta ar, euskalkiak eta azentu askotariko erdarak. Euskaldunak barra-barra, katalanak asko, Aragoikoak, valentziarrak, galegoak… den-denak “Altsasukoak askatu!” oihuka.

Sadarretik abiatu zen martxa erraldoia kartzelatutako zazpi gazteen senideek zabaldu zuten, jendez gainezka zeuden espaloietan hasieratik amaiera arte bukatu ez zen txalo zaparrada baten erdian. Begi bustiekin eta esker oneko keinuekin, jendez lepo zen Zaragozako hiribidean gora egin zuen manifestazioak. Burutik gertu jendetzan urtuta zetozen politikariak, EAJko Joseba Egibar edo EH Bilduko Maddalen Iriarte edo Nafarroako Gobernuko ordezkariak esaterako, baina, dudarik gabe, denetan txalotuena eta agurtuena Iruñeko alkate Joseba Asiron izan zen.

Manifestazioaren ibilbidea tarteka guztiz kolapsatzen zen, bildutako jendetza ez aurrera ez atzera geratzen zen. Orduan entzuten ziren ozenen bi lelo nagusiak –“Altsasukoak askatu!” eta “Utzi bakean, alde hemendik!”–, bazter guztiak hartzen zituzten, balkoietatik ikusten ari zirenen harridurarako. Izan ere, atzoko ibilbidea ez zen Iruñean izan diren milaka manifestazioetan sekula egin, eta askorentzat lehen aldian izan zen. Eta nolakoa!

Nabarmentzekoa izan zen jendearen aniztasuna. Baina, bereziki azpimarratzekoa zen gazte eta gaztetxo pila-pila baten presentzia. Euskal Herriko beste puntatik etorritako batzuek GARAri aitortu bezala, beraientzat lehen manifestazio nazionala izan zen atzokoa.

Denon nahia indartuta

Bistan da Altsasuko gazteen kontra egin duten bidegabekeriak herri honen nerbioa kolpatu duela. Kontzientziak piztu, elkartasun amarauna ehundu eta amorrua adierazteko gogoak esnatu dituela. Altsasukoei egin diete zitalkeria hori, bai, baina edozein izan zitekeela ulertu du jendeak, oso bereziki gazteek. Euskaldun eta errebelde direlako zigortu dituztela, eskarmenturako, krudel eta mendekatia izan dela Estatuaren jokabidea.

Begi bistakoa da ere, atzo bertaratu zirenetako askok urteak zeramatela manifestazioetan ibili gabe, Altsasuko gazteen kontrako gehiegikeriak piztu duela garra berriz ere. Baina beste pila bat manifestazioetan ibiliak dira eta dabiltza. Eta itsasoak hondarreratzen dituen olatu guztiak berdinak ez diren arren, itsaso berekoak direla Altsasukoen aldeko elkartasun olatuak, pentsiodunena, feministena, Gure Esku Dagorekin altxatu dena... Batzuek hila nahiko luketen arren, bizi-bizirik eta harro, zoragarri dagoela gure Kantauri itsasoa.

Karlos III.aren hiribidean amaitu zen manifestazioa, milaka eta milaka pertsona bertaratu ezinda geratu ziren, segur aski Nafarroan inoiz egon den manifestazio handienaren kolapsoetan kieto. Altasuko gazteen etxekoek, emozioak pil-pil, esker oneko hitzak izan zituzten. Sufritzen ari diren guztia gorabehera, sendo jardun ziren, olatua, itsasoaren branka, aprobetxatu beharraz, zigortu dituzten guztiak gogoan. Beraien indarrak are gehiago indartu zuen bertaratutakoen nahia: etxera ekartzeko, Iruñeko kaleak Altsasuko gazteentzat etorbidea egitea, kartzeletatik kanpo herri libre batean denak bizitzeko.