Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Andy Irons: Kissed by god Irabazlearen alde iluna

Estreinatu berria den filma oraindik ez da aurkeztu Europan, baina jada zeresana ematen ari da surfaren historian itzal handia izan zuen lehiakide esanguratsuenetako baten bizitzako alderik latzenak erakusten dituen dokumentala. Andy Ironsen kasuak surfaren alderik ilunena azaleratzen du.

Oso leku gutxitan estreinatu badute ere, jada zeresan handia ematen ari da “Andy Irons: Kissed by god” (Andy Irons: Jainkoak musukatua) filma. Hiru bider munduko txapeldun izan zen (2002, 2003 eta 2004) hawaiiarraren bizitza eta bere heriotzaren zergatia argitzen dituen filma hunkigarria dela diote surf aldizkari zein zinema kritikariek.

Droga gaindosi baten ondorioz hil zen Andy Irons 2010eko azaroaren 2an. Parte hartzen ari zen Puerto Ricoko txapelketa utzi eta etxera bidean ostatu hartu zuen Dallaseko aireportuko Gran Hiat hotelean aurkitu zuten hilda, bakar-bakarrik. Surf munduan itzal handia zuen surflariaren heriotzak sekulako lurrikara eragin zuen mundu osoko surfzaleen artean.

Une hartan, zorigaiztoko albisteak ezustean harrapatu zituen bere jarraitzaileak, baina argitaratu berri duten filmaren arabera, Ironsek zituen arazoak aski ezagunak ziren inguruan zituenen artean. Bestalde, behin baino gehiagotan agertu zen jendaurrean edanda edo drogatuta, baina inork gutxik espero zuen itxura parrandazale horren gibelean benetan arazo serioak zituen pertsonaia oinazetsu bat ezkutatzen zenik.

Gertukoen testigantzak

Film honetan Ironsen alde ezaguna eta ezezaguna agertzen dira. Hawaiiko Kauai uhartean izan zuen haurtzaroa, Hanalei ikastetxean izan zituen arazoak, surf hastapenak, lehiaketa munduan egin zuen karrera, garaipenak, bere anaia Brucerekin gaztetatik izan zuen lehiakortasuna, Kelly Slaterrekin izan zuen lehia epikoa, desoreka bipolarrek eragindako beheraldiei aurre egiteko izan zuen borroka etengabea, eta abar.

Gertukoenen testigantza ugari biltzen ditu filmak, inoiz erakutsi ez diren zenbait irudi ere bai. Horrez gain, psikiatra baten azterketa profesionalak Ironsen jarrera eta ekintzen zergatia aztertu eta azaltzen du. Bruce Irons eta Lynda, bere emaztea zena, dira narratzaile nagusiak, baina Kelly Slater, Mick Fanning, Cory Lopez edo Nathan Fletcher bezalako surflari ezagunek ere harekin bizi izandako pasadizo interesgarriak kontatzen dituzte.

Esaterako, 2006an Rip Curl Search–Arica lehiaketa irabazi zuen Txilen Ironsek. Lehiaketa drogatuta zegoela irabazi zuen, baina ez omen zen lehen aldia. Garaipena ospatzeko sekulako parranda egin zuen eta gau hartan izandako elkarrizketa bat kontatzen du bere anaiak filmean. «Bruce, heriotzari beldur diozu? Lasai, ez dago zertan kezkatu. Indon 8 minutuz hilda egon nintzen hartaz oroitzen zara? Beste aldetik nire hilotza ikusten nuen eta ez zitzaidan batere gustatu ikusi nuena, ez nuen itzuli nahi».

1999an 21 urte egin zituela ospatzeko Indonesiara bidaia antolatu zuen Ironsek lagunekin. Gau batean parranda betean zebilela morfina marra bat esnifatu zuen kokaina zelakoan eta 8 minutu hilik egon zen, ez zuen erantzuten, bihotza geratu zitzaion eta berpizte ariketak egin behar izan zizkioten, mirariz, bat-batean berriz ere arnasa hartzen hasi zen arte.

Filmean deskribatzen dituzten pasadizoetako batean ezkondu ostean bi egunez desagertu zela kontatzen dute. Hurrengo hilabeteetan ere bere emazteak birritan joan behar izan zuen bere bila eta, Lyndak kontatzen duenez, egun batean koltxoi batean trapu zahar bat bezala botata topatu zuen. Andyk behin eta berriz esaten zion «mesedez inori ez esateko» eta «ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzeko».

Lyndak kontatzen dituen pasadizoen artean bada bat surf lehiaketen historian izan den txanda esanguratsuenetako batean gertatutakoa beste ikuspegi batetik kontatzen duena. Gertaera honek Ironsen bizipen pertsonalak eta bere karrera profesionalaren arteko loturak uztartzen dituen neurrian, kanpora begira, surfzale guztien aurrean gertatu zen zerbaiten atzean, maila pertsonalean Ironsengan izan zuen eragina azaleratzen du.

Lyndaren esanetan, izugarrizko eragina izan zuen txanda hark Ironsengan eta guztiz lur jota utzi zuen. Ordura arte gorantz igo zuen maldak beheranzko joera noiz hartu zuen agertzen duen une bat izan zen. Ironsen karreran inflexio puntu bat suposatu zuen gertaera hark. Slater gailendu zitzaion une zehatza.

Inflexio puntua

Kelly Slaterrek inoiz izan zuen aurkari gogorrena Andy Irons zela esan ohi da. Ia jarraian munduko sei titulu irabazi ostean (1992, 1994, 1995, 1996, 1997, 1998), Slater txapelketekin aspertuta omen zegoen, baina Irons agertu zenean bere moduko arerio bat topatu zuen eta horrek berriz lehiatzen hasteko gogoa piztu zion.

Sasoi hartan bazirudien ez zela beste surflaririk Tour mundialean, bi lehiakideek bereganatzen baitzuten uneko protagonismo osoa. 2003. urtean “Blue Horizon” surf film arrakastatsua argitaratu zen, bi surflarien arteko lehia oraindik eta gehiago puztu zuena. Adituen arabera, Slaterren eta Ironsen arteko norgehiagoka surf txapelketen historian puntako bi lehiakideren artean izan den borroka itzelezkoena izan da.

Testuinguru horretan, bi surflarien arteko talka ezin hobeto azaleratu zuen finala izan zen Jeffreys Bayn (Hegoafrika) 2005. urtean gauzatu zena. Buruz buru bi aurkariek final batean topo egin zuten lehen aldia izan zen eta sekulako ikusmina sortu zuen ezohiko final hark.

Ordu erdi iraun zuen finalean Andy Irons nagusitu zen. Slaterrek 9’23 puntu behar zituen irabazteko eta segundo gutxi batzuk baino ez ziren falta txanda amaitzeko, beraz Ironsek, ikusleek bezala, txapela beretzat izango zela pentsatzen zuen. Bere puntuazioa hobetzen lagundu zion olatu bat ere hartu zuen gainera hawaiiarrak, eta horren ostean urertzera abiatu zen, beste olatu bat hartzeko denborarik ez baitzen geratzen.

Ordea, txandaren amaiera iragartzen zuen klaxoi-hotsarekin batera Slaterrek olatu bikain bat hartu zuen, handia eta luzea, behar zituen puntuak lortu ahal izateko aukera eskainiko zion modukoa. Slaterrek egin behar zuen gauza bakarra olatu hura ezin hobeto menderatzea zen, eta horixe bera izan zen egin zuena.

Finala amaituta, Slater oraindik uretan zegoen likra gorriarekin eta Irons, likra urdinarekin, jada lehorrean zen, baina epaileek oraindik ez zuten Slaterren azken olatuak jasotako puntu kopurua esaten. Giroan itzelezko tentsioa nabari zen. Argazkilarien kamerak zein zaleen begiradak Ironsen bisaiari so zeuden, eta isiltasuna zen nagusi. Halako batean, bozgorailuetatik Slaterren azken olatuaren puntuazioa iragarri zuten arte: 9’50 puntu. Slaterrek bi besoak jaso zituen eta Ironsek, berriz, burua jaitsi eta ukabilarekin besapean zeraman surf taula kolpatu ostean aldageletara abiatu zen korrika.

Slaterrek inoiz izan zuen aurkari zailena garaitu zuen txapelketa hartan eta urte hartako titulu mundiala ere berak irabazi zuen. Munduko zirkuitua irabaztea gehien kostatu zitzaion urtea izan zen hura, zazpi urte behar izan zituen munduko txapela berreskuratzeko, baina horren ostean beste lau bider irabazi zuen. Guztira hamaika titulu mundial eskuratu ditu Floridako surflariak.

Ironsek ostera, final hura galdu zuen, baina hori bakarrik ez, gertaera hark sakonki markatu zuen surflari hawaiiarra. Nahiz eta bere arerioa zoriondu, Slaterren azken olatuak ez zuela hainbesteko puntuaziorik merezi iritzi zion. Hortik aurrera Ironsen gainbehera hasi zen.

Ondorioz, hiru urtez jarraian munduko txapelduna izan ostean, urte hartan ez zuen lortu ranking mundiala lehen postuan amaitzea. Lyndak dokumentalean aipatzen zuen galera honek Ironsengan eragin suntsitzailea izan zuela, eta emaitzei erreparatuz gero ohartuko gara horren ostean txapelketa bakan batzuk irabazi zituela, baina ez zuela gehiago munduko titulurik eskuratu.

Honi buruzko guztia: Surf