A.K.
LEKUA

Et Incarnatus Orkestra eta euskal pop-rockeko izarrak bat, Donostian

Azken urteetako ohiturari jarraituko dio Et Incarnatus Orkestrak, udako solstizioaren bueltan Tolosako Urbizu auzoko basoan eskaintzen duen kontzertuarekin. Ostiralean izango da, hilaren 22ko iluntzean. Baina orkestrak baditu proiektu gehiago, eta atzo horretaz harago doan egitasmo bat aurkeztu zuen prentsaren aurrean. Ekainaren 24an, San Joan egunez, Victoria Eugenia antzokian arituko da, euskal musikako izen esanguratsu zenbait gonbidatu nagusi izanda. Orkestra eta pop-rocka bat etorriko dira bi ordu inguru iraungo duen zuzenekoan. Sei gonbidatu eta beste sorpresaren bat ere izango dela iragarri zuen Migel Zeberio zuzendariak. Hogeita bost musikari oholtza gainean.

«Hogeita bost urte daramatzagu orkestrarekin bueltaka, hamaika proiektu eta hamaika ilusiorekin. Zaila da gauzak egitea, eta orkestra honetako dinamika ezohikoa da, gainera. Ez daukagu azpiegitura normalik, baina bai lanerako grina», esan zuen.

Hitzordu berezia izango da Et Incarnatusentzat Victoria Eugeniarako prestatzen ari dena. Aurretik antzeko emanaldi bi eskaini dituzte Urdiñarben eta Hondarribian, baina ekainaren 24an Donostian aurkeztuko dena orain arte ikusi gabea izango da. Gonbidatu nagusiak, hauexek: Nahia Zubeldia, Naia Robles, Gorka Sarriegi, Petti, Alex Sardui eta Niko Etxart. Hogeita bi kantu inguru batuko dituen emanaldia izango da, bi ordukoa, «baina ziztu batean pasatzen dena». Musikari bakoitzak bere errepertorioa eramango du, gustukoen dituen kantu propioak eta ez propioak interpretatuz. Pettik eman zituen azalpen batzuk: «Mikel Laboaren bi kantu eta Ken Zazpiren beste bat hautatu ditut, eta nire azken diskoko beste bi abesti ere kantatuko ditut. Eskerrak horiek Angel Unzuk konpondu dituen!», bota zuen broman. Izan ere, kontzerturako egin diren konponketa eta konposaketa lanek izan duten garrantzia azpimarratu zuen. Errepertorioan, kantu gehiago: “Zortzi orduko ekaitza”, “Arratsalde honetan”, “Euritan dantzan”, “Bang-bang txiki-txiki bang-bang”, “Euskal Rock and Roll”... Emanaldia arratsaldeko zazpietan abiatuko da eta sarrerak salgai dira dagoeneko Donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugeniako leihatilan.